Getariako Udalak Matxitxakoko borroka gogoan izango du

Iganderako Matxitxakoko borrokaren 80 urteurreneko ekitaldia antolatu dute Matxitxako elkarteak, Bermeoko Udalak eta Gogora institutuak, eta Getariako Udalak ekitaldian parte hartuko du. «1936ko gerrako gertaera haren urteurrenak garrantzi berezia du Euskal Herriaren eta Getariaren historian. Gure herriarentzat gertakari tristea izan zen, eta memoria kolektiboan lekua izan behar du», adierazi du Getariako Udalak.

Getariako Udala ahalegin berezia egiten ari da memoria historikoa berreskuratzeko, eta hainbat lan ildo ditu zabalik. «Horregatik beharrezkoa ikusten dugu getariarrok oroimen ekitaldian parte hartzea».

Getariako Udaletik getariarrak ekitaldian parte hartzera animatu dituzte. Ekitaldia Bermeon izango da Matxitxakoko guda izeneko eskulturaren aurrean, igandean, 12:00etan.

Ekitaldi horretan parte hartu nahi duten herritarrek Getariako Turismo Bulegoan eman dezakete izena aurretik. Igandean, 10:00etan, Getariako autobus geltokitik aterako da Bermeora joateko autobusa, eta ekitaldia bukatutakoan itzuliko dira herrira.

Bestalde, Matxitxakoko borrokaren 80. urteurreneko ekitaldiari lotuta,Getariako Udalak udaletxeko kontzejupean erakusketa zabalduko du, astelehenera bitartean.

52 getariar
1937ko martxoaren 5ean, Galdamen zamaotziak errefuxiatuak zeramatzan Baionatik Bilbora, Euzko Gudontziak eskoltatuta, itsas armada frankistaren Canarias ontziarekin topo egin zutenean. «Borrokaldi gogorra izan zen. Eusko Gudontzidia euskal ontzioletan moldatutako zamaontziek eta bakailoa arrantzatzeko ontziek osatzen zuten, eta horiek ezin izan zuten ezer egin aurkari indartsuaren aurka», azaldu dute Getariako Udaletik.

Euzko Gudontzidian 52 getariar aritu ziren 1936-1939 urteen artean, eta horietatik bederatzi hil egin ziren, bost zauritu eta beste hainbatek kartzela zigorrak jaso zituzten. Matxitxakoko borrokan parte hartu zuen Bou Navarra ontzian sei getariar zeuden. «Hiru borrokan hil ziren, beste hirurak preso hartu zituzten eta heriotz zigorrera kondenatuak izan ziren».
Nerea Uranga Bastarrika

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend