Hainbat berrikuntza izango ditu aurtengo Azkoitiko umeen danborradak

Apirilarren 22an izango da Azkoitiko 52. haurren danborrada. Bi konpainiak jantzi berriak estreinatuko dituzte. Beste urteetan baino talde gehiagok parte hartu dute aurtengo antolakuntzan.
Azkoitiko_umeen_danborrada

Umeen danborradaren antolatzaileak, atzo Azkoitian egindako aurkezpenean. (Ihintza Elustondo)

Apirilaren 22an izango da aurtengo Azkoitiko haurren danborrada, 17:00etan hasita. Sei konpainiatan banatuta, 5 eta 12 urte bitarteko 250 umek baino gehiagok parte hartuko dute. Data hurbiltzen ari dela eta, dagoeneko hasi dira gaztetxoak entseguekin. Horrekin batera, antolatzaileek aurtengo edizioaren berrikuntzen berri eman dute.

Aurten, bi konpainiak estreinatuko dituzte jantziak, lehengoak “oso zaharkituta” zeudelako. Horietako bateko kideak abarketariz jantzita joango dira, eta besteek Umore Ona elkartearen jantziak eramango dituzte. Azken jantzi hori helduen danborradan erabili ohi da, baina lehen aldiz jantziko dute umeek. Ane Larrañaga diseinatzaileak egin ditu arropa berriak; iaz berak egin zituen Zalduntxoenak.
Aurtengo karrozaren gaia zein izango den ere erabaki dute: hain zuzen, abarketagileak izango ditu ardatz. Bertan, hamabi lagun aterako dira, sei neska eta sei mutil.

Antolakuntzan ere aldaketak izango dira aurtengoan. Azken urteetan Umore Ona elkarteak antolatu izan du danborrada, Udalaren laguntzarekin. Laguntzaileak, ordea, gehitzen joan dira, eta aurten konpainia bakoitzak arduradun bat izango du. Horrez gain, antolatzaileei Txintxarri taldea eta Xabier Munibe Ikastolako eta Floreaga Ikastetxeko ordezkariak batu zaizkie.

Danborradaren egunean, hamar abesti joko dituzte gaztetxoek. Horien artean, bat izango da berria: San Sebastian martxa. Ibilbidea, berriz, iazko bera izango da: Balda plaza, Santa Klarako zubia, Bizkargi kalea, Julio Urkixo, Balda plaza, Kale Nagusia, Plaza Nagusia eta Gurea pilotalekua zeharkatuko dituzte danbor-jotzaileek.

Apirilaren 22an eguraldi txarra egiten badu, igandera atzeratuko dute danborrada.

Honako hau da abarketarien jantzi berria:

jantziak 1

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend