Zumaian gazteek erabiltzen dute gehien euskara

14 eta 25 urte artekoen ia %80ak hitz egiten du euskara Zumaiako kaleetan. Euskararen kale erabilerak bost puntu egin du gora azken bost urteotan
Uranga, Zumaiako datuak aurkezten, Alondegian. (Gorka Zabaleta)

Uranga, Zumaiako datuak aurkezten, Alondegian. (Gorka Zabaleta)

Euskararen kale erabilerak bost puntu egin du gora Zumaian azken bost urteotan, Soziolinguistika Klusterrak egin duen kale neurketaren arabera. Duela bost urte ikusitako joerari eutsiz, 14 eta 25 urte arteko gazteak dira euskara gehien erabiltzen dutenak (%79,7), eta goranzko joera nabarmenarekin aurreko inkestekin alderatuta (2006an %64,9). Soziolinguistika Klusterreko ordezkari Belen Uranga zumaiarrak asteazken iluntzean aurkeztu zituen datuok, Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloari amaiera jarri zion saioan.

Iazko iraileko eta urriko sei egunetan egin zuten behaketa. Guztira, 1.411 elkarrizketa entzun zituzten, eta 3.964 hiztunen erabilera neurtu. Eta azken neurketa honek emandako datu orokorra da Zumaian %5 igo dela euskararen erabilera azken bost urteotan, %52,8tik (2011) %57,8ra. Hamar urte atzera eginda, ikusi daiteke 2006ko datutik gertu dagoela gaur egungoa, orduan %56,4 izan baitzen neurtutako euskararen kale erabilera. Kontuan hartu behar da zumaiarren %71,5 dela euskalduna (6.525), %15,8 (1.444) ia euskalduna kontsideratzen dela, eta %12,7 direla erdaldunak.

Poligonoetan

Datuak zehatzago aztertuta, berriro ikusi da Zumaian gazteak direla euskara gehien erabiltzen dutenak. Duela bost urte deigarria egin zitzaien datua ikerlariei, eta azken kale neurketa honetan indartu egin da goranzko joera. Azken urteotan 15 puntu egin du gora euskararen erabilerak gazteen artean, eta hori ez da datu batere ohikoa, Urangak aitortu zuenez. 2006an 14-24 urte arteko Zumaiako gazteen %64,9a zen euskara erabiltzen zuena; 2011n %70,9ra igo zen datua, eta 2016an %79,7ra.

Gazteen ondoren, Zumaiako haurrak dira gehien erabiltzen dutenak, %75,1; eta gero datoz helduak (%49,1) eta adinekoak (37,5). Helduen artean igo egin da erabilera eta adinekoen artean jaitsi.

Asteazkeneko aurkezpenean bildutakoei deigarria egin zitzaien beste datua: poligonoetan hitz egiten da euskara gehien, elkarrizketen %62,7, hain zuzen ere. Ia 13 puntuko igoera 2006tik. Gero, Parolaldea dator (%57,8), eta azkenik erdigunea (%53,2). Eta emakumeek gizonek baino gehiago erabiltzen dute euskara: %59,6 eta %55,8, hurrenez hurren.

Azkenik, elkarrizketetan haurrik ba ote dagoen ere aintzat hartzen dute Soziolinguistika Klusterrean alderaketak egiterakoan. Ondorio nagusia da haurrek naturaltasun osoz egiten dutela euskaraz beraien artean edo heldu bat tartean egonda; aldiz, nagusiek askoz gehiago egiten dute euskaraz tartean haur bat baldin badago.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend