Aiako Lur Alkartasuna Kooperatibak dio eraikinen trukearen akordioa bete egin dela

Urtarrilean EH Bilduk hartutako erabakiaren aurrean, argibideak eman ditu Lur Alkartasuna Kooperatibak. Eraikinaharraren eta berriaren trukerako hitzartutakoa azaldu dute
Lur Alkartasuna Kooperatiba

Lur Alkartasuna Kooperatibaren plazako eraikin zaharra. (Aiora Larrañaga/Hitza)

Urtarrilaren bukaeran Aiako EH Bilduk azaldu zuen Aiako Udalaren kudeaketa Herri-Kontuen Euskal Epaitegira eramatea erabaki zuela. Koalizioak erabaki hori hartu zuen, zalantzan duelako Aiako Udalak Murias enpresarekin plazako Kooperatiba etxearen inguruan egin duen kudeaketaren legaltasuna.

Orain adierazpen horien aurrean, Lur Alkartasuna Kooperatiba Elkarteko zuzendaritza batzordeak ohar bat kaleratu berri du, “Kooperatibak plazan zuen eraikin zaharraren salmentaren gestioa dela medio gaia argitze aldera bere bazkideei eta herritarrei oro har”.

EH Bilduk urtarrilean ohar bidez eman zuen erabakia hartzeko arrazoien berri, esanaz “EAJko Udal Gobernuak eta Nekane Arrizabalaga alkateak azken hilabeteetan ez dute gaia modu egokian argitzeko prestutasunik izan”. Era berean, nabarmendu zuen koalizioak hartutako erabakia inola ere ez zela eta ez dela izango Lur Alkartasuna Kooperatibaren kontrakoa: “Aiako EH Bildu ematen ari den pausoak  eta etorkizunean emango dituenak, ez dira ez eskolaren, ezta Lur Alkartasuna Kooperatibaren aurkakoak. Aiarrei EAJren udal gobernuarekin gertatzen dena azaltzea eta informatzea da gure ardura”.

Trukearen hitzarmena
Lur Alkartasuna Kooperatibako zuzendaritza batzordeak dio plazan (Gozategi enparantza 7) zegoen denda zaharraren ondasuna bazkideena izan dela beti, “2013ko maiatzaren 19ko urteko ohiko batzarrean salmenta egiteko ordura arteko eskaintzak eta balorazioak aztertu ziren, baina atea zabalik utzi zen norbaitek eskaintza hobea ekarri nahiko balu”. Ondoren, udalarekin permuta bidez eraikin zaharra eraikitzeko zegoen eraikin berriaren truke aldatzea adostu zuen Kooperatibak. “Orduan  Gabinete Laguntza SLren eskuetan jarri zen aholkularitza juridikoa, Kooperatibak inolako arriskurik ez zezan izan eta bideragarritasuna bermatzeko”.

Eraikin zaharra eta berriaren truke horren akordioa egoteko, Kooperatibaren eta Aiako Udalaren artean gutxieneko baldintza batzuk hitzartu zituzten: “Eraikin berriak ez zuen kosturik izan behar kooperatibarentzat, ezta etorkizunerako arriskurik ere. Horrez gain, eraikin berria jabetzan izango zuen Kooperatibak eta lokal berriak 360 metro koadroko azalera izango zuen, solairu batean”.
Baldintza horiekin batera, Lur Alkartasuna Kooperatibak konpromiso batzuk hartu zituen: “Herritarrei kalitatezko zerbitzua eskaintzea; Kooperatibako bazkideek espresuki uko egitea irabaziei, eta irabaziak kooperatiba hazteko zuzentzea; herritarrentzako lanpostu berriak sortzea; eta, bazkide herritar gehiago biltzea”.

Hitzartutakoa beteta
Lur Alkartasuna Kooperatibak iazko ekainaren 30ean inauguratu zuen denda eraikin berrian. Eta, aurrez adostutakoa bete dela diote kooperatibako zuzendaritza batzordekoek: “Aurrez hartutako konpromisoak eta jarritako helburuak bete ditu bai Kooperatibak eta bai udalak. Gaur da eguna Lur Alkartasuna Kooperatiba Eusko Jaurlaritzak Onura Publikoko Kooperatiba izendatu zain dagoela”.
Udalaren “konpromiso, prestutasun eta laguntza gabe” hori dena ez litzatekela posible izango ere nabarmendu dute Kooperatibaren zuzendaritzakoek: “Kooperatiba honen etorkizuna gaur egun orain dela urte batzuk baino argiagoa eta itxaropentsuagoa da”. Sorrerako helburuei heltzen diela azpimarratu dute: herritarrei kalitatezko zerbitzua eskaintzea eta lanpostu berriak sortzea.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend