Bizenta Mogel elkarteak gaur jarriko du martxan aurtengo hitzaldi zikloa

Jexux Mari Mujika etika irakasleak eskainiko du lehen solasaldia, gaur, 15:30ean, Elkargunean. Elkartea duela 28 urte hasi zen hitzaldiak antolatzen; bereziki, herriko emakumeei zuzenduta.
Bizenta Mogel elkarteko kideak. (Bizenta Mogel Elkartea)

Bizenta Mogel elkarteko kideak. (Bizenta Mogel Elkartea)

Bizenta Mogel elkarte sozio-kulturala duela 28 urte sortu zuten Azkoitiko emakume batzuek, herriko kultur eskaintzari beren ekarpena egiteko asmoz. Ordutik, urtero-urtero antolatu izan dituzte hitzaldiak, eta aurtengoan ere ez dute hutsik egin. Hala, gaur hasi eta martxoaren 29ra bitartean, hitzaldi zikloa egingo dute. Hiru saio izango dira: gaur, martxoaren 22an eta martxoaren 29an. Guztiak Elkargunean egingo dituzte, 15:30ean hasita.

Askotariko gaiak izan dituzte hizpide urteotan guztietan; bereziki, emakumeei zuzenduta. Besteak beste, tratu txarrak, emakumeentzako gizarte zerbitzuak, zahartzaroaren gaia… landu izan dituzte, betiere herriko emakumeak informatzeko helburuarekin. Elkarteko kideen arabera, urtero jende asko joan izan da solasaldietara: haietako bakoitzera, 50 lagun inguru.

Aurtengoan, askatasunaren inguruko saioarekin ekingo diote hitzaldi zikloari. Gaur bertan, Jexux Mari Mujika Deustuko Unibertsitateko etika irakaslea ariko da hizketan. Hurrengo astean, Azkoitiko parrokia izango du hizpide Juan Bautista Mendizabal historialariak, eta, azken saioan, testamentua egiteko oinarrizko aholkuak emango ditu Xabin Zabaleta abokatuak. Egitasmoari amaiera emateko, Bilbora irteera egingo dute, eta Pierre-Auguste Renoir margolariaren erakusketa ikustera joango dira, Arte Ederren museora.

Hitzaldiak, normalean, ez dira 15:30ean izaten. Baina bere garaian hala ekin zioten elkarteko kideek, orduan emakume gehienek etxetik kanpo lanik egiten ez zutelako, eta umeak eskolan utzi eta haien bila joan bitartean denbora librea izaten zutelako. Egun, gauzak aldatu badira ere, solasaldiak ordutegi horretan egiten jarraitzen dute.

EGITARAUA

Gaur. Askatasuna eta askatasunak hitzaldia emango du Jexux Mari Mujika Deustuko Unibertsitateko etika irakasleak.
Martxoak 22. Azkoitiko Amabirjinaren Jasokundearen Parrokia, gure historiaren espresioa hitzaldia izango da, Juan Bautista Mendizabal historialariaren eskutik.
Martxoak 29. Oinordekotzen inguruko euskal lege berria: Testamentua egiteko oinarrizko aholkuak hitzaldia eskainiko du: Xabin Zabaleta abokatuak.
Apirilak 5. Bilbora bidaia kulturala egingo dute.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend