Gen Verde musika taldeak tailerrak eta kontzertuak eskainiko ditu Azpeitian

Munduko txoko desberdinetako 22 emakumek osatutako taldeak emanaldi bana eskainiko du zapatuan eta igandean .Iraurgi ikastetxeak antolatu ditu emanaldiak. Gainera, Gen Verdeko kideek eskutik tailerrak jasoko dituzte ikasleek datozen egunetan, eta horiek asteburuko emanaldietan parte hartuko dute.
Iraurgi Ikastetxeko eta udaleko kideak. (Julene Frantzesena)

Iraurgi Ikastetxeko eta udaleko kideak. (Julene Frantzesena)

Bakea, elkartasuna eta anaitasuna gisako baloreak oinarri dituen Gen Verde musika taldeak bi kontzertu eskainiko ditu asteburuan Azpeitian. Iraurgi Ikastetxeak antolatu ditu emanaldiak udalaren eta Elizbarrutiaren laguntzarekin, eta taldeak On the other side izeneko bi ordu inguruko kontzertu bana emango du zapatuan (20:00) eta igandean (17:30).

Emanaldietarako sarrerak Sanagustin kulturgunean edo www.kulturaz.eus webgunean eskura daitezke 12 euroren trukean. 18 urte baino gutxiago dituztenek, berriz, 8 euro ordaindu beharko dute. Biltzen duten dirua Iraurgi Ikastetxearen Betharram eraikina berritzeko erabiliko dute. Izan ere, jada hasi dira hura berritzen.

Maje Agirre Iraurgiko zuzendariak azaldu duenez, azken ikasturteetan metodologia aldaketak egin dituzte ikastetxean, ikasleen “adimen anitzak garatzeko”. Horregatik, interesgarria iruditu zaie Gen Verderen Start Now proiektua ikastetxean lantzea. Agirrek esan du ikasle “kritikoak, lantaldean aritzen dakitenak, esfortzuari garrantzia ematen diotenak eta konpometituak” nahi dituztela.Eta, haren ustez, horretarako “garrantzitsua” da, ikastetxean egiten den lanaz gain, ikasleek beste bizipen batzuk izatea.

Kultur aniztasuna da Gen Verde taldearen oinarrietako bat, munduko hainbat txokotako 22 emakumek osatzen dute taldea. Leire Aranburu Iraurgiko zuzendaritzako kideak azaldu du tolerantzia, anaitasuna, konpromisoa eta bakea ere sustatzen dituela taldeak. Horrez gain, proiektua garatzeak ikasleengan izan dezaken eragina ere azpimarratu du. “Gaur egun curriculumean pisurik ez duten dantzarekin, musikarekin eta artearekin lotura zuzena izango dute ikasleek. Eta uste dugu aberasgarria izango dela”.

Bidaia berezia

“Munduak aldaketa behar du, eta gu martxan jartzen bagara, aldaketa hori egin dezakegu”. Hori da Gen Verde taldearen mezu nagusia, eta hori islatuko dute asteburuko emanaldietan. Izan ere, Soreasura bertaratzen direnek munduan zehar bidaiatuko dute .Taldeak, “berezitasun” bat duela azpimarratu du Pablo Soraluze Iraurgiko kideak. “Beraiek dute emanaldiaren ardura hasieratik bukaerara”. Emanaldian bideoak, argiak, musika eta koreografiak uztartuko dituzteGen Verdeko kideek. “Pop-rock doinudun 15 kanturekin kultura desberdinetako errealitateak islatuko dituzte”.

Tailerrak ere bai

Gen Verde taldeko kideak asteburuan ez ezik, bihartik ostiralera ere Azpeitian izango dira. Izan ere, Iraurgiko eta Donostiako Larramendi Ikasetxeko ikasleei hainbat tailer eskainiko dizkiete egun horietan. Herriko hainbat txokotan egingo dituzten saioetan perkusioa, kantua, antzerkia eta dantza landuko dituzte Start Now proiektuaren barruan. Soraluzek azaldu duenez, tailerrak irekiak dira eta 14 eta 18 urte bitarteko edozein herritarrek parte har dezake horietan. Iraurgikoek jakinarazi dutenez, 100 bat ikasle izango dira saioetan, eta horiek Soreasuko oholtzan izango dira asteburuko bi emanaldietan.

Leire Goenaga udaleko Hezkuntza zinegotziak esan du Gen Verdere proiektua kultur ekitaldi bat baino haratagoko gauza dela: “Aipatzen diren baloreak, proiektuan emakumeak duen garrantzia eta duten papera…”. Goenagak eskerrak eman dizkio Iraurgi Ikastetxeari herriarentzat halako ikuskizun bat antolatzeagatik, eta zinegotziak esan du kultur dinamika aldetik herri “indartsua” dela Azpeitia. “Kultur eskaintza handia du gure herriak egunero, eta Azpeitiko gazteak kultur dinamika horretara sartzea oso garrantzitsua da, aurrera begira ere Azpeitiak kultur dinamika indartsua izaten jarrai dezan”.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend