Euskadiko kintopekoak jokatuko dituzte Aian, etzi gauean hasita

Hiru egunetan izango dira saioak; martxoaren 10ean, 11n eta 13an. Eskualdeko hiru idi pare ariko dira lehian: Oikiako Etxetxo, Orioko Iñaki Oliden eta Errezilgo Bixkiak
Euskadiko Kontopekoak

Iñaki Oliden I. Euskadiko Kopa Kintopeko Idi Proba Txapelketan, 2015ean. (Ibon Errazu)

Aiako Idi Proba Elkartearen eta Aiako Udalaren laguntzarekin, Euskadiko Herri Kirol Federazioak II. Euskadiko Kopa Kintopeko Idi Proba Txapelketa 2017 antolatu du Aian. Ostiralean hasi eta astelehena bitartean, hiru egunez –martxoaren 10ean, 11n eta 13an–, hamar idi pare lehiatuko dira Aiako probalekuan. Horien artean, eskualdeko hiru parte hartzaile ariko dira nor baino nor: Oikiako Etxetxo, Orioko Iñaki Oliden eta Errezilgo Bixkiak, hain justu ere.

Etzi, txapelketaren lehen saioan, hiru lehiakidek neurtuko dituzte indarrak, 22:00etatik aurrera: Laudioko Bolañok, Gernikako Arane jatetxeak eta Her­naniko Intxarburuk. Larunbatean beste hiru idi pareren txanda izango da, ordu berean: Oiatzungo Artola, Berangoko Ekaitz Elordui eta Oikiako Etxetxo.

Igandean ez dute probarik jokatuko, eta astelehenean jokatuko dute kintopekoen hirugarren eta azken saioa. Kasu honetan, lau izango dira probalekura irtengo diren parte hartzaileak: Orioko Iñaki Oliden, Zallako Zornotza anaiak, Birleko Iñaki Lopategi eta Errezilgo Bixkiak. Aurreko saioak baino ordubete lehenago jokatuko da, hau da, 21:00etan hasita.

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, gainzama jasotzeko pisu hartzea lehia egunean bertan goizez egingo dute, 10:00etatik aurrera.

2015ean jokatu zuten lehen Euskadiko Kopa Kintopeko Idi Proba Txapelketa, eta, orduan, Orioko Oliden izan zen garaile, 64 plaza eta 2,10 metrorekin.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend