Zarauzko Udal Gobernukoek egindako adierazpenekin “haserre” daude kiroldegiko langileak

Zarauzko Udalak helarazitako mezuarekin "egoeraren erantzule bakarrak" langileak egiten dituela salatu dute. Gaur eguerdian manifestazioa egin dute Zarauzko kiroldegiko langileek

Udal Gobernuko kideek joan den ostegunean egindako adierazpenak “gaitzetsi” egin dituzte Arizbatalde kiroldegiko langileek, eta “haserre” daudela adierazi dute. Udalak helarazitako mezuarekin “egoeraren erantzule bakarrak” langileak egiten dituela salatu dute. Gaur eguerdian manifestazioa egin dute Zarauzko kiroldegiko langileek, eta negoziatzeko prest daudela esan dute, “hitz egin eta adostasunera iristeko borondate guztia dugu”.

“Langileok bizi dugun egoeraren erantzule bakarrak langileok egiten gaitu, arduradun bakarrak beraiek direnean”, azaldu dute Zarauzko Aritzbatalde kiroldegiko langileek ELAko ordezkarien bidez, ostegunean Udal Gobernuko Jesus Arana eta Iban San Martinek egindako adierazpenei erantzunez. “Larria eta onartezina da Udal Gobernuak langileek bizi duten egoerarekiko duten seriotasun falta, eta, gutxienez, gure borroka errespeta dezatela eskatzen diegu”.

Eskatzen duten gauza bakarra beharginen lan baldintzak bermatu eta plegutan jasotzea dela berretsi dute. Beste behin, horiek aldarrikatuz, gaur kalera atera dira manifestazioan. Mobilizazioan negoziazioa eskatu dute langileek, esanaz beraiek negoziatzeko prest daudela, “hitz egin eta adostasunera iristeko borondate guztia dugu”. Hala ere, alde denak “seriotasunez eseri eta gaiak exijitzen duen tratamendua eman arte” borrokan jarraituko dutela gaineratu dute.

Kiroldegiko langileen lan gatazkan udala ez dela bitartekaria diote beharginek, “udala arduraduna da, eta berak ditu arazo hau konpontzeko baliabideak eta ahalmenak, ez langile kolektibo honek. Udala bitartekari izate horretan kokatzen bada, egin ditzala bere lanak, arduraz eta seriotasunez. Bitartekari bazarete, ez erabili enpresen diskurtsoa zuen ahotan eta defendatu behingoz herriko langileak”.

Proposamenak eta soldatak

Udalak aipatutako enpresen hiru proposamenen inguruan ere hitz egin dute langileek: “Udal Gobernuak dio hiru proposamen egin dituztela enpresek. Guk plataformaren erantzun bakarra jaso dugu BPXporten bitartez, eta, hurrengoa, enpresaren izenean Udal Gobernuak azaldu zigun taula bat. Hau al da seriotasuna? Langileok tratu hobea merezi dugula iruditzen zaigu. Proposamenak negoziazio mahaietan egitea, langileen aurrean eta formalki”.

Soldaten gainean Udal Gobernukoek esandakoa ere gezurtatu dute kiroldegiko beharginek, esanaz haien soldatak ez direla 25.000 eurokoak. “Inondik inora ere, bestela ez ginateke gauden egoeran egongo, gure energia eta denbora xahutzen”. Azaldu dutenez 25 langiletik hiru bakarrik dira lanaldi osoa dutenak, “gainontzekook lanaldi partzialak ditugu, eta ez gara zenbaki horietara hurbildu ere egiten. Adibidez, kolektibo honetan %32,5 lanaldiarekin eta urtean 8.315,16 euro irabazten dutenak badira edo %18,25 lanaldia izan eta urtean 4.669,28 euro irabazten dutenak”. Hori guztiaz gainera, langileen gehiengoak urtean 10 hilabete bakarrik lan egiten dutela esan dute, “udan langabezira joanaz”. Adibide horiek azalduta, Udal Gobernuari “egia osoa” esateko eskatu diote.

2016ko apiriletik Udal Gobernuarekin biltzen ari direla gogorarazi dute beharginek. “Gure eskakizunak luzatzen joan dira eta beraiek eragin dute gaur egungo egoera. Arazoak badu konponbidea, baina falta dena borondate politikoa da”, salatu dute.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend