Espazio bat norberarena

Zarauzko Sare Feministak Emakumeen Etxea izango du ardatz larunbaterako antolatu duen egitasmoan, eta modu sinbolikoan irudikatuko du Lege Zaharren enparantzan.
Ezkerretik hasita, Mari Kruz Etxeberria, Ainhize Muniozguren eta Oihane Egiguren (Aritz Mutiozabal)

Ezkerretik hasita, Mari Kruz Etxeberria, Ainhize Muniozguren eta Oihane Egiguren (Aritz Mutiozabal)

“Diskriminazioa dagoen bitartean, beharrezkoa ikusten dugu emakumeok etxe propioa bat edukitzea”. Virginia Woolfen Gela bat norberarena liburuak aldarri duen emakumeentzako espazioa ardatz hartuta adierazi du hori Duintasuna Gipuzkoako jubilatu eta pentsiodunen plataformako kide Mari Kruz Etxeberriak. Zarauzko?Sare Feministako kideetako bat ere bada, Emakume Kontseiluko kide ohi Oihane Egigurenekin eta Bilgune Feministako kide Ainhize Muniozgurenekin batera.?Belaunaldi ezberdinetako ordezkariak dira, baina bat datoz eta argi dute Emakumeen Etxea “ezinbestekoa” dela Zarauzko herriarentzat.

Zarauzko?Sare Feministak larunbatean egingo du Martxoaren 8ko ekitaldi nagusia, eta aurten Emakumeen Etxea izango dute ardatz, proiektua ezagutzera emateko eta sozializatzeko asmoz. Emakumeen Etxea irudikatuko eta inauguratuko dute modu sinbolikoan, Lege Zaharren en­parantzan. Ekitaldiari, gainera, Eraikitze lanetan leloa jarri diote. Izan ere, “proiektua eginda dago, baina toki fisiko baten beharra dago”, nabarmendu du Muniozgurenek. Larunbatekoa aldarri gisa ere badatorrela dio Oihane Egigurenek: “Beharra azaldu eta proiektua hor dagoela ikusarazi nahi dugu, agian jende askok ez baitu planteatu ere egin”.

Villa Munda baztertuta

Aurreko agintaldian (EH Bildu gobernuan zela) gaiari bultzada handia eman zitzaiola gogora ekarri du Egigurenek: “Udalak berak ere lanketa bat egin zuen, eta Villa Mundan kokatu zen, nahiz eta kontseiluko kideon ustez ez izan oso toki aproposa, baina udalak ez zeukan beste lekurik”. Agintaldi aldaketarekin, proiektua ez aurrera ez atzera geratu zela diote sare feministako kideek. Muniozgurenen ustez, Udak Gobernu berria (EAJ eta PSE-EE) lanean hasi zenean ez zekien gauza gehiegi proiektuaren inguruan. “Hasieran bazegoen errezelu pixka bat, baina proiektua azaldu zitzaien eta proiektua interesgarritzat jo zuten, baina ez zuten Villa Mundan ikusten”.

Proiektu “landua” eta “osatua” izan zela azpimarratu dute. Denbora hartu zuten garatzeko; besteak beste, foro bat antolatu zuten duela bi urte, herritar ugarik parte hartu zuena, eta beste herri batzuetako emakume etxeekin harremanetan ere jarri ziren, haien ereduak aztertzeko. Gaur gaurkoz, ordea, jakin badakite Emakumeen Etxea ez dela Villa Mundan izango, udalak kultur zerbitzua bertara eramateko asmoa duelako. Entzun dituzten zurrumurruek diote Zuberoa kaleko lokaletan kokatu nahi dutela.

“Guk etxe bat planteatzen dugunean, leku anitz bat bezala planteatzen dugu. Espazio aldetik ongi egongo dena, baita kokapenari dagokionez ere. Lokal txiki bat ez, behintzat”, adierazi du Etxeberriak. “Horrelako espazio txiki batean egin ahalko dira gauzatxo batzuk, baina ez du funtzionatuko Emakumeen Etxea bezala”. Gauza bera berresten du Egigurenek ere: “Guk irudikatzen genuena ez da hor kabitzen”.

Etxeberriak iritzi dio “oso lan inportantea” egin zela bere garaian, eta “hori ezin da ahaztuta utzi”. Horren harira, “pentsatzen dut hor badagoela oinarri bat, gero hori egokitu egin beharko dena”. Edonola ere, garrantzitsutzat jotzen dute udalak gaia berriro kontuan hartzeko borondatea izatea.

Martxoaren 8rako zer antolatu zezaketen erabakitzeko biltzen hasi zirenean, Emakume Etxearen gaia atera zen. “Buelta batzuk ematen hasi ginen, eta halako simulazio bat egitea ideia polita izan zitekeela iruditu zitzai­gun. Sare Feministatik proposamena luzatu genion udalari, eta hasieratik ontzat ikusi zuen”, azaldu du Muniozgurenek. “Ondoren, proiektuaren edukietan eta kokalekuan sartzen garenean, noizbait sartzen bagara, hor jada ikusiko dugu… Guk proiektuaren defentsa egingo dugu, leku zentral eta duin bat izan dezan”.

Lehentasuna emateko

Argi dute emakumezkoen beharrak ez direla “lehentasunezko gai bezala landu gizartearen espazio bakar batean ere”, ez bada emakumezkoek sortutakoetan. Horregatik, “gure gai horiei lehentasuna emateko eta emakume talde ezberdinak bildu, eta ideiak, ezagutzak nahiz esperientziak partekatzeko” behar da Emakumeen Etxea.

Emakumeen Etxe guztiek hainbat helburu dituzte komunean: herriko emakumeak saretzea, modu indibidualean edo kolektiboan; babesgabetasun egoeran dauden emakumeei babeserako gune iraunkor bat ematea; eta ahalduntzea. “Horiek dira gako nagusiak, eta gero hortik eredu ezberdinak daude. Guk Zarauzko egoera sozialari ondoen erantzuten dion proiektua planteatu genuen”, zehaztu du Muniozgurenek.

Proiektuan bertan gune batzuk bereizi zituzten oso modu orokorrean. Hala nola, erasoak, tratu txarrak, jazarpen sexualak eta abar jasan dituzten biktimei arreta zerbitzua ematea aurreikusten zuten; emakume taldeen topagunea izatea; Emakume Kontseiluaren egoitza izatea; Emakumeentzako Jabetza Eskolaren gunea; hitzaldiak, ikastaroak, erakusketak eta bestelako ekitaldiak antolatzeko erabilera anitzeko gune bat edukitzea; emakumeen historia eta kulturgintza lantzeko liburutegi bat; eta, haurtzaindegia izatea.

Sareatzeari dagokionez, orain momentu jakin batzuetan elkartzen direla dio Muniozgurenek, Azaroak 25 eta Martxoak 8 antolatzeko. Eta “saiatzen gara beste ekimen batzuk egiten beste jende batzuekin, baina egia da hori guztia modu iraunkorrean mantentzea oso zaila dela espaziorik gabe”. Emakumeentzako Jabetza Eskolari ere «beste indar bat» emango liokeela iruditzen zaio Egigureni: “Gaur egun aleka egiten dira eta toki ezberdinetan, nahiko sakabanatuta». Bestalde, Kontseilutik garrantzia handia eman zioten udaleko Parekidetasun Saila Emakumeen Etxean egoteari. «Gizarte Zerbitzuetako eraikinean dago, eta jende asko nahastu egiten da”.

Bilgune Feministatik Emakumeen Etxearen aldarria egiten dute, baina emakumeari “asterisko bat” jarri nahi diotela zehaztu du Muniozgurenek. “Izan ere, gaur egun ikusten dugu gero eta gehiago garela identitate anitzen barruan kokatzen garenak, eta ez emakume identitate barruan kokatzen garenak. Guretzat garrantzitsua da emakume hitza mantentzea gaur gaurkoz, baina modu ahalik eta zabalenean ulertuta, hau da, identitate zapalduen zentzuan ulertuta”.

Emakumeentzako espazio propio bat izanagatik ere, “gizonezkoen konplizitatea eta babesa inportantea dela iruditzen zaigu”, Etxeberriak aditzera eman duenez. Larunbateko egitasmoarekin, gainera, herritarrek ere eurekin bat egitea espero dute. Egigurenek gogora ekarri du duela bi urte egindako foroa arrakastatsua izan zela, eta jendearen babesa jaso zutela. Alde horretatik, itxaropentsu daude.

“Bere garaian, Emakume Kontseiluan jaso genuen garrantzitsua izango litzatekeela Emakumeen Etxea izatea herriak aldarrikatzen edo eskatzen duen zerbait. Iruditzen zait larunbateko ekintza positiboa izango dela horretarako”, nabarmendu du Egigurek. Horren harira, koaderno bat jartzeko asmoa dute egunean bertan, jendeak bere iritzia eman eta ekarpenak egin ditzan. “Jendea idaztera animatuko balitz, erradiografia sinple bat jasoko genuke”, dio Etxeberriak.

Emakumeen Etxearen irudikapena “sinbolikoki ekintza potentea” izan daitekeela uste du Muniozgurenek, batez ere proiektua bera sozializatzeko. Hala eta guztiz ere, “ezin dugu ekintza puntual honetan geratu. Joan behar dugu proiektua lantzen, partekatzen, mamitzen… Eraikitze lanetan horrekin jauzi kualitatibo bat eman nahi diogu: orain arte mahai inguruan ibili gara, eta orain mahai ingurutik herrigintza eremura goaz. Behin pauso hori emanda, jarraipena eman behar diogu”.

Instituzioen babesa

Emakumeen Etxea agintaldi honetan sortzea edo behintzat urratsak ematea amesten duela esan du Etxeberriak. Horretarako, ordea, “derrigorrez” instituzioen babesa behar duela dio. Egigurenen esanetan: “Kontseiluak asko landu zuen gaia bere garaian, udalak mahai gainean jarri zuelako eta horretarako aukera eman zigulako. Momentu honetan, Kontseiluak ezin du ezer egin, udalak ez baldin badu deitzen. Guk ezin dugu Emakumeen Etxea sortu gugandik. Udalak egin behar du, eta udalak larunbatean ikusten duen erantzunaren arabera, akaso helduko dio”.

Udalak martxoaren 11ko ekintzari babesa adierazi diola esan du Muniozgurenek, eta “hori bada aurrerapauso bat ez aurrera ez atzerako egoera horretatik ateratzeko”. Baina ez dakite ekintzak nolako eragina izan dezakeen. Gaur, martxoaren 8a izanda, arratsaldean, kalera aterako dira eta larunbateko ekintzarako deialdia egingo dute, herritarrak bertaratu eta emakumeentzako espazio propio baten aldarriarekin bat egin dezaten.

EGITARAUA

  • Aizarnazabal

Gaur, martxoak 8. Elkarretaratzea udaletxe aurrean, 19:30ean.

Martxoak 11, larunbata. Babarrun jana, Mikel Elkartean. Izena Inda Mendi, Uztarri eta Troxka tabernetan nahiz Lauburu liburutegian eman daiteke, bihar bitartean.

  • Azkoitia

Gaur, martxoak 8.

– 11:00. Adierazpen instituzionalaren aurkezpena.

– 19:00. Elkarretaratzea plazan, Sostenipe taldeak antolatuta.

AZPEITIA

Gaur, martxoak 8.

– 19:00etan, elkarretaratzea plazan.

– Ondoren, El Tornillo maratoia eta mokadutxoa Emakumeen Txokoan.

Etzi, martxoak 10. Arratsaldean, zineforuma Gaztelekuan.

Gaurtik martxoaren 10era. Beldur Barik programaren barruan ikasleek egindako lanak ikusgai, ikastetxeetan.

Martxoaren 11n eta 12an. Beldur Barik programaren barruan ikasleek egindako lanak, Sanagustin kulturgunean.

Martxoak 14, asteartea. 19:00etan, Historiarako emakumeak hitzaldia, Emakumeen Txokoan.

ERREZIL

Gaur, martxoak 8. 19:00etan, 80 egunean filma, Borondegi jatetxean. Ondoren, Errezilgo eskolako ikasleen Berdintasuna hizpide irratsaioa eta mokadutxoa.

GETARIA

Gaur, martxoak 8.

– 12:00. Hezkidetza bultzatzeko ekitaldia, plazan. Iturzaetako haurrekin, udalak lagunduta.

– 18:30. Kalejira feminista. Ondoren, mikrofono irekia: dantzak, bertsoak, irakurketa…

– Bukatzeko, merienda.

ORIO

Gaur, martxoak 8.

– 11:00. Jende katea, kultur etxetik, ikastetxeetakoek, Xaltxerak eta Herrikotxiakekin.

– 19:00. Kontzentrazioa plazan, Xaltxerak taldeak antolatuta.

– 20:00. Emakumeen afaria, Balea elkartean.

ZARAUTZ

Martxoaren 12ra arte. Martxoaren 8ko kartel lehiaketaren erakusketa, Merkatu Plazan.

Gaur, martxoak 8.

– 11:00. Elkarretaratzea, Lege Zaharren enparantzan.

– 11:00. Adierazpen instituzionalaren irakurketa, udaletxean.

– 11:30. Ikastetxeetako ikasleen jende katea eta elkarretaratzea, Lege Zaharren enparantzan.

– 11:45. Ikastetxeetako ordezkariek manifestua irakurriko dute udaletxeko balkoitik. Bukatzeko, bertso saio txiki bat.

– 17:30. Filomena musugorri, errege ipuin kontaketa, Sanz Enean.

– 19:00. Emakumeak kaleak girotzen, udaletxetik hasita.

Bihar, martxoak 9. 21:00etan, Techo y comida filma, Modelon.

Etzi, martxoak 10. 22:00etan, Koadernoa zuri antzezlana, Modelon.

Martxoak 11, larunbata. Emakume etxea eraikitze lanetan, Lege Zaharren enparantzan:

– 11:00. Gunearen irekiera.

– 11:00. Autodefentsa tailerra.

– 11:45. Dantza tailerra.

– 12:30. Batukada.

– Segidan, inaugurazioa.

Martxoak 23, osteguna. Emakume etxeei buruzko irratsaioa, 21:00etan, Atalka saioan.

ZESTOA

Gaur, martxoak 8. 19:00etan, ekitaldia plazan. Ondoren, emakume afaria Mollergi tabernan.

Bihar, martxoak 9. 18:30ean, Alu ulu antzerki foroa, Kultur Etxean.

Martxoak 16, ostirala. 19:00etan, martxoaren 2an egindako batzarrean markatutako gune ilunetara bisita.

ZUMAIA

Gaur, martxoak 8.

– 11:30. Zumaiako ikastetxeen jende katea. Beheko plazan bukatuko da, bertsoak abestuta eta adierazpena irakurrita.

– 20:00. Elkarretaratzea, Saregileen plazan.

Bihar, martxoak 9. 22:00etan, Koadernoa zuri lana, Aita Marin.

Martxoak 14, asteartea. 18:30ean, Nola zaintzen da Zumaian? ikerketaren aurkezpena, Oxford aretoan.

Martxoak 21, asteartea. 18:30ean, Mujeres inmigrantes y resistencias bideoaren aurkezpena Malen Etxeak zuzenduta.

Martxoak 23 eta 30, ostegunak. 22:00etan, Zinegoak zine zikloa, Aita Mari aretoan.

Martxoak 25, larunbata. 18:00etan, Alu ulu antzerki foroa, Gaztegunean.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend