Errezilgo eskolako ikasleek irratsaioa grabatu dute Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek irratsaio berezia egin dute. Interneten entzun daiteke dagoeneko, eta bihar, Borondegi jatetxean egingo duten '80 egunean' filmaren emanaldiaren ostean ere izango da irratsaioa entzuteko parada.
Errezilgo ikasleak irrati tailerrean. (Nekane Zinkunegi)

Errezilgo ikasleak irrati tailerrean. (Nekane Zinkunegi)

Emakumeen Nazioarteko Eguna izango da bihar, martxoak 8, eta egun horren harira, Errezilgo San Martin herri eskolako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek irratsaio berezia egin dute. Harremanak elkarteak eta Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak adostutako planaren barruan egin dute irrati tailerra, eta Izaro Zinkunegi Errezilgo Auzo Etxearen dinamizatzaileak eta Nekane Zinkunegi Errezilgo Udaleko Berdintasun zinegotziak gidatu dute. Orotara, ikasleek lau saio egin dituzte gelan.

Saio horietako lehenengoan gizonen eta emakumeen presentzia mediatiko desorekatuaz hausnartu zuten ikasleek, eta irratsaio baten ezaugarriak ezagutzeko parada ere izan zuten. Bigarren saioan, martxoaren 8aren bueltako irratsaioaren gidoia eta edukiak adostu zituzten, hirugarrengoan eta laugarrengoan egindako grabazioak editatu eta irratsaioa muntatu zuten. Ikasleek izan dute irratsaioa egiteko ardura, eta hainbat herritarri saioan hitz egiteko aukera ere eskaini diete. Besteak beste, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeaz duten iritzia galdetu diete herritarrei, eta martxoaren 3an Bidania-Goiatzen egin zen mahai-inguruan parte hartu zuten emakume kirolarien adierazpenak ere bildu dituzte. Hori guztiaz gain, Ainara Lazkano artisaua, Jone Irulegi dendaria eta Naroa Aiertza kirolaria elkarrizketatu dituzte. Eta Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako ikasleek sortutako ipuinak ere sartu dituzte irratsaioan.

Egitasmoaren sustatzaileen arabera, irratsaioaren helburuak dira berdintasuna lantzea, taldean lan egitearen onurak barneratzea eta herritarrekin zuzeneko harremana izatea. Irratsaioa dagoeneko entzun daiteke Interneten, eta bihar eskolan bertan ere entzungo dute. Gainera, bihar, 19:00etan, Borondegi jatetxean egingo duten 80 egunean filmaren emanaldiaren ostean, Errezilgo eskolako ikasleen irratsaioa entzuteko aukera izango da.

Hona hemen, irratsaioaren audioa.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend