Samuel Ruiz: “Gazteei ikusitakoa eta bizitakoa barruan geratuko zaiela baloratzen dugu”

Sahararen aldeko Darahli elkarteak 10 urte beteko ditu. Erakusketa bat zabalduko dute asteartean eta beste zenbait ekintza egingo dituzte. 2018an berriro joango dira Saharara.
Samuel Ruiz Darahliko elkarteko koordinatzailea. (Juan Luis Romatet)

Samuel Ruiz Darahliko elkarteko koordinatzailea. (Juan Luis Romatet)

Saharako herria laguntzeko sortutako Darahli elkarteak hamar urte beteko ditu aurten. Zenbaki biribila dela ikusita, erakusketa eta zenbait ekintza antolatu dituzte datozen egunetarako. “Berez, lehen bidaia urtebete lehenago antolatu genuen, 2006an, baina elkartea urte bat geroago sortu genuen”, azaldu du Samuel Ruiz Darahli elkarteko koordinatzaileak. Ordutik beste hiru bidaia egin dituzte Saharako desertu erdian, Aljeriako Tinduf hiritik hurbil dauden errefuxiatuen kanpalekuetara eta datorren urtean egingo dute bosgarrena. Oraingoz 330 gazte inguruk ezagutu dute saharar herriak pairatzen duen bizimodu gogorra. Datorren urteko bidaiarako izenak eman dituzte dagoeneko Maria eta Jose ikastetxeko eta Zumaiako Herri Eskolako zenbait ikaslek.

Bidaiak antolatzeaz gain, hainbat sentsibilizazio kanpaina eta janari bilketa ere egin dituzte urte hauetan zehar. Eguzki plakak ere bidali izan dituzte, baina, argindarra kanpalekuetako ia leku guztietara heldu dela ikusita, programa hori iaz utzi zuten bertan behera. “Orain mikrokredituekin gabiltza. Diru kopuru bat emango diegu izena eman duten sahararrei. Batik bat emakumeak dira. Zati bat itzuli beharrik ez dute izango, eta beste bat epe batean itzuliko dute. Etorkizun batean ikusiko dugu zer fruitu ematen dituen”.

Hamarkada honetan egindako lanaren eta gazteek bizitako esperientzien berri emango du asteartean Alondegiko Oxford aretoan zabalduko duten erakusketak. Hamabost panelez osatuko da erakusketa, “testu gutxirekin eta argazki askorekin”. Lehen paneletan Saharako auziaren berri emango dute, eta ondorengoetan murgilduko dira Darahlik egindako lanetan.

Ikus-entzunezkoen txoko bat ere jarriko dute. “Urte hauetan guztietan egindako dokumentalak erakutsiko ditugu bertan”. Informazio mahaian, berriz, elkarteari buruzko informazioa jaso eta, nahi izanez gero, laguntza emateko aukera izango da.

Beste ekintzak

Apirilaren 3ra bitartean urtemugarekin lotutako beste ekintza batzuk ere egingo dituzte. Hala, hilaren 24an Hassanna Aalia errefuxiatu sahararra izango da Zumaian hizlari. “Iaz ere izan zen, baina aurten errefuxiatuen inguruan hitz egingo du”. Hilaren 25ean eskulanen tailerra egingo dute Kofradian.

Martxoaren 31n RECrea ekoizpen taldeak egindako Darahli 10 urte: hautsitako denbora ikus-entzunezkoa estreinatuko da. Elkartearekin lotura izan duten hainbat herritar elkarrizketatu dituzte horretarako. Apirilaren 1ean, berriz, mannequin challenge bat egingo dute bidaietan parte hartu duten 300dik gora lagunekin. Amaitzeko, apirilaren 2an, Zukan Trio hirukotearen kontzertua izango da Alondegian.
Egindako lanaren balorazio ona egin du Darahliko koordinatzaileak. “Gazteekin lan egiteko ilusioa dute, bidaiarako batik bat. Baina bidaia ez da turismo kontu bat; aurretik lan dezente egin behar izaten da. Sentsibilizazio lanak ere egin ditugu, bai eskolan, bai beste proiektu batzuekin ere”.

Urte hauetan egindakoak, ikusitakoak eta bizitakoak gazte horiengan eragina izan duela uste du Ruizek. “Gazteak inguruan ditugunean elkartean sartzen dira, baina, gero, unibertsitatean sartzen direnean urrutiratu egiten dira. Baloratzen dugu ikusitakoa eta bizitakoa barruan geratuko zaiela. Ez dute zergatik Sahararekin jarraitu behar. Errefuxiatuen Harrera Taldean dabiltzan batzuk gurekin aritutakoak dira, eta badaude unibertsitatean lankidetza proiektuak egiten ari direnak ere. Hezkuntza bide bat egiten dugu eta zerbait geratzen bazaie, primeran; ez bazaie geratzen, baina momentuko lanak ondo egin bazituzten ere ongi”.
Errelebo baten beharra ere ikusten du Ruizek, “gehienbat, ikastetxeotan”. “Gestioan pisu gehiena guk eramaten dugu, eta hor bai bultzada bat behar dugula. Bestela, elkarte barruan ez dut arazorik ikusten. Egia esan, planteamendua aldatu daiteke eta eskola barrutik egin beharrean, kanpotik eraman, eta DBHko ikasleekin egin beharrean, bidaiak herritarrei zabaldu”.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend