Bigarrengoa, “are ikusgarriagoa”

Bihar jokatuko dute bigarren aldiz Bi Harri Txapelketa, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan. 'Mollarri' eta 'Jai Txiki' harri baldarrekin egingo dute lan hamar harri-jasotzailek.
Bi Harri Txapelketaren aurkezpeneko irudia. (Amaia Ventas)

Bi Harri Txapelketaren aurkezpeneko irudia. (Amaia Ventas)

Kirol ekitaldi “berezia” jokatuko dute bihar, Aritzbatalde pilotalekuan: Bi Harri Txapelketa. ZKEko Herri Kirol sailak iaz antolatu zuen lehenbiziko aldiz, udalaren laguntzarekin. “Estreinako txapelketak arrakasta handia izan zuen, eta jende asko bertaratu zen”, nabarmendu du Iban San Martin Kirol zinegotziak. Hala, aurten ere “ilusioz” heldu diote antolaketari.

Iaz baino harri-jasotzaile gutxiagok—lehengo urtean 17 izan ziren— hartuko dute parte aurten. Guztira, hamar izango dira: Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a (Aia), Jexux Mari Iruretagoiena Izeta III.a (Aia), Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a (Zarautz), Iñigo Eizagirre Eiza (Zarautz), Jokin Eizmendi (Zarautz), Joseba Ostolaza Ostolaza II.a (Orio), Imanol Illarramendi Kortaberri (Aia), Xabier Peñagarikano Peña (Aizarnazabal) Urtzi Telleria Telleria II.a (Lasarte-Oria) eta Sergio Mielgok (Madril). Eta bi harri baldarrekin lehiatuko dira: Jai Txiki eta Mollarri harriekin, zehazki.

Zarautz eta Getaria artean jasotako harri koadroa da Jai Txiki, eta Mollarri, berriz, Orio eta Zarautz bitartean aurkitutako harri oboidea. 117 eta 121 kilo dituzte, hurrenez hurren. Orain dela bi hilabetera arte udaletxean egon dira gordeta. Baina txapelketa iragartze aldera, Aritzbatalde kiroldegiko sarreran egon dira erakusgai, eta lehia hasi baino ordubete lehenago eramango dituzte pilotalekura.

Harriarekin txandaka

Harri-jasotzaile bakoitzak 7 minutuko denbora izango du, eta txandaka altxatu beharko ditu harriak, bakoitzak aukeratutako ordenean. Izeta II.ak adierazi duenez, hori ez da beste inon egiten: “Normalean, harri-jasotzaileek lauzpabost harrirekin egiten dute lan, eta batekin bukatzean hurrengoarekin jarraitzen dute. Bi Harri Txapelketaren berezitasuna da txandaka egin beharko dutela lan: lehenbizi bat altxatuko dute, ondoren bestea, gero berriz lehenbizikoarekin jarraituko dute… Horrek badu bere xarma”. Juan Mari Iraola ZKEko Herri Kirol saileko presidentearen arabera, jokatzeko modu horrek harri-jasotzaileen benetako trebetasuna erakusten du.

Lehiakideak egungo marka hobetzen saiatuko dira. Izeta II.a-k ezarri zuen iaz marka, 25 jasoaldirekin: 13 altxaldi Mollarri-rekin eta 12 Jai Txiki-rekin. “Iaztik hona parte-hartzaileek ikasi egin dute, eta hobeto ariko dira. Iazko txapelketa ikusgarria izan zen, eta aurtengoa, are ikusgarriagoa izango da”. Marka hausten duenak, gainera, 300 euroko sari berezia jasoko du, berrikuntza modura. Bestelako sariak ere emango dituzte, altxaldi bakoitzagatik, esaterako.

Beste berrikuntzetako bat agertokiari lotutakoa da. “Herri kirol txapelketa batean ahalik eta agertoki politena atontzen saiatuko gara”, aurreratu du Iraolak. Hala, hainbat irudidun biniloekin apainduko dute frontoia. eta pantaila handi bat ere jarriko dute, altxaldien errepikapenak eskaini eta babesleen 20 segunduko bideoak erakusteko. “Normalean herri kirol txapelketak xumeak izaten dira. Gu saiatuko gara ikuspegi aldetik bultzada ematen herri kirolei”, azaldu du.

Harri-jasotzaileen lehiaz aparte, Zarauzko eskolako Estitxu Armandozek erakustaldia eskainiko du. Sarrerak egunean bertan jarriko dituzte salgai, kiroldegiko lehiatilan: 15 euro balioko du txartel bakoitzak; ZKEko bazkideek 8 euro ordaindu beharko dituzte; eta 12 urtetik beherakoentzat doan izango da sarrera.

Jarraipena emateko asmoz

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, jarraipena emateko asmoz sortu zutela proba. “Aste Santuaren atarian jokatuko da proba, eta iaz bezala, espero dugu aurten ere jende ugari bertaratzea”, adierazi du San Martinek.

Esteban Collantes ZKEko presidenteak aitortu du “harro” dagoela Herri Kirol saila egiten ari den lanaz: “Lan oso garrantzitsua ari dira egiten. Herri kirolek gorakada nabarmena izan dute azken urteotan, eta horrek lotura zuzena du Zarauzko eskolarekin. Urtetik urtera goraka doa parte hartzea”.

Iraolak jakinarazi du gaur egun 9 gazte ari direla trebatzen herri kirol eskolan, horietatik bi “oso gazteak dira, 9 eta 13 urtekoak”. Harria jasotzeaz gain, beste bi modalitate ere lantzen dituzte: txingak eta ingude jasotzea.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend