Urola Ikastolako eguerdiko autobus zerbitzua mantentzea eskatu dute

Zestoako ikasleak eguerdian etxera eramaten dituen autobus zerbitzua kendu nahi du Hezkuntza Sailak. Zutoin guraso elkarteak zerbitzu hori mantentzea eskatzen du.

Urola ikastola

Azpeitiko Urola Ikastolako Zutoin guraso elkarteak kezka azaldu du. Haien arabera, Zestoako DBHko ikasleek eguerdian etxera joan-etorria egiteko erabiltzen duten autobus zerbitzua kendu nahi du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak. Eta ez daude horrekin ados.

“Legez, Hezkuntza Sailak autobusaren joan-etorri bat ordaintzen du, goizean joateko eta arratsaldean bueltatzeko. Baina, Zestoa, salbuespena da, beste herri batzuekin batera. DBH sortu zenean, 1996-1997 inguruan, 12 urte egitean, zestoarrak Azpeitira joaten hasi ginen. Gurasoek ez zuten nahi seme-alabak goizetik arratsaldera arte han egoterik, eta guraso horien borrokaren ondorioz, lortu zuten eguerdian ere garraioa jartzea”. Zestoako Udalak eta jaurlaritzak egin zuten akordioa.

Horrela funtzionatu du autobus zerbitzuak azken hogei urteotan. Baina, denborarekin, Azpeitira joaten diren ikasleen kopuruak gora egin du, eta arazoak sortzen hasi dira. “Egun, ehun ikasletik gora joaten dira Zestoatik Azpeitira, eta horietatik laurogei inguru itzultzen dira etxera bazkaltzera. Jada ez dira autobus batean kabitzen, eta beste autobus bat jartzea erabaki genuen. Baina Hezkuntza Sailak esan zuen berak autobus bat bakarrik jarriko zuela, eta konpontzeko nahi genuen bezala. Orduan, beste autobus horren gastua guraso elkarteak bere gain hartu zuen. Eta, orain, gainera, esaten digute eguerdiko autobus zerbitzua osorik kenduko digutela. Ez digute zehaztu noiz, baina esaten digute pribilegiatu batzuk garela eta kendu egingo digutela”.

Guraso elkarteko kideek diotenez, ikasleak bazkaltzen jangelan gelditzea nahi du Hezkuntza Sailak. “Baina jangela txikia da, eta beste laurogei lagunek han gelditu beharko balute, bi txandatan eman beharko lituzkete bazkariak”. Lineako autobusa erabiltzea da jaurlaritzak proposatzen duen beste alternatiba bat. “Baina ordutegiak ez dira egokiak…”.

Egoera horren aurrean, eguerdiko autobus zerbitzua mantentzea eskatzen du Zutoin guraso elkarteak. “Behintzat, dagoen hori mantentzea, eta bigarrenaren ardura ez dakit nork hartu beharko duen… Gutxienez, jaurlaritzak ordaintzen duen hori ez kentzea eskatzen dugu, eta bestea ere… Ikasle guztiek dute eskubide bera”.

Zestoako Udalaren eta Urola Ikastolaren babesa du guraso elkarteak. Eta, orain, sinadura bilketa jarriko dute martxan, beren desadostasuna adierazteko. “Herrian hasiko gara biltzen, eta udaletxean ere jarriko ditugu paperak. Behintzat, hurrengoan jaurlaritzakoekin biltzen garenean, esku hutsik ez joateko”.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend