Irabazi Zarautz: “Alkateak ez du errealitatea onartu nahi”

EH Bilduk ostiralean egin bezala, Irabazi Zarautz udal taldeak ere Xabier Txurruka alkateari erantzun dio, surf zentroaren inguruan egindako adierazpenen harira.
Surf zentroa kokatu nahi zuten Talaimendiko gunea. (Zarauzko Hitza)

Surf zentroa kokatu nahi zuten Talaimendiko gunea. (Zarauzko Hitza)

Irabazi Zarautzek argi utzi nahi izan du Talaimendin eraikitzearen egokitasunari buruz ikuspuntu ezberdin nabariak dituztela alkatearekin eta Udal Gobernua (EAJ eta PSE-EE) osatzen duten alderdiekin. “Baina surfcamp-aren kontuan, desberdintasun horiek izan ezik, legezkotasunaren kontua dago, eta horregatik Eusko Jaurlaritzak atzera bota du proiektua“.

Zentzu horretan, alkatearen ondorengo esanak ekarri ditu gogora: “EH Bilduk eta Irabazik proiektuaren ideia ulertu ez zutenaren sentsazioa dut, landa gune batean ezartzeko beharra ez duen ekipamendu pribatua dela defendatzen jarraitzen baitute”. Horri erantzunez,  argi utzi du Irabazik hori ez dela “bakarrik” beren iritzia, baizik eta “jaurlaritzako Lurralde Antolaketaren Batzordeak otsailak 15ko akordioan esaten duen gauza bera” dela. Gainera, eraikuntzak “inpaktu paisajistiko handia” ekarriko lukeela ere esaten duela dio, baita “presio urbanistikoagatik paisaiarako mehatxuaren adibidea dela” ere.

Irabazi Zarautzen ustez, “alkateak ez du errealitatea onartu nahi. Proiektuak ez du legea betetzen eta bere alderdiak gobernatutako erakundeek esan diote, aldundiak eta jaurlaritzak”. Interes publikoa eta legea babestea “alkatearen betebeharra” dela nabarmendu du: “Alkateak berak egon beharko zukeen proiektuaren kontra, udal teknikarien txostenek legea betetzen ez zuela esaten zutelako. Aitzitik, zalantzaren onura eman zion, bere adierazpenetan esan bezala”.

Irabazi Zarautzek espero du “honek balio izatea udal talde guztiok kontzientzia har dezagun Talaimendiren inguruneari babes handiagoa emateko beharraz”.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend