Igandean hasiko da XVIII. Taldez Talde musika jaialdia

Bizkargi Musika eta Dantza Eskolak Taldez Talde musika jaialdia antolatu du beste urte batez. Musika eskoletako filosofiari eutsiz, talde lana sustatzeko sortu zuten jaialdia duela hamazortzi urte. Helburu berari eutsiz, igandean hasi, eta hurrengo bi igandeetan kontzertuak izango dira Azkoitiko Kontzejupean; guztiak ordu berean, 13:00etan.

Igande honetan izango da edizio honetako lehen kontzertua. Bertan, Iraurgi eta Bizkargi abesbatzetako kideak ariko dira zuzenean kantuan, Iñaki Maidaganen eta Maje Larrañagaren gidaritzapean.

Datorren astean, berriz, martxoaren 26an, Euskal Herriko folklorearen inguruko emanaldia eskainiko dute. Hala, euskal musika tresnak entzuteaz gain, euskal dantzez gozatzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek.

Apirilaren 3an izango da azken kontzertua. Bizkargiko gazteen orkestrak eta herriko bandak parte hartuko dute saio horretan. Lehenik, talde bakoitzak bere piezak joko ditu, eta, gero, elkarrekin ariko dira.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend