Hizkuntzen aberastasuna jasoz

Idoia Etxeberria Badihardugu Euskara elkarteko kideak Zumaian hitz egiten diren hizkuntzen inguruko azterketaren berri emango du gaurko hitzaldian. 18:30ean da, Alondegian.
Zumaian elkarrizketatutako batzuk. (Badihardugu Euskara Elkartea)

Zumaian elkarrizketatutako batzuk. (Badihardugu Euskara Elkartea)

Orain dela bost urtetik Zumaiako Udaleko Euskara Sailak antolatzen duen Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloaren azkenaurreko hitzaldia izango da gaur, 18:30ean, Alondegian. Badihardugu Euskara elkarteko kidea den Idoia Etxeberria izango da gonbidatua. 101l.ahotsak.eus proiektua zer den kontatzeaz gain, gaur egun Zumaian hitz egiten diren hizkuntzen inguruko azterketaren berri emango du.

Hizkuntzen berri jasotzeko ideia 2015eko maiatzean Olatu Talka egitasmoaren barruan hasi zuten. Donostian hasi ziren hango bizilagunei elkarrizketak egiten, eta hizkuntza asko jaso zituztela konturatu ziren. “Proiektuarekin jarraitzea posible zela ikusi genuen, eta, gainera, Donostia 2016tik diru laguntza bat jaso genuen, hain zuzen ere, herri epaimahaiak ematen zuena”.

Iaz batik bat Donostian ibili ziren hango bizilagunak elkarrizketatzen. Horretan ari zirela, baina, Zumaiako Udalaren deia jaso zuten, eta, Donostian egiten ari ziren bezala, Zumaiako hizkuntza aniztasuna ikertzen hasi ziren.

Iaz egindako azterketa

Iazko urriaren amaiera eta azaroaren hasiera bitartean egin zituzten elkarrizketak Zumaian. Denera 27 elkarrizketa egin zituzten. Horietatik 14 emakumezkoak izan ziren, eta 13 gizonezkoak. “Elkarrizketak bi zati ditu. Lehenengoan, elkarrizketatuari bere esperientziaz galdetzen zaio: nolatan etorri den Euskal Herrira, integrazioari buruz, hizkuntzak ikasteko prozesuari buruz, zer botatzen duen faltan jatorrizko herrialdetik, zer gustatzen zaion hemendik, zer iritzi duten euskaldunei buruz eta Euskal Herriari buruz… Horretaz gain, bere jatorrizko hizkuntzaren inguruan datuak jasotzen ditugu. Adibidez, non hitz egiten den, zenbat hiztun dituen gaur egun…”, kontatu du Etxeberriak.

Elkarrizketaren bigarren zatian, hiztegia lantzen dute. Ariketa horri esker, jatorrizko hizkuntzaren hiztegia jasotzea da Badihardugu elkartekoen helburua. “Guk oinarrizko hogei hitz esaten dizkiegu, eta beraiek itzuli egiten dituzte beraien hizkuntzara. Horri esker, euskarazko hitzak hainbat hizkuntzatan gordetzea lortzen dugu”, azaldu du Etxeberriak. “Horrez gain, beraien hizkuntzan gustuko duten hitz bat edo esaldi bat esateko eta zer esanahi duen eskatzen diegu. Bukatzeko, eta animatzen badira, beraien hizkuntzan, kantu bat abesteko esaten diegu. Ez badute nahi hori, poema edo esaera zaharren bat eskatzen zaie”, gaineratu du Badiharduguko kideak.
Elkarrizketa guztiak bi hizkuntzetan egiten dituzte: euskaraz eta elkarrizketatuaren jatorrizko hizkuntzan, edo gaztelaniaz eta elkarrizketatuaren jatorrizko hizkuntzan.

Zumaian egindako 27 elkarrizketetik, zazpi bat egin dituzte euskaraz. “Kasu batzuetan nahiz eta euskaraz dezente ulertu, bazeuden elkarrizketa gazteleraz egitea nahiago zutenak. Baina aipatu behar dut euskararekiko jarrera oso ona dutela orokorrean. Elkarrizketatu batzuk oso gutxi dakite, baina jarrera ona dute”.

33 bat hizkuntza

Zumaian guztira 33 bat hizkuntza hitz egiten direla ondorioztatu dute Badihardugu elkartekoek. Egin dituzten elkarrizketa horietatik 27 hizkuntza atera dira, eta euskara eta gaztelania gehituta 29 dira. “Beste bi hizkuntza ere identifikatu genituen, baina ez zen posible izan pertsona horiek elkarrizketatzea. Hizkuntza bat poloniera zen eta bestea Manbara”, aipatu du Etxeberriak. Horiez gain, asturiera eta galiziera ere hitz egiten dira Zumaian Badihardugukoen esanetan: “Beraz, gutxienez 33 hizkuntza hitz egiten dira, baina, beno, egongo dira agian gehiago, baina guk ez ditugunak lokalizatu”.

Zumaian hitz egiten diren hizkuntzetatik gehienak europarrak dira, baina afrikarrak ere nabarmendu ditu Etxeberriak: “Afrikarrak ere dezente daude, bederatzi uste dut. Senegaldarren artean bakarrik bost hizkuntza desberdin atera dira, adibidez”.

Gaur arratsaldeko Alondegiko hitzaldian elkarrizketa horiek laburtzen dituen 35 minutu inguruko ikus-entzunezkoa ere aurkeztuko du Etxeberriak, baina Zumaian egindako elkarrizketa guztiak 101l proiektuaren webgunean (101l.ahotsak.eus) ikusteko aukera dago, lizentzia librearekin.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend