Monika Etxenagusia: “Hainbeste euskaltzale batera ikustea ikusgarria da”

Etxenagusiak eta haren familiak urtero erosten dute Korrikako kilometro bat, euskarari laguntzeko asmoz. Familiako amonak azaldu duenez, ez du intentzio faltarik aurten ere Korrikan ateratzeko.
Monika Etxenagusia eta haren familiako kideak lekukoarekin. (Joxe Garmendia)

Monika Etxenagusia eta haren familiako kideak lekukoarekin. (Joxe Garmendia)

Behin baino gehiagotan atera da Korrikan Monika Etxenagusia (Errezil, 1928). Lekukoa eskuan hartu, eta seme-alabez zein bilobez inguratuta, irribarretsu eta alai irten da kalera, euskararen alde aldarri egitera. Adina adin, osasuna duen bitartean, ez du gelditzeko asmorik.

Zenbat urtez atera zara Korrikan?

Ez dut gogoan zenbat aldiz atera naizen, baina hemendik pasatzen zen bakoitzean joaten nintzen seme-alabekin lasterka. Lekukoa ere pare bat aldiz eraman dut. Dena dela, beti saiatu naiz nire ahalmenen arabera korrika egiten.

Noiz atera zinen aurreneko aldiz?

Ba ez naiz gogoratzen, baina oso gogoan dut Matxinbentan egin nuen korrika saioa. Hara iritsi ginenean jende gutxi zegoen, eta lekukoa eraman behar nuen. Hasieran, urduri nengoen, baina, gero, lagun giro ona zegoela ikusita, animatu egin nintzen. Jende gutxi elkartu ginen, eta, halere, oso giro onean egin genuen korrika.

Familian kilometroa erosteko ohitura duzue. Nolatan hasi zineten?

Etxetik beti euskarari laguntzen saiatu gara, eta Korrikari ere bai. Azken urte hauetan euskarak diru laguntza behar handia izan du. Beharra ikusi eta animatu egin ginen, eta oso gustura egiten dugu, gainera. Euskarari laguntzea zen gure asmo bakarra.

Zergatik egiten dizu ilusioa Korrikan irteteak?

Jende pila bat korrika egiten ikustean, ni ere animatu egiten naiz. Denak aurrera joaten ikusteak niri ere aurrera egiteko indarra ematen dit. Hainbeste euskaltzale batera ikustea ikusgarria da.

Aurten ere aterako al zara?

Intentzio faltarik ez dut. Ordua ez da hain egokia niretzat [05:00ak aldera igaroko da Korrika Azpeititik]; dena dela, saiatuko naiz.

Ez dira asko izango zure adinarekin Korrika egitera animatzen direnak. Adina ez al da oztopo zuretzat?

Esan behar dut adina ez dela oztopo osasunak laguntzen baldin badu. Horregatik, atera nahi duen edonor animatuko nuke, merezi duen esperientzia baita.

Oroitzapen berezirik ba al duzu?

Hasierako urte batean, Korrika  Azpeititik pasatu zenean, goizaldea zen, eta gogoratzen naiz nola aipatu zuten Madalenan tiroak bota zituztela. Orduan kezka pixka bat izan nuen.

Zure ustez, euskara da Korrikaren funtsa?

Euskara da amak eta aitak erakutsitako hizkuntza eder bat, gure hizkuntza. Egunero erabiltzen duguna eta bultzatu beharrekoa.

Zer esan nahi du zuretzat Korrikan irteteak?

Euskararen alde ari garela eta euskarari eutsi behar diogula.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend