Lan munduan euskara sustatzeko, ikastaro bat antolatu du Azkoitiko Udalak

Banaiz Bagara elkarteak gidatuko du ikastaroa, eta etorkinei zein euskara ez dakitenei zuzenduta dago. Martxoaren 15a izango da izena emateko azken eguna.
IMG_3655

Nekane Larrañaga, Pello Larrañaga, Muhammad Waqas Anjum eta David Fernandez. (Ihintza Elustondo)

Lan munduan euskara sustatzeko, Euskara Plus programarekin bat egin du beste behin Azkoitiko Udalak. Etorkinei zein euskara ez dakiten pertsonei zuzenduta, ikastaro bat antolatu du, oinarrizko euskara irakasteko helburuarekin. Banaiz Bagara elkarteak gidatuko du ikastaroa, eta etxeko lanetan euskara erabiltzeko gai izaten irakatsiko diete partaideei. Nekane Larrañaga zinegotziak azaldu duenez, euskarara “lehen hurbilpena” izango dira saioak, jendeak lan bat bilatzeko zein hemen bizitzeko erraztasunak izan ditzan. Haren arabera, “Azkoitian bizi eta lan egiteko euskara garrantzitsua da”.

Gipuzkoa osoan, hainbat lan arlotan euskara txertatzeko ikastaroak eman ohi ditu Banaiz Bagara elkarteak, baina oraingoa, etxeko lanen ingurukoa izango da. Besteak beste, garbiketa, sukaldaritza, umeen zein adinekoen zaintza… landuko dituzte. Banaiz Bagara elkarteko irakasle David Fernandezek adierazi duenez, “lanerako euskara gaitasuna aktibatzen” laguntzen diete partaideei. Haren arabera, erabiltzen duten metodologia Europako sare batean oinarrituta dago, eta saioak oso praktikoak izango dira. Gehienbat, ahozko komunikazioa landuko dute, eta giro ona sustatuz, euskara erabiltzera animatuko dituzte partaideak. Haren esanetan, “euskarak lan munduan funtzio integratzailea” izatea da saioen helburua.

Urola Ikastolako lanbide heziketako instalazioetan izango dira saioak martxoaren 20tik apirilaren 7ra bitartean, 15:00etatik 17:00etara. 30 orduko iraupena izango du ikastaroak, eta doakoa izango da. Izena emateko, Azkoitiko Udaleko harrera bulegora joan behar da.

Bigarren ikastaroa, maiatzean

Etxeko zaintzen inguruko ikastaroa ez da izango eskainiko duten bakarra. Euskara Plus programaren barruan, beste ikastaro bat emango dute maiatzean, adinekoen zaintzaren inguruan.

Iaz pertsona nagusien zaintzaren inguruko bi ikastaro eman zituzten, eta ostalaritzari buruzko beste bat ere bai. Haietako bakoitzean hamar-hamabi lagunek parte hartu zuten. Haietako bat, Muhammad Waqas Anjum, berriro animatu da ikastaroa egitera, eta bere esperientziaz hitz egin du. Haren arabera, Azkotian bizitzeko zein lan egiteko euskara “oso garrantzitsua” da , eta horregatik erabaki du berriro programan parte hartzea.

 

 

 

 

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend