Bihar hasiko da Korrika Kulturala

Korrika igaro baino lehen, hainbat ekitaldi kultural egingo dituzte Urola Erdian. Ruper Ordorikaren eta Errimeren kontzertuak izango dira bihar, Azpeitian.
korrika-azpeitia

Hainbat eragilek osatu dute Korrika Kulturaleko egitaraua Azpeitian. (Korrika)

Abiatzear da 20. Korrika. Martxoaren 30ean Otxandiotik (Bizkaia) irten, eta, herriz herri igaroko da euskararen aldeko aldarria. Apirilaren 5ean igaroko da Urola Erdiko herrietatik, goizean goiz. 03:50 inguruan iritsiko da Zestoara, eta 05:00-05:15 aldera, berriz, Azpeitira. Horren ostean, eguna argitzen hasterako ailegatuko dira korrikalariak Azkoitira. Apirilaren 9an amaituko da lasterkaldia, Iruñean.

Oraindik hogei egun falta dira egun handirako. Baina, aurretik, hainbat ekitaldi kultural egingo dituzte Azkoitian, Azpeitian zein Zestoan, giroan sartzen joateko. Larunbatean izango da horietan lehena: hain zuzen, Ruper Ordorikak eta Errimek kontzertu bana emango dute Azpeitiko Sanagustinen, 22:30ean hasita. Datorren asteko igandean, berriz, Zestoan Herri Krosa izango dela aprobetxatuz, Korrikako arropa salgai jarriko dute Foru plazan.

Korrika nagusia eskualdetik igaro baino egun bat lehenago, apirilaren 4an, Korrika Txikiak egingo dituzte hiru herrietan. Zestoan, gainera, hori amaitzean, disko festa izango da Txatxilipurdi taldearekin.

Kilometroak salgai
Dagoeneko ari dira ibilbidean zehar euskararen lekukoa emateko kilometroak saltzen. Kilometro osoa edo erdia erosteko aukera dago: 425 euro balio du osoak, eta 212,5 euro erdiak. Ekarpena egiteko beste modu bat da Korrikalari irudia erostearena; 110 euroko prezioa du horrek. Kilometroak erosteko, azpeitiarrek natul.euskeraz@gmail.com helbidera idatz dezakete edo 661 10 44 46 tefenora deitu. Azkoitian, azkoitia@aek.eus helbidera idatzi edo 607 61 26 97 telefonora deitu behar da. Zestoan, berriz, zestoa@aek.eus helbidera idatzi edo 670 42 00 48 telefonora dei daiteke.

Horrez gain, datorren astean hasiko dira saltoki eta tabernetan korrika laguntzaileen bila. Gutunazal bat utziko dute gune horietan.

Egitaraua

-AZKOITIA
Martxoak 25. Korrikako Batzuk letra argidunekin photocalla izango da kontzejupean. Arropa postua ere jarriko dute.
Martxoak 31. Euskararen lau aurpegi dokumentala eta Laburbira Baztartxon, Maxixatzenen laguntzarekin.
Apirilak 1. Maratoi erdian Korrikako kamixetarekin edo petoarekin helmugara heltzen den batentzat saria: Mikel Uria jatetxean bi lagunentzako afaria edo bazkaria.
Apirilak 4. Korrika Txikia.
Apirilak 5.Korrika pasatutakoan, txokolatada Umore Ona elkartean Gure Esku Dagoren laguntzarekin.

-AZPEITIA
Martxoak 11. Ruper Ordorika eta Errime, Sanagustinen, 22:30ean.
Martxoak 21. Gune euskaldunetan euskarazko kulturak duen erreferiantzaltasunaz mahai ingurua, 19:00etan, Sanagustinen.
Martxoak 24. Laburbira euskarazko film laburren maratoia, 22:30ean, plazan.
Martxoak 31. IdiTxou antzezlana, 22:00etan, Soreasun.
Apirilak 4. Korrika Txikia.

-ZESTOA
Martxoak 19. Herri Krosa izango dela aprobetxatuz, Korrikako arropa salgai, Foru plazan.
Martxoak 31. Korrika Txotx! Batukadaren laguntzaz pintxoak eta sagardoa dastatzeko aukera izango da.
Apirilak 4. Korrika Txikia egingo dute Zestoan, Arroabean eta Aizarnan. Zestoan, Korrika Txikia amaitzean, disko festa izango da Txatxilipurdi taldearen eskutik.

 

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend