Nostalgia eta aire berriak, eskutik

San Jose Trikiti Jaialdia larunbatean izango da, 17:30ean hasita, Soreasu antzokian. Aurtengo jaialdirako "aire zaharrak eta berriak" uztartu dituzte, eta sarrerak salgai daude dagoeneko.
Andoitz Antzizar, Josu Labaka eta Maider Jauregi. (Julene Frantzesena)

Andoitz Antzizar, Josu Labaka eta Maider Jauregi. (Julene Frantzesena)

Azken urteetako legez, trikiti jaialdia antolatu dute Azpeitiko Udalak eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak San Jose egunaren bueltarako. Horrenbestez, larunbatean, trikitiki doinuek hartuko dute Soreasu antzokia. Antolatzaileek “aire berriak eta zaharrak”, biak uztartu dituzte aurtengoan. Izan ere, azken hamar urteetako jaialdietan parte hartu duten trikitilarietako batzuk igoko dira antzokiko oholtzara, eta trikitilari gazteek ere izango dute tokia.

Emanaldia 17:30ean hasiko da, eta honako musikari eta abeslari hauek izango dira Soreasuko oholtzan: Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña, Maixa Lizarribar, Errekalde anaiak, Azkonobieta anaiak, Jexux Izeta, Jone Uria eta Julene Otegi, Aire ahizpak, Tapia eta Leturia zein Iker Allur eta EinGO taldeko kideak.

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko kide Andoitz Antzizar esan duenez, “atzera begiratua” egin nahi izan dute jaialdiarekin, eta azken hamar urteetako jaialdietako kartelei omenaldia egingo diote aurtengo edizioan. “Sanjosetako plaza badakizue zein den, nolakoa den, trikitiari tokia egin nahi izaten diogu, trikitia eta panderoa dira garrantzitsuak, eta nostalgiari tartea uzten badiogu ere, gazteei tokia egin nahi izaten diegu. Beraz, denentzako plaza da”.

Josu Labaka Azpeitiko Udaleko Kultura batzordeburuak azaldu duenez, jaialdiak “arrakasta” izaten du urtez urte, “emanaldiak berritu eta molde berriak josten” dituztelako antolatzaileek. Maider Jauregik dioenez, Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen helburu nagusia “trikitiaren ondarea babestea eta trikitiaren bilgune izatea” bada ere, urtean zehar saiatzen dira “trikiti munduari bultzada” emateko ekitaldiak antolatzen. Eta San Jose Trikiti Jaialdia da horietako bat. Elkarteko idazkariaren arabera, aurreneko bi urteetan Donostian antolatu zuten jaialdia, baina, harrezkero, 1993tik, Azpeitian egin izan dute.

Sarrerak salgai

Jaialdirako sarrerak salgai daude dagoeneko Azpeitiko Pastorkua, Berdie eta Mendizabal tabernetan eta Azkoitiko Ixidro erretegian. 12 euro ordaindu beharko da sarrera, eta aurrez erreserba daitezke trikitixa@trikitixa.eus helbidera idatzita edo 943-83 28 28 telefonora deituta. Larunbatean 16:00etan irekiko dute leihatila, eta erreserbatutako sarrerak jaso behar dituztenek, 16:30ak arte izango dute horretarako aukera. Ordu horretara bitartean jasotzen ez dituzten sarrerak salgai jarriko dituztela jakinarazi dute Trikitixa Elkarteko kideek.

Azpeitiko Udalak, berriz, jaialdirako bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu herritarren artean. Zozketan parte hartu nahi dutenek gaurtik ostiralera bitartean eman beharko dute izena, udalzozketak@azpeitia.eus helbidera idatzita edota 943-15 71 85 telefonora deituta. Izen-abizenak eta telefono zenbakia eman beharko dituzte zozketan parte hartzeko. Udalak ostiralean jakinaraziko ditu zeintzuk diren sarreren irabazleak.

Udaleko eta Trikitixa Elkarteko kideek herritarrak jaialdiaz gozatzera animatu dituzte. “Festa polita dela uste dugu, Azpeitian eta eskualdean belaunaldiz belaunaldi transmititzen joan garen zerbait da trikitia, oso geurea eta bizi duguna”, azaldu du Labakak.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend