Zuzenketa publikoa eskatu diote Aitor Gorrotxategiri Mankomunitateko langileek

EAJren udal bozeramaileak 'Zaborrak' iritzi artikuluan "Mankomunitateak oposaketarik gabe kontratatu dituen langile horiek guztiak zertarako? Igandeetan zaborrik ez jasotzeko?" galdetzen du, besteak beste. "Urola Erdiko Mankomunitatean lan egiten dugun langile guztiok oposaketa bidez hautatu gintuzten", erantzun dute langileek.

Aitor Gorrotxategi EAJren udal bozeramaileak komunikabideetara gaur bertan igorri duen iritzi artikuluari erantzun diote Urola Erdiko Mankomunitateko langileek, ohar bidez. Zaborrak izenburuarekin, Udal Gobernua kritikatzen du Gorrotxategik, ez duelako urratsik egin 2013ko maiatzean adostutako hondakinen bilketa sistema berria martxan jartzeko. Testuinguru horretan, “Mankomunitateak oposaketarik gabe kontratatu dituen langile horiek guztiak zertarako? Igandeetan zaborrik ez jasotzeko?” galdetzen du, besteak beste, zinegotzi jeltzaleak.

Eta galdera horri erantzun nahi izan diote, hain zuzen ere, Mankomunitateko langileek, bazkalondoan zabaldu duten ohar labur baten bidez. “Urola Erdiko Mankomunitatean lan egiten dugun langile guztiok oposaketa bidez hautatu gintuzten”, diote langileek; eta, hori baieztatzeko, erakundearen enplegu publikoaren eskaintza jasotzen duen lotura erabili dute. “Lotura horretan daude oposaketaren oinarriak eta nondik norako guztiak”, azaldu dute langileek, eta eskaera luzatu diote Aitor Gorrotxategiri, “idatzi duena publikoki zuzentzeko”.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend