Pedro Murillo: “Urtebete edo bi biziko naiz; minbizia dut, amiantoak eraginda”

Iazko urtarrilean diagnostikatu zioten biriketako minbizia Pedro Murillori. Amiantoak eragindakoa dela frogatuta, lan gaixotasuna aitortu diote. Salaketa jarri du, eta epaiketaren zain dago orain.
Pedro Murillo. (Argazkia: Ihintza Elustondo)

Pedro Murillo. (Argazkia: Ihintza Elustondo)

“Baikorra”. Hala definitzen du bere burua Pedro Murillok (Badajoz, Espainia, 1954), bizitzea tokatu zaiona tokatu arren. Amiantoaren eraginez, biriketako minbizia du, eta argi du non kutsatu zen: “Egun Sidenor izena duen Azkoitiko enpresan bakarrik egin dut lan amiantoarekin. Bestela, eraikuntzan eta autobusak zein kamioiak gidatzen aritu naiz. Argi dut enpresa horretan kutsatu nintzela”. Azkoitian bizi da 12 urte zituenetik, eta 1982tik 2003ra bitartean egin zuen lan lantegi horretan. Amorrua nabari da haren hitzetan, baina ez du irribarrea galdu.

Zer moduz zaude?

Orain, beno… ondo. Kimioa hartzen ari naiz, baina hau okerrera doala nabaritzen dut. Lehen, eskailerak erraz igotzen nituen hirugarren solairuraino, eta, orain, bigarrengoan gelditu egin behar izaten dut, ezin dudalako arnasa hartu. Argi dut zer dagoen. Minbizia dut, amiantoak eraginda; urtebete edo bi biziko naiz. Agian, hiru… Bizitza izorratu didate, diru madarikatuagatik.

Horrek ematen dizu minik handiena?

Ez, engainatu izanak baizik. Esan izan baligute kutsatzeko arriskua genuela, onartuko genuen edo ez. Baina gu engainatu gaituzten moduan engainatzea… Ez genuen arriskuen berri, eta ez gintuzten babesten. Horrek ematen dit minik handiena. Gainera, enpresak esaten du 1993an utzi ziola amiantoa erabiltzeari, eta hori gezurra da. 1982tik 1998ra arte egin nuen lan galdategian, eta hasi nintzenean bezalaxe lan egiten jarraitu zuten amaitu nuenean. Gero, 2003ra arte produkzio katearen akaberan egin nuen lan, eta, tarteka, galdategira joaten nintzen, eta berdin jarraitzen zuten. Galdategia kendu zutenean utzi zioten han amiantoarekin lan egiteari.

Zer lan egiten zenuen, zehazki?

Galdategian, altzairu likidoa bota aurretik, koilarak berotzen genituen, eta, horretarako, amiantozko bloke batzuk erabiltzen ziren. Eta horietatik erortzen ziren zatiak guk irensten genituen.

Babes neurriak betetzen ziren?

Prestatutako lekuetan, arropa bereziarekin… lan egin beharko genukeen, baina ez genuen horrelako ezer egiten. Ez maskararik, ez arropa berezirik… Gerora, abokatuak esan zidan, amiantoarekin lan egiten banuen, lanean erretzea debekatu behar lidaketela, baina nik erre egiten nuen, inork ez baitzidan debekatzen.

Amiantoak eragiten dituen kalteak aspalditik ezagunak dira…

Espainian 1940tik daude onartuta amiantoak eragin ditzakeen kalteak, eta 1903tik Ingalaterran. Alferrik esango dute informaziorik ez zutela. Baina gobernuek ez dute ezer egin. Denek ezkutatu dute egia: enpresariek, medikuek… Orain ari da kontua ezagutzera ematen.

Nola jakin zenuen kutsatuetako bat zinela?

2015ean orban bat aurkitu zidaten birikan, eta erretzeari utzi nion. Proba pila bat egin zizkidaten, eta negatibo ematen nuen denetan. Orduan, biopsia egitea proposatu zidaten, eta 2016ko urtarrilean egin nuen. Hor atera zen zer neukan. Biriketako minbizia diagnostikatu zidaten, baina une horretan ez zitzaidan burutik pasatu ere egin amiantoagatik izan zitekeenik, 45 urtez erre baitut. Baina mediku batek deitu zidan, esanez: “%90ean ziurta dezaket zuk duzuna ez dela tabakoagatik. Eta, are gehiago esango dizut: % 95-98an ziurta dezaket amiantoagatik dela”. Berak jarri ninduen harremanetan Osalanekoekin, eta lan gaixotasuna aitortu zidaten. Gero, abokatu batekin jarri nintzen harremanetan, eta salaketa jarri nuen. Epaiketaren zain nago.

Zer lortu nahi zenuke?

Oraingoz, pentsioa igotzea. Ze ni orain hilko banintz, emazteari pentsioaren %45 kenduko liokete, eta argia eta etxeko gastuak ordaintzeko ere ez litzaioke iritsiko. Berari bizitzeko adina gelditzea nahi dut behintzat, ez dezan eskailerak garbitzen hasi beharrik izan. Eta, gero hauei [enpresari], zenbat eta diru gehiago kendu, hobe. Nik ja ez dut beharko, baina emaztea eta seme-alabak hor daude. Gogorra da esatea, baina hori da errealitatea.

Azkoitiko enpresan aitortutako biktima bakarra zara?

Bada helegitea jarrita duen beste kasu bat. Bera hil zen, eta familia ari da orain borrokan. Eta beste kasu bat ere agertu da. Pleurako minbizia diagnostikatu diote 68 urterekin, eta Gizarte Segurantzan esan diote: “Hori amiantoagatik da, baina nola ja jubilatuta zauden…”. Esanez bezala: “Hil zaitez ja eta punto, ez duzu ezertarako eskubiderik”. Duela bizpahiru urte beste bat hil zen, 64-65 urtekoa. Biriketako minbizia zuen, baina ez dakigu amiantoagatik izan zen edo ez.

Enpresan zenbat lagunek egin zenuten lan amiantoarekin?

Galdategian 90 bat lagunek lan egiten genuen. Baina mantentze lanak egiten zituztenak ere galdategian aritzen ziren. Guztira, ehun lagunetik gora ginen.

Kasu gehiago ager daitezke, beraz.

Noski; eta aurrez hil direnak eta jakin ez direnak… Juanjo Basterraren Cuatro Lunas liburua irakurtzen ari naiz, eta, han jartzen duenez, amiantoarekin lan egin dutenen artean, hirutik bik izango dute biriketako minbizia. Eta, haien emazteek, lautik batek, senarraren arropa garbitzeagatik. Nire emaztea ere kutsatuta egon daiteke, eta seme-alabak ere bai.

Horren beldur zara?

Bai. 1982an hasi nintzen enpresan lanean, eta 1996-97an hasi ziren arropa bertan garbitzen. Hamar urtetik gora eman genituen jantziak etxean garbitzen. Kutsatu, eta ondorengo 40 urteetan gara daiteke gaixotasuna, eta, beraz, inor ez dago salbu.

Lankide ohien babesik sentitu al duzu?

Ez. Arkumeak baino okerragoak gara. Batzuengana jo nuen lekuko bila, baina beraiei ez zienez eragiten… Ez dakit jendeak zer duen buruan. Lankideek ere bizkarra eman didate. Gaur niri tokatu zait, baina edonori gerta dakioke. Arazoa da jendeak ez duela gaixotasuna ezagutzen, eta ez dakiela zer ondorio dituen.

Amiantoaren biktimak inoiz aitortuak izango zarete?

Ez dakit, zalantzak ditut. Ez dugu gauzak bere tokian jartzen dituen gobernurik. Iñaki Urdangarinen kasua ikusi besterik ez dago. Horrela doakigu jende honekin… Arazoa da amiantoarekin inplikatutako enpresak libre gelditzen direla. Hogei urteko kartzela zigorra jasoko balute, agian, bi aldiz pentsatuko lukete. Baina  doan ateratzen zaie. Bizia kendu digute, eta, gainera, ez dute inolako ondoriorik jasotzen.

Arazoak badu irtenbiderik?

Osalanekoek amiantoarekin lan egin zutenen zerrenda eskatzen diete enpresei, eta horiek ukatzen ari dira. Legeak ezin ditu behartu enpresak zerrenda hori ematera? Gobernuak-edo egin behar luke hori, baina denak nahastuta daudenez… Nik ja garatuta dut gaixotasuna, baina garaiz harrapatuz gero, 10-12 urteko bizia izatera irits daitezke kutsatuak, bizi kalitate onarekin.

Nolakoa da zure egunerokoa?

Momentuz ez dut minik, eta nahikoa ondo bizi naiz. Nekea nabaritzen dut, eta hanketako min handia. Badakit honek ez duela atzera bueltarik; gehiagora eta gehiagora joango da, ibili ezinik geldituko naizen arte.

Lasai hitz egiten duzu gaixotasunaz.

Jendeak hori esaten dit. Eta, zer egin behar dut, etxean buruari bueltak ematen gelditu? Gustatzen zaidana egiten dut, eta lau egun gelditzen bazaizkit, lau egun horietan ahal dudan ondoen biziko naiz. Lur sail bat dut, eta bertan oiloak, txakurrak, ahuntzak… ditut. Hantxe pasatzen dut eguna, eta, behintzat, han nagoen bitartean, entretenitu, eta kontuaz ahazten naiz.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend