Getariako Udalak aurten 400.000 euro bideratuko ditu inbertsioetarako

Getariako Udalak hilerrian beilatokia egiteko asmoa du. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Getariako Udalak hilerrian beilatokia egiteko asmoa du. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Pasa den astean Getariako Udalbatzak 2017ko udal aurrekontua onartu zuen, EH Bilduren aldeko botoekin. Denera 3.734.965 euroko aurrekontua onartu dute, eta horretatik 400.000 euro inbertsioetara bideratuko dutela azaldu dute, aurrekontuaren %10,6, alegia.

Udal Gobernutik zehaztu dute herritarren proposamenek “gero eta pisu handiagoa” dutela aurrekontuan. “50.000 euro bideratuko ditugu Guztiok 1 parte hartze prozesuan jasotako proposamenak garatzeko”.

«Plangintzarik gabe»
Getariako EAJko hautsiek ezezkoa eman zioten 2017ko udal aurrekontuari. “Inbertsioetan eskasa eta plangintzarik gabea izateaz gain, udaleko zerbitzu juridikoen txostenak argi dio, gauzatu ezinak direla proposatu dituzten inbertsioetako batzuk”, azaldu dute. Gainera, EAJk egindako proposamenak ez dituztela jaso nabarmendu dute.
Jeltzaleen iritziz EH Bilduko Udal Gobernuak “ez du garatu” Getariaren oraina eta geroa bermatuko duen plangintza estrategikorik, eta uste dute “haizeak nondik jotzen duenaren arabera” ari direla gobernatzen, “haizeak amildegitik behera bidaltzen gaituen arte”.

Bestalde, udalaren gardentasun falta ere salatu dute. “Udal Gobernuak zerbitzu askoren kudeaketa lehiaketa publikoa egin gabe aukeratutako enpresen esku utzi du”.

Beilatokia hilerrian
Getariako EAJk ez du herrian  beilatokia egiteko “inolako beharrik” ikusten, “zazpi kilometroko erradioan bi beilatoki ditugulako”. Gainera, Udal Gobernuak gaiarekiko duen jarrera salatu dute: “Kaletik jakin dugu udalak hilerrian egin nahi duela beilatokia. Zergatik ez dago udalean horren proiekturik?”. Beilatokiaren proiektua publiko egiteko eskatu dute.
INBERTSIO NAGUSIAK
Adinekoak
– Arrantzale Zaharren Elkartearen egoitza berritzeko, bi urtetan 25.000 euro jarriko dituzte.
Auzoak eta herri bideak
– Meaga auzoko elkartea berritzeko 14.000 euro.
– Herribideen konponketarako 82.000 euro. Arano baserriko bidea eta Agerre Berri baserriko bideak konpontzea aurreikusi dute aurten.
Beilatokia
– Beilatokia egiteko 100.000 euroko partida jarriko du Getariako Udalak, eta beste 80.000 euroko diru laguntza jasoko du. Beilatokia egiteko tokirik aproposema hilerria dela uste dute.
Hondakinak
– Hondakinen arloan. Menditxo auzoan birziklatzeko gunea egin, lurpeko zaborgunea tapatu, biltegi zaharra txukundu eta txakur kaken inguruan kontzientziazio kanpaina egiteko 20.000 euro.
Irisgarritasuna
– Irisgarritasun Plana garatzeko 15.000 euro.
– Elkano kaleko erdigunean zenefa jartzeko 26.620 euro. Dena dela, horretarako partida gerakinetik hartuko dute.
Kirola
– Kiroldegiko spinning gela egokitzeko 3.630 euro.
– Kiroldegiko ekipamendua berritzeko 11.000 euro.
Liburutegia
– Ikasketa gela hornitu eta martxan jartzeko 10.000 euro. Gainera, liburuzainari bi ordu gehituko zaio asteko lanaldia.
Memoria historikoa
– Aranzadik lehen frankismo garaiaren inguruko ikerketarekin jarraitu dezan 9.000 euro.
– Matxitxakoko Batailaren 80. urteurreneko ekintzetarako 1.000 euro.
Ongizatea
– Gizarte larrialdietarako laguntzen diru partida osatzeko 20.000 euro.
Parte hartzea
– Parte hartze arloan hainbat prozesu egingo ditu Getariako Udalak, eta horretara 12.200 euro bideratuko ditu.
Turismoa
– Elkano 500 egitasmoaren inguruan fundazioa sortzeko 25.000 euro, eta hainbat ekintza finantzatzeko 13.000 euro.
Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend