Azpeitiko Udalak Pasaiako segadaren auzia artxibatzearen aurkako babes helegitea jarri du Auzitegi Konstituzionalean

Ikusteko dago auzitegiak helegitea tramitera onartzen duen edo ez. Onartu ezean, Europako Giza Eskubideen Auzitegira jotzea aurreikusten du auziko herri akusazioak. Ikerketa judizialik egin ezean, duela 33 urte gertatutakoa argitzeko bide paralelo bat urratzen hasiko da udala.
Aizpuru, Etxeberria, Castells eta Isart gaur egin duten agerraldian. (Julene Frantzesena)

Aizpuru, Etxeberria, Castells eta Isart gaur egin duten agerraldian. (Julene Frantzesena)

Azpeitiko Udalak Pasaiako segadaren auzia artxibatzearen aurkako babes helegitea aurkeztu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Pasaiako segadaren auzian herri akusazioaren abokatua den Miguel Castellsek joan den urtarrilaren 3an aurkeztu zuen helegitea, baina hark esan du ikusteko dagoela auzitegiak tramitera onartzen duen edo ez, “babes helegiteen %80 ez dituzte-eta onartzen”.

Halere, herri akusazioak argi du 1984ko martxoaren 22an Pasaiako badian gertatu zena argitu arte lanean jarraituko duela. “Bide juridiko guztiak jorratuko ditugu. Konstituzionalak errekurtsoa onartzen ez badu, Europako Giza Eskubideen Auzitegira, Estrasburgora, joko dugu”, azaldu du Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak. Horrez gain, bide judizialak agortuz gero, bide paralelo bat urratzen ere hasiko direla esan du. “Ikerketa judiziala makal eta berandu dabil. Txantxa txar bat da. Fede handirik ez dugu, baina ikertu beharra dago. Eta ikerketa judiziala ez badoa aurrera, udalak bide paraleloa hasiko du gertatutakoa ikertzeko eta argitzeko. Gasteizen martxoaren 3ko gertakariekin egin zuten moduan, geure bidea egingo dugu egia jakiteko”.

Etxeberriak azaldu du hildakoen familiakoek eta gizarte osoak duela gertatutakoa jakiteko eskubidea. “Egia jakitea oinarrizko eskubidea da, denoi dagokiguna, eta hau ez da bi familiaren gauza partikular bat. Egia da eskubide oinarrizkoena, horren gainean eraiki daitezkeelako justizia eta erreparazioa. Egia jakin behar da berriro halakorik gerta ez dadin”.

Martxoaren 22an, 33 urte beteko dira Pasaiako segada gertatu zela. Egun hartan, Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituen Espainiako Poliziak Pasaiako badian: Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak, eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak. 113 bala zulo zituzten lau gorpuek.

Auzitegietan izan da kasua orduz geroztik, baina 2016ko azaroan auzia behin betiko artxibatu zuen Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak, “ez zegoelako zer ikertu”. Babes helegitea eskatzeko Castellsek prestatu duen helegitean Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak osatutako autoaren aurkako hainbat argudio jaso ditu. Izan ere, Castellsek dio ez dagoela auzia argitzeko borondaterik. Abokatuak azaldu du hilketak izan zirela egiaztatuta badago ere, auzitegiak hilketen egileak zeintzuk izan ziren jakiteko ez duela ikerketa “zehatz eta sakonik” egin. “Hilketen egileak ez dituzte atzematen. Poliziak identifikatzea eskatzen dugu, baina eskatu gabe egin behar lukete ikerketa; izan ere, oso delitu larria da hiltzea. Ikerketarik ez egitea giza eskubideak urratzea da”.

“Babes falta”

Kurroren anaia Peio Aizpuruk azaldu duenez, “urte gogorrak” bizi izan dituzte. “Asko sufritu dugu, minduta gaude eta ezintasuna sentitzen dugu”. Hark dioenez, ez dago “egia jakiteko borondaterik”, eta “zigorgabetasunez” gorde nahi dute gertatutakoa. “Gertatutakoa jakiteko eskubidea dugu, eta aurrera segituko dugu”.

Politikariei eta instituzioei “ezer ez egitea»” egotzi die Aizpuruk. “Udalak lagundu digu, baina, gainerakoan, ez dugu laguntzarik jaso”. Pelitxoren arreba Arantxa Isartek ere babes falta izan dutela salatu du, baina eskerrak eman dizkie senideei eta lagunei “egindako lanagatik”.

Pasaiako sarraskia argitu lelopean, hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Martxoaren 22an, lore eskaintza egingo dute Azpeitiko oroitarriaren aurrean, 18:30ean. Martxoaren 25ean, berriz, kontzentrazioa izango da Iruñeko udaletxe plazan, 18:30ean. Autobuserako izena Azpeitiko Orkatz tabernan eman daiteke.

AUZIAREN KRONOLOGIA

  • 1984

Martxoa. Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituen Espainiako Poliziak Pasaiako badian: Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak, eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak. Joseba Merino donostiarra —segadatik bizirik atera zen kide bakarra— eta Rosa Jimeno oriotarra atxilotu zituzten..

  • 1986

Ekaina. Auzia behin-behinean itxi zuen Calvo Rojas epaileak, frogarik ez zela argudiatuta.

  • 2000

Maiatza. Kasua aztertzen hasi zen Santiago Gonzalez abokatua, eta hainbat dokumentu falta zela jabetu zen: artxibatze autoa eta Merinori hartutako deklarazioa. Donostiako Lurralde Auzitegiak sumarioa berriz ireki zezan lortu zuen.

Iraila. Merinori Pasaian gertatutakoaz deklarazioa hartu zioten, Santoñan preso zela (Kantabria, Espainia).

  • 2001

Urtarrila. Pasaiako Sarraskia Argitu taldeak eskatuta, Azpeitiko Udalak herri akusazio aurkeztea erabaki zuen, Miguel Castells abokatu hartuta.

Martxoa. Rosa Jimenok deklaratu zuen epaitegian.

Maiatza. Hildakoei autopsia egin zien Paco Etxeberria auzi medikuak deklaratu zuen. Bat zetozen hark eta Merinok esandakoak.

  • 2004

Ekaina. Epaitegiak artxibatu egin zituen eginbideak. Familiak eta Azpeitiko Udalak helegitea aurkeztu zuten.

  • 2005

Ekaina. Gipuzkoako Auzitegiak auzia berriz zabaldu zuen.

  • 2016

Otsaila. Auzia artxibatu zuen auzitegiak. Helegite bana jarri zuten udalak eta familiek.

Azaroa. Auzia behin betiko artxibatu zuten, errekurtsorako aukerarik utzi gabe.

  • 2017

Urtarrila. Udalak babes helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalean.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend