Girotuz doaz herri galdeketak

Hainbat ekitaldi antolatu dituzte Urola Kostako herri ekimenek asteburu honetarako. Herri batzuetan festa egingo dute larunbatean giroa animatzeko.

Euskal Herriaren estatus politikoari buruzko herri galdeketak egingo dituzte igandean 34 herritan. Galdeketa horiei eta maiatzaren 7an Urola Kostan egingo denari babesa adierazte aldera, eskualdeko herri ekimen gehienek ekitaldiak antolatu dituzte larunbaterako. Azpeitia, Errezil, Orio, Zarautz eta Zumaian, esaterako, jai giroa sorrarazi nahi dute, herritarrak egitasmoarekin bat egin dezaten.

EGITARAUA

  • Azpeitia, Azpeitiko Gure Esku dago

Bihar. Martxoaren 19an, Euskal Herriko hainbat herritan egingo diren galdeketak babesteko festa. 12:00etatik aurrera, trikitilariak, bertsolariak eta luntxa izango dira udaletxe azpian.

  • Errezil, Aiazi

Bihar. Herri galdeketaren aldeko txotxa. 16:00etatik 19:00etara, umeentzat puzgarriak, frontoian. 19:00etan, triki poteoa. 20:30ean, txotxa, dantzalekuan. Jatekoa eraman egin behar da.

  • Getaria, Brankan

Bihar. 1979. urtetik gaur arte izandako hainbat zinegotziren babesa emango diote erabakitzeko eskubideari. Ekitaldia herriko plazan izango da, 12:00etan.

  • Orio, Baliza

Bihar. Herri galdeketaren aldeko jaia, 12:30­etik aurrera. Ondorengoek hartuko dute parte: Egunsenti otxoteak, Harribil dantza taldeak, bertsolariek eta trikitilariek; pintxoak eta edariak izango dira.

  • Zarautz, Zarahitz

Bihar. Erabaki Jaia antolatu dute. 12:00etan, Lege Zaharren Enparantzatik abiatuta, kantu jira berezia, herriko abesbatzekin, trikitilariekin eta txistulariekin. 14:30ean, Merkatu Plazan, herri bazkaria; txartelak 12 euroan daude salgai, ostirala bitartean, Eguzki, Txiki Polit, Bai Batzokia eta Arranon. Bazkalostean, kalejira. Gauean, Erabaki Fest! ekimena, herriko hainbat tabernatan, eskaintza bereziekin.

Herri galdeketaren aldeko abestia ezagutaraziko du Zarahitzek asteburuan. Andoni Egaña bertsolariaren hitzei jarri die musika Zarauzko Skasti taldeak. Martxoaren hasieran grabatu zuten, Zestoako Gaztain estudioan, eta bihar izango da entzungai, herri bazkarian eta Erabaki Festarekin bat egingo duten tabernetan

  • Zestoa, Hitziturri

Bihar. 11:30ean, Kultur Etxean, maiatzaren 7ko herri galdeketaz batzar irekia antolatu dute. Galdeketara bitartean «lan asko» dagoela egiteko eta herritarren laguntza eta partaidetza «behar-beharrezkoa» dela azaldu dute. Bestalde, galdeketari babesa emateko, udal ordezkari ohiek agerraldia egingo dute plazan, 13:00etan.

Igandean. Atera zuk ere argazkia! kanpaina. Erabakitzeko eskubidearen aldeko atxikimendua adierazi nahi dutenek argazkia ateratzeko aukera izango dute plazan, 11:30etik 13:30era bitartean. Dagoeneko atxikimenduak biltzen hasita daude.

  • Zumaia, Ontziratu

Bihar. Kantu jira berezia egingo dute, 19:00etan. Beheko Plazatik hasita eta Erribera kalea zeharkatuko dute, kantuak, bertsoak, antzerkiak eta dantzak tartekatuz.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend