Josune Zabala: “Galtzen ari dira hitz egiteko momentuak”

Josune Zabala Errezilgo bizilaguna Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria da urtarriletik. Euskarak hiztunak izango baditu, hitz egiteko momentuak eraiki behar direla uste du.
Josune Zabala Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria. (Ihintza Elustondo)

Josune Zabala Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria. (Ihintza Elustondo)

Josune Zabala (Donostia, 1978) Errezilen bizi da duela hamalau urtetik, aitaren baserrian. Euskal Filologian lizentziaduna da, eta betidanik egon da euskararen munduari estuki lotuta: euskara irakasten hasi zuen ibilbidea, EHUn zein Mondragon Unibertsitatean ikertzaile lanetan aritu da, Mintzola Fundazioaren zuzendari izandakoa da, azken lau urteotan Soziolinguistika Klusterrean aritu da lanean… Urtarrilean, ordea, beste pauso bat eman zuen: Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendari izendatu zuen. Legegintzaldi bat egingo du postu horretan, eta, oraindik, hilabete eskas darama.

Nola hartu zenuen berria?

Sorpresaz. Inondik inora espero edo desio ez nuen kontu bat zen. Bide oso eroso eta gustuko batean nengoen, Soziolinguistika Klusterrean. Gainera, ama naiz eta lau orduko lanaldia nuen. Orduan, estualdiz jaso nuen albistea, eta asko kostatu zitzaidan erabakia hartzea. Azkenean, baiezkoa eman diot, honako hau pentsatuz: “Deitu badidate, bizi izan dudan horretatik ekarpenak egin ditzakedala iruditzen zaielako izango da”.

Zure karguari zer ardura dagozkio?

Hizkuntza Politika Sailburuordetzan lau zuzendaritza daude, eta nire esparruari dagokio euskararen biziberritze prozesuan dauden gertakarien berri emango duten ikerketak bultzatzea, eta, ahal den neurrian, koordinazioa sustatzea beste zuzendaritzen eta proiektuen artean. Hain zuzen, euskararen biziberritze prozesuan, sustapena ez dena egitea dagokit. Sustatzeko jakin egin behar dugu zein den gure egoera, eta ikerketak egin behar ditugu ikusteko momentu jakin batzuetan zer aldagai dauden. Gero, horren arabera, sustatuko dugu. Oinarrizkoena dena baina horrenbesteko inportantzia ematen ez dioguna egitea edo bultzatzea dagokit.

Erronkarik jarri diozu zure buruari?

Maila pertsonalean, emakume eta ama naizen neurrian, lana, etxeko ardurak eta familia uztartzen asmatzea da erronkarik handiena. Eta eredu izatea ere bai saiakera horretan. Beste erronka handi bat da entzutea: zer behar, proposamen, aukera… dauden. Eta, ahal den neurrian, entzuten dugun horren arabera, joskura lana egitea.

Ikerketen arabera, euskara gero eta jende gehiagok daki, baina erabilera ez da hainbeste areagotzen…

Hori iraganeko amets edo uste bat da. Uste batean oinarritutako amets bat: zenbat eta jende gehiagok ikasten duen, orduan eta euskaldunagoa izango da gure herria. Amets horri begira eskolak euskaldundu dira, D eredua eta helduen euskalduntzea bultzatu dira… Pentsatu dugu ikastea eta erabiltzea gauza bera direla, eta gaur egun badakigu euskaraz jakitea eta euskara erabiltzea ez doazela beti elkarrekin. Beste faktore batzuek baldintzatzen dute erabilera: gaitasun mailak, testuinguruak…

Zer egin daiteke horren aurrean?

Lehenengo, onartu ikastea eta erabiltzea ez direla gauza bera. Eta, bigarrenik, aztertu zer ikasten den. Guk euskararen biziberritzean hiztunak nahi baditugu, hitz egiten irakasteak izan beharko luke helburua. Gauza bat da euskara irakastea, eta beste gauza bat euskaraz egiten irakastea. Eta uste dut kontuan hartu behar dela oso ezberdina dela eskolan ikastea, lagunarterako ikastea ala gauza zientifikoak egiteko edo lanerako ikastea. Testuinguru bakoitzak bere hitz egiteko moduak dauzka, eta gaitasun mota ezberdinak eskatzen ditu. Beraz, guk hiztunak nahi baditugu, testuinguru horiek kontuan hartzen dituen ikaste prozesu bat eraiki beharko genuke. Eta, oraindik orain, zailtasunak ditugu hori kontuan izanda irakasteko. Ikaragarrizko lana daukagu horri lotutako ikerketan, probak egiten, aztertzen…

Zer esaten du hizkuntzak komunitate horretako jendeari buruz?

Hizkuntza batek jakinarazten digu zein den gure historia. Hizkuntza batek ditu tradizioz jaso ditugun esaera zaharrak, hitz moldeak, inkontzienteki esaten ditugun jokoak… Horiek iragan batetik, pentsamendu batetik eta egiteko modu batzuetatik datoz. Guk esaten badugu: «Azkar eta ondo usoak hegan». Zer esan nahi du? Komunitate honetan ulertzen dela gauzak patxadaz egitea dagoela ondo. Eta, horretaz aparte, usoak garrantzi bat duela. Hiztun batek euskaraz egiten duen momentu horretan gertatzen dena da niretzat garrantzitsua. Doinu bat, erritmo bat, gorputz mugimendu bat, emozio batzuk… sortzen dira. Ekintza horrek ekartzen du iragana orainera, eta orain horretatik etorkizuna eraikitzen da. Hegoamerikarrek gaztelaniaz nola hitz egiten duten, zer doinutan… Horrek mundu bat adierazten du, eta ez dator bat gurearekin.

Komunikazioa aldatzen ari da: eskuko telefonoak, Whatsappa… Zer aldaketa ekarri du horrek hizkuntzaren ikuspegitik?

Egun, komunikatzeko modu berriak ari dira eraikitzen, eta horrek zer ekarri du? Galtzen ari dira hitz egiteko momentuak. Arto zuritze momentua, bazkal ondorengo elkarrizketa saioak… Belaunaldien arteko transmisioa txikiagoa da, hizkuntza lehendik erabiltzen dutenetatik hurrengo belaunaldietarako etena gertatzen ari da. Ez bakarrik hizkuntzaren erabilerari lotutakoa; gauzak ikusteko, ulertzeko moduari lotutakoa ere bai.

Zuk esana da: “Gero eta gutxiago hitz egiten dugu”.

Hiztunak nahi baditugu, hitz egiteko momentuak eraiki behar ditugu. Eta hitz egiteko momenturik ez badugu, ez ditugu hiztunak eraikiko. Lortuko ditugu euskaraz asko ulertzen dutenak, baina hitz egiten dutenak edo bertsotan egiten dutenak, gutxi. Ikusten dut egiten dugula egin, egin eta egin, eta ez dugu denborarik hartzen gaur zer egin dugun elkarri kontatzeko.

Euskararen biziberritze prozesua gauzatuko bada, hitz egiteko momentuak sortzea ezinbestekoa da?

Uste dut klabeetako bat dela. Eskolan zenbat denbora ematen zaio ikasleari hitz egiteko? Hitz egiten duenean zenbat laguntzen zaio ez dakienari? Lan munduan eta aisialdian ere berdin. Garrantzia handia ematen diogu ulermenari: “Behintzat ulertzen badu…”. Testuinguru batzuetan bai, baina, beste batzuetan, ezin dugu horrekin konformatu. Hiztunak behar ditu euskarak. Ulertzen dutenak ere bai, baina, bereziki, hitz egiten dutenak. Eta edozein esparrutan, testuinguru zailenetan ere, erabakia hartzen dutenak: “Nik euskaraz egingo dut”. Eta modu osasuntsuan; ez borroka batean, bizikidetza bultzatuz baizik.

Euskaldunok badugu askotan etengabe borrokan gabiltzan sentipen hori…

Bai, eta horrek ez digu laguntzen lehen hitza euskaraz egiten. Uste dut euskaraz bizi nahi duen horri laguntzea ere badagokigula. Askotan, ez dauzkagu tresnak, ez dakigu testuinguru horietan zer egitea komeni den, nire ezina edo urduritasuna nola kudea dezakedan. Azkenean, ahalduntze bat da: nola ahaldundu lasai ederrean bizi gaitezen euskaraz, nahiz eta gure testuinguruak zaildu? Begiratu behar diegu hiztun berriei, baina baita benetan euskaraz bizi diren horiei ere. Guri herrian gertatzen zaigu: besterik gabe, kanpotik familia bat etortze hutsak erabat baldintzatzen du arnasgune guztia. Hor zer gertatzen da? Horren aurrean zerbait egin beharra dago. Ziurrenik, ez da etorri direnak zerbait gaizki egiten ari direlako, ziurrenik da bertakook ez dauzkagulako tresnak, ez garelako gogoeta horretara iritsi, ez gaudelako ahaldunduta… Lehenik, zerbait gertatzen ari dela jabetu behar dugu.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend