Banda Zabal Ultra Azkarraren hedapen plana martxan da herri txikietan

Aian, Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen eskuko telefonoa, telefono finkoa, Internet eta telebista zerbitzuak eskuratu ahal izango dituzte. Gipuzkoako Foru Aldundia aste honetan jarriko da harremanetan onuradun posibleekin.
DSC_0241

Xebero Agirretxe, Yurre Peñagarikano, Iñaki Labaka, Nekane Arrizabalaga, Nekane Otaño eta Mari Karmen Arregi, gaur goizean Azpeitian egindako bileran. (Ihintza Elustondo)

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan dagoen lehen sektoreari lotutako Landagipuzkoa+ egitasmoa martxan da. Gipuzkoako landa eremuetan eta herri txikietan maiz jasaten duten desorekari aurre egitea da egitasmo horren helburua, eta aldundiak 25 milioi euro bideratuko ditu horretara legealdi honetan. Programaren asmoa da landa ingurunean hiri ingurunearen antzeko zerbitzuak eta gizarte ongizatea lortzea, biztanleriari eusteaz gain, landa eremuak “erakargarri eta lehiakor” egiteko. Gipuzkoa pertsonen arteko ezberdintasun maila gutxien duen Europako lurraldea bihurtzea ere bada xedea.

Egitasmo horren barruan, 2.500 biztanletik behera dituzten Gipuzkoako 49 udalerriri zuzenduta, Banda Zabal Ultra Azkarraren hedapen plana jarri dute martxan. Plan horrek eskuko telefonoa, telefono finkoa, Internet eta telebista zerbitzuak ahalbidetuko ditu. Herri txikiek bizi duten arraila digitalari aurre egitea eta ekonomia jarduera berriak sustatzea dira programa horren helburuak, eta Urola Kostako lau herriri eragingo die: hain zuzen, Aiari, Aizarnazabali, Beizamari eta Errezili. Hori horrela, Iñaki Labaka Foru Aldundiko Lurralde Orekako zuzendaria gaur Azpeitian izan da programa horren inguruko xehetasunak azaltzen Xebero Agirretxe Errezilgo alkateari, Nekane Otaño Beizamako alkateari, Nekane Arrizabalaga Aiako alkateari eta Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkateari. Bertan izan da Yurre Peñagarikano Urkome Urola Kostako Landa Garapenerako Elkarteko kudeatzailea ere.

Hornikuntza, hiru fasetan

Herri horietako erdigunetik kanpo aldera hiru eraztun diseinatu dituzte: 500 metroko erradioa duen eraztun bat, kilometro batekoa eta bi kilometro beste bat. Hala, hiru fasetan egingo dute hornikuntza. Modu horretan, herri txikietako eraikinen %90era iritsiko da konexio ultra azkarra. Labakak azaldu duenez, bi kilometroko erradiotik kanpo gelditzen direnei “banan-banan irtenbidea” bilatuko diete. Lehen fase honetan, 500 metroko erradioaren barruan kokatzen diren eraikinetako biztanleak izango dira onuradunak.

49 herri txikietako mila unitate higiezin baino gehiago baliatu ahal izango dira lehen deialdiaz. 300 Mbps-ko gutxieneko konexioaz gozatzeko aukera izango dute onuradunek, eta hori instalatzeagatik ez dute ezer ordaindu beharko; alta emateaz bakarrik arduratu beharko dute. Deialdiaren bidez, aldundiak instalazioaren inbertsioaren %95 arte ordainduko du, eta gainontzekoa operatzaileen esku geratuko da. Onuradunak izan daitezkeen herritarrek ez dute gestiorik egin beharko; izan ere, aldundia beraiekin harremanetan jarriko da aste honetan.

Segidan operatzaileak jarriko dira harremanetan onuradunekin, zer eskaintzen duten azaltzeko, eta onuradunek baiezkoa ematen badute, operatzaileek aldundiari egingo diote eskaera. Orduan, mahai teknikoan aztertuko du aldundiak eskaera, eta hori onartzean hedatu ahal izango da konexioa. Atal horietako bakoitza garatzeko epeak zehaztu dituzte: operatzaileek eskaerak ekainaren 30a baino lehen egin beharko dituzte, aldundiak irailaren 30a baino lehen ebatzi beharko ditu horiek, eta azaroaren 30a baino lehen exekutatuko dituzte.

Onuradun posibleak zein diren ikusi eta informazio gehiago eskura daiteke landagipuzkoa.eus atarian.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend