[ARGAZKI BILDUMA] Loiola jendez beteta, San Jose egunean

Loiola jendez bete dute atzo eta gaur San Jose jaiek. Haurrek eta helduek ez dute aspertzeko tarterik izan, auzoan denetarik egon baita: mus txapelketa, mendi bizikleta irteera, auto klasikoen argazki rallya, asto lasterketa, zezen txikiak eta poniak, herri kirolak…

Bost partaide lehiatu dira aurtengo asto lasterketan. Azkarrenak Aitor Segurola Artañola eta Tiro astoa izan dira. Bigarren Aitor Agirrezabal eta Raikonen sailkatu dira, hirugarren Unai Agirrezabal eta Sara, laugarren Aitzol Arregi eta Lia, eta azkenak, berriz, Inixio Arregi eta Susana.

Arratsaldean, 17:30ak aldera, herri kirol erakustaldia izan da. Haize hotza egin duen arren, jende asko bertaratu da ikuskizunaz gozatzera. Harri jasotzen Jon Unanue Goenatxo III.a, Aimar Irigoien eta Josu Aranguren Axkiola aritu dira. Azken horrek marka pertsonala gainditzea lortu du 125 kiloko harria altxatuta. Aizkoran, berriz Mikel Larrañaga eta Xabier Orbegozo Arria V.a aritu dira. Horiez gain, aizkora erakustaldi berezia egin dute Jose Ignacio Orbegozo Arria II.ak eta bere biloba Aritz Azpiazu Arria VI.ak. Izan ere, bilobaren lehen plazaratzea izan da. Bere aitonaren lehen plazaratzea 17 urterekin izan zen, Loiolan, eta berea ere halaxe izan da, adin berarekin eta leku berean.

San Jose jaiak bukatu badira ere, datorren astean izango dute azken hitzordua Loiolako festazaleek: Kiruri jatetxean erromeria izango da Elustondo anaiekin.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, festetako boletoen zenbaki irabazlea 2621 izan da, eta ordezkoa 1650.

Goizeko irudiak Uztarria.eus atarian ikus daitezke. Arratsaldekoak, aldiz, hemen dituzue (argazkiak: Olaia Iraola):

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend