Azpeitiko XL. Udaberriko Argazki Rallya apirilaren 2an izango da

Izen-ematea Azpeitiko Argazki Elkartearen egoitzan egin beharko dute parte hartzaileek, 09:00etatik 09:30era. Sari banaketa maiatzaren 6an izango da.
Iñaki Etxenagusiaren argazkia

Iaz, Iñaki Etxenagusiak irabazi zuen Udaberriko Argazki Rallya.

Badator udaberria eta horrekin batera baita Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatutako Azpeitiko XL. Udaberriko Argazki Rallya ere; apirilaren 2an izango da.

Izen-ematea Azpeitiko Argazki Elkartearen egoitzan (Perez Arregi 1, Telefonikaren egoitza zaharrean) egin beharko dute parte hartzaileek, 09:00etatik 09:30era. Leku berean hustuko dituzte txartelak, 13:00etatik 14:00etara. 16 urtetik beherakoek parte hartzeko ez dute ordaindu beharko, eta gorakoek, aldiz, hamar euro ordaindu beharko dute. Guztientzako hamaiketakoa egongo da, eta rallyaren ondoren bazkaria izango dute. Bertara joan nahi duenak, rallyan izena ematerakoan egin dezake bazkarirako izen-ematea ere.

Partaide bakoitzak, hutsik dagoen memoria-txartela eraman beharko du eta bertan aterako diren argazkiak erresoluzio onenean aterako dira, JPG formatuan. Rallya 14:00etan bukatuko da, eta argazki elkarteko egoitzan bertan deskargatuko dituzte. Txarteletan gehienez 36 irudi eduki beharko dira eta horiek ezingo dira manipulatu. Hori horrela, ordenagailuaren erabilera debekatuta dago.Berezkotasuna, sormena eta teknika izango dira kontuan puntuak ematerako orduan.

Rallyrako hautatutako gaiak egunean bertan jakinaraziko dituzte antolatzaileek. Parte-hartzaileek gai bakoitzeko argazki bat aukeratu eta apirilaren 9a baino lehen argazkiakaae@gmail.com helbidera bidali beharko dituzte, partaidearen zenbakia eta argazkiaren zenbakia adieraziz.

Sariak

Honakoak dira Azpeitiko Argazki Elkarteak banatuko dituen sariak:

  • Bilduma onena: 150 euro eta garaikurra.
  • Bigarren bilduma onena: 120 euro eta garaikurra
  • Hirugarren bilduma onena: 90 euro eta garaikurra.
  • Herrikoa ez den lehen sarituak: 60 euro eta garaikurra.
  • 16 urte azpiko hiru sarituei garaikurra emango diote.

Epaimahaiak erabakia hartu ondoren, sari banaketa ekitaldia izango da maiatzaren 6an, Burdinbidearen Euskal Museoan, 18:00etan. Sari banaketaz gain, parte hartzaile guztien irudiak eskainiko dituzte. Argazki sarituak antolatzaileen esku geldituko dira eta egokia irudituz gero, erabiltzeko eskubidea izango dute egilearen izena aipatuko da. Horrez gain, Udaberriko Argazki Rallyan lortutako puntuak baloiagarriak izango dira Herriz Herri Txapelketarako.

Iaz, Iñaki Etxenagusiak irabazi zuen Udaberriko Argazki Rallya, bai eta duela bi urte ere. 

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend