Haur Misiolarien ospakizuna, etzi

2017ko Haur Misiolarien eguna Zumaian ospatuko dute larunbatean. Gipuzkoa osotik etorritako haurrak izango dira bertan. Antolatzaileek 500-600 pertsona inguru espero dituzte.
Haur Misiolarien Eguna

Zumaiako hainbat haur ari da larunbateko Haur Misiolarien eguna prestatzen . (Izaskun Urbieta)

Duela 15 urte hasi ziren Gipuzkoako Haur Misiolarien eguna ospatzen. Aurtengo edizioa Zumaian egingo dute, eta oso pozik daude antolatzaileak. “Herri guztiaren festa bat izatea nahi dugu eta horretan jarri dugu esfortzu eta ilusio osoa”, azaldu du Marije Elosuak. 6tik 12 urtera bitarteko haurren ospakizuna izango da larunbatekoa. Gipuzkoa osotik etorriko dira haurrak, eta antolatzaileen arabera 500-600 pertsona inguru bilduko dira. “Kalera irten nahi dugu umeekin, sinesmen ekintza guztiak elizan edo errezatzen egin gabe, sinesmen bidea festa moduan azaldu eta irudikatu nahi dugu”, adierazi du Elosuak.

“Jarrai niri” lelo hartuta

Elosuak 18 bat urte daramazki katekista moduan eta hasierako ilusioarekin jarraitzen du. “Gure helburua umeak sinesmenera bideratzea da. Guk dugun sinesmena umeei erakustea, alegia. Eta aurtengo egunaren leloak ere hori erakusten du. Jarrai niri, horixe da: umeak sinesmenean eta, zehazki, Jesusi jarraitzea”.

Abenduan hasi ziren larunbateko ospakizunaren prestaketekin. “Goizetik hasiko gara, eta lehenengo ekintza egingo duguna, harrera gisa, haurrek danborra jotzea da. Harrera egin ondoren, eta Zuhaitz Eguna denez, Forondara igoko gara hainbat zuhaitz landatzera”.

Segidan, Ondartxo plazara joango dira tailer bat egitera. “Gure haurrek marrazki pila bat egin dituzte aurretik, eta larunbatean marrazki horien atzean beraien desioak eta ametsak idatziko dituzte. Ondoren, marmita batean sartuko dituzte. Zergatik marmitan? Garai batean familien gosea kentzen zuen tresna zen, eta metafora moduko bat egin nahi dugu”, kontatu du.

Ekintza horren ondoren, hondartzara joango dira eta beste tailer bat egingo dute bertan. Bazkaldu eta gero egunarekin amaitzeko beste hainbat tailer izango dituzte Maria eta Josen. “Zumaian izanda, nola ez, olagarro tailerra egingo dugu, esaterako. Eguna bukatzeko eskolako aretoan omenaldi bat egingo diogu Justo Osa eta bere familiari eta Maria eta Joseko mojei”.

Mikel Biain apaiza iazko urritik da Zumaian. Aurretik, Bergaran apaiz zenean, Haur Misiolarien eguna ospatu zuen bertan, Elosuak azaldu duenez, “Biainen esperientzia oso garrantzitsua izan da guretzat. Ekintzak antolatzeko garaian asko lagundu digu. Ahaztu gabe, herriko ume guztiak gonbidatuta daudela parte hartzera”.

HAUR MISIOLARIEN EGUNA

  • Martxoak 18, larunbata

10:30. Harrera, Maria eta Jose ikastetxean.
11:00. Haurren martxaren hasiera eta lehen tailerra:Jarraitu tailerra..
13:30. Bazkari Misiolaria, Maria eta Josen. Haur bakoitzak bere bazkaria eramango du.
14:30. Haur misiolarien tailerrak:
– Zuhaitzen tailerra.
– Olagarroen tailerra.
– Jarrai tailerra.
16:30. Otoitz tailerra: Jarrai niri.
17:00. Topaketaren amaiera.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend