Uda honetan Zumaiako herriguneko aparkalekuak arautzeko ordenantza onartu du plenoak

Zumaiako Udalbatzak ostegunean egindako ezohiko batzarrean aho batez hartutatuko erabakia izan da
Zumaian udarako onartu duten aparkalekuen ordenantzaren planoa.

Zumaian udarako onartu duten aparkalekuen ordenantzaren planoa.

Ostegun arratsaldean Zumaiako Udalbatzak ezohiko plenoan aho batez onartu zuen uda honetan Zumaiako herrigunean aparkalekuen sistema arautuko duen ordenantza. Sistema hau udako hiru hilabetetan egongo da abian, eta ez du eragingo ez Ardantzabiden, ezta poligonoetan ere. Udalean ordezkatuta dauden hiru alderdiek (EAJ, EH Bildu eta PSE-EE), uda ondoren, sistema berriz aztertzeko akordioa sinatu dute. Astelehenean, martxoaren 20an, ordenantza azalduko dute bilera batean, 18:30ean, Alondegian.

Zumaiako Udal Gobernuak pasa den urtarrilean eman zuen aparkalekuak arautzeko proposamenaren berri, herritarrekin egindako zenbait bileratan. EH Bilduk, bere aldetik, parte hartze prozesua jarri zuen abian beraien proposamena lantzeko. Zenbait puntutan bi proposamenak kontrajarriak ziren arren, badirudi azken asteotan lanketa egin dela udaletxe barruan eta hiru alderdien (PSE-EE barne) oniritziarekin eraman dutela proposamena plenora.

Hala, Udal Gobernuak landutako sistema ezarriko dute uda honetan Zumaiako herrigunean, ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean. Araudiak Zubitxikitik herrigunera bitarteko aparkalekuak arautuko ditu; Ardantzabidekoak ez, gune horretako sistema dagoeneko abian dagoelako. Larretxok ere bere sistema propioa izango du.

Bere garaian esan zuten bezala, bi TAO gune izango dira herrigunean: errotazio handiko bat ezarriko dute Moilaberriko zubitik Arranplara bitartean, ibaiertzean; eta, egonaldi ertaineko bat Julio Beobide ibiltokian. Lehen urte honetan Zumaiako herritarrek doan izango dute leku horietan aparkatzea, baina, txartela atera beharko dute. Paolaldeko gunean gehienera jota 24 ordutan aparkatzea izango da jarraian, baina sei orduan behin txartela aldatu beharko da. Herriguneko beste leku guztiak egoiliarrentzako izango dira.

TAOaren tarifak honakoak izango dira: errotazio handikoan 0,50 euro 15 minuturako, 1,25 euro 60 minuturako eta 2 euro 90 minuturako; egonaldi ertainekoan 0,30 euro 15 minuturako, euro bat 60 minuturako, 1,75 euro 90 minuturako, 2,50 euro 120 minuturako, 4 euro 180 minuturako, 5,50 euro 240 minuturako eta 7 euro 300 minuturako.

‘Biñeta’ doan lehen urtean

Egoiliarren ‘biñeta’ edo txartela lortzeko Ardantzabiderako jarritako prezioa (15 euro) hainbanatzea proposatzen zuen Udal Gobernuak: lehen kotxeko biñetak 5 euro balioko luke eta bigarrengoak 10 euro. Alderdi sozialistak, baina, emendakina aurkeztu zuen lehen urtean biñeta doan izateko. PSE-EEko zinegotzi Arritxu Marañonentzat “pauso garrantzitsua” eman da. “Onartu duguna esperientzia pilotua izango da, eta datorren urtean bigarren fasea izango dugu herri osoko aparkalekuak arautzeko. Gure proposamena 0 tasa izatea da gune denetan Ardantzabiden ezik. Zergatik? Ba, behin-behinekoa delako. Hiru hilabeteko iraupena izango du, eta ez dakigu nola eragingo duen. Tasa jartzea egokia da, baina, ikusita hiru hilabeterako bakarrik dela, nahikoa bada udaletxera joan behar izatea gestioak egiteko”.

Udal Gobernuak bere desadostasuna azaldu zuen, Oier Korta alkatearen ahotik: “Ardantzabiden biñeta jartzea onartu zen aldeko 12 botorekin. Emendakina onartzen bada, proportzionaltasun printzipioa ez da beteko. Herritar batzuek zerbitzu bat doan jasoko dute eta beste batzuek ordaindu beharko dute zerbitzu beragatik”.

EH Bilduk aldeko botoa eman zion emendakinari. “Herritarrek bileretan hala eskatu zutelako”, azaldu zuen Alex Oliden EH Bilduren bozeramaileak. Olidenen ustez, “ekitatearen teoria” alde batera utzi beharko litzateke, “gaur egun ekitaterik ez dagoelako, herriaren erdia bakarrik arautzen denean. Ekitate hori izango da datorren urteko prozesuan landu beharko duguna”.

Sozialisten emendakina 7 botorekin onartu zen (PSE-EE eta EH Bildu) eta 6 abstentzio jaso zituen (EAJ-PNV).

Ondoren, bigarren emendakin bat edo, hobe esanda, hiru alderdiek sinatutako akordioa tratatu zuten. Honen arabera, behin irailaren 15ean udako denboraldia amaitzen denean, berriro berraztertuko da araudia bere osotasunean eta parte hartze prozesua jarriko da abian. Emendakina edo akordioa aho batez onartu zuten, 13 botorekin. Ordenantza ere hiru alderdien aldeko botoekin onartu zen.

Martxoaren 20an, bilera irekia

Onartu berri duten aparkalekuen ordenantza azaltzeko bilera zabala deitu dute astelehenerako, martxoak 20. Alondegiko Oxford aretoan egingo da, 18:30ean.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend