ETAren armagabetzearen aurrean, eskualdeko bizilagunen erreakzioak

ETAren armagabetzea dela eta, eskualdeko hainbat lagunen erreakzioak jaso ditugu. Gehiago bildu ahala, osatzen joango gara.

Hauek dira mahai gainean jarri zaizkien bi galderak:

1. Nola baloratzen duzu ETAren armagabetzea?

2. Eta orain, zer?

Honako erantzun hauek jaso dituzu orain arte:

Imanol Murua Uria (Kazetaria)

1.ETAren armagabetzea, ikuspuntu historikotik begiratuta mugarri garrantzitsua izateaz gain, dinamika berri baten abiapuntua izan daiteke, bereziki presoen auzia desblokeatze aldera. Armagabetzeak iritsi egin behar zuen, borroka armatua uztearen ondorio logikoa hori zelako eta, gainera, zama bihurtu zelako presoen auzian aurrera egiteko. Armagabetzeak ez du berez ezer ekarriko, baina jokalekua aldatu egin du. Baldintzak hobeak dira orain. Larunbataz geroztik, espetxe politikan mugimendurik ez egiteko aitzakia bat gutxiago dute Madrilek eta Parisek, eta beste espetxe politika baten aldeko adostasuna are gehiago zabaltzeko arrazoi bat gehiago, gainerakoek”.

2. “ETAren desegitea, presoen gerturatzea eta gaixo daudenen askatzea. Horixe gertatzea espero dut etorkizun ez oso urrunean. Batzuen eta besteen adierazpenak irakurrita, badirudi ETA desegitearen beharrari buruz ados daudela eragile guztiak, baita ezker abertzalean ere (hala aitortu ez badute ere, begionez ikusten dutela iradokitzen ari dira). Espero bezala presoen kolektiboak oniritzia ematen badio espetxe legediaren bidez banan banako eskaerak egiteari eta, espero bezala, ETAko kideen eztabaida prozesuaren ondorioa erakundearen desegitea baldin bada, egoera berri horretan Madrilek eta Parisek ere mugimenduak egitea espero dut”.

Eneko Etxeberria (Azpeitiko alkatea)

1. “Uste dut bakea lortzeko pausu oso garrantzitsua dela, egungo bizi modernoaren abiaduran beste albiste besterik ez du ematen du, baino historian sartuko den pausua da eta data da. Etorkizunean atzera begiratuta ikusiko da eta erabakiaren pisua nabarmentzeaz gain forma berri eta irudimen handiko formulazioaz gogoratuko garela uste dut. Zailtasunen objektiboen aurreko ekimen honek, aldi berean, ilusioaz betetzen gaituena, protagonismoa gizarteari, herritarrei ematen zaielako, eta neurri batean herritarrek ahalmendu eta aktore printzipal bihurtu. Iragana ezin da aldatu, eta batzuek iraganean lotuta nahiko balute betirako herri hau ere, etorkizunera begira jarria dago jendartea eta gure herria”.

2. “Baionan larunbatean egon ginenak oso kontziente ginen pausu honek aukerak irekitzen dituela, eta aukera horietan pausu berriak eman ezkero etorriko dela gure herrira bakea, biktimak eta presoen gaineko erabakiek bizikidetza indartu eta eraikiko dute, baina gainera, batez ere bakeak errespetua exijitzen du, edozein proiektu politiko gaurko markoan ere garatu daitekeenaren bermea. Dena izan beharko litzateke posible herritarrek nahiko balute, mugarik gabe, gure herritarren borondatea aparte mugarik gabe”.

Joseba Permach (Sortuko kidea)

1.- “Nire ustez oso berri garrantzitsua eta pozgarria da. Gezurra badirudi ere, gure herrian gertatzen ari dena ez da munduan zehar eman diren beste prozesuetan inoiz gertatu: armagabetze prozesu bat burutu nahi izatea eta estatuek eskaintza horri muzin egitea. Iraganean korapilatu nahi gintuzten, baina ETAk egoera desblokeatzen asmatu du, bere erabakiarekin etorkizunari bidea emanez”.

2.- “Herri honek, oraindik ere, bi arazo larri ditu. Batetik, gatazkaren ondorioei behin betiko irtenbide bat bilatzea eta, besteak beste, presoen etxeratzea lortzea. Bestetik, gatazkaren oinarrian dagoen herri honen ukazioari ere aurre egin eta Euskal Herriak hitza berreskuratu beharra dauka. Gure geroaren jabe izateko eskubidea dugu eta gure etorkizuna eraikitzeko ezinbesteko osagaia da. Denok, bakoitzak ahal duen neurrian eta bere burua egokien ikusten duen tokian, lana egiten jarraitu beharko dugu aipatu arazoak, lehenbailehen, konpontzeko.  Zer etorriko den baino, zer egin nahi dugun eta zer egingo dugu lehenetsiko nuke”.

Rosario Lasa (GALen biktima)

1. “Armagabetzea, berez da berri pozgarria edonoiz eta edonon gertatuta ere. Eta ETAren armagabetzea, zalantzarik gabe, oso berri pozgarria da, alde guztietan sufrimendu handia eragin duen aro bat ixten delako”.

2. “Aurrera begira, desberdinak elkarrekin bakean eta duintasunez bizi ahal izatea izan beharko genuke helburu. Eta lan hori denoi dagokigun arren, erantzunkizunik handiena agintariek dute, beraien erabakiek moldatzen dutelako jendartea. Euskal herritar guztiok izan beharko genuke gogoan helburu hori gure jarrera eta jardueretan”.

Aitor Gorrotxategi (Azpeitiko Udaleko EAJren bozeramailea)

1. “Guztiok, eta neuk pertsonalki, desio nuen zerbait da. Su-etenerakin aro berri bat hasi genuen, baina urrats hau beharrezkoa dela uste dut aurrera egiteko. ETA soberan dago”.

2. “Pasatu dena ahaztea zaila izango da, eta zauriak sendatzen joan behar da. Eskubide urraketa eta biktima guztiek izan behar dute beren erreparazioa eta aitortza”.

Aritz Arzallus (Azpeitiko Sortuko kidea)

1. “Beste urrats eta une historiko baten aurrean gaude eta horrek itxaropena areagotzen dit. Gatazkaren ondorioen konponbide osoaren baitan, ETAk bere aldetik jarduera armatua amaitutzat eman zuenetik, urrats hau egiteko jarrera etengabea izan du. Alderantzizko norabidean, berriz, une guzti horretan zehar estatuen eta hainbat instituzioen partetik zuten ardurari muzin egin eta gehiegitan oztopatzen aritu dira. Beraz, ia usteltzear zegoen prozesu horren testuinguruan, txalogarria iruditu zait gizarte zibilak, heldutasuna demostratuz, lekukoa eta protagonismoa hartu eta ‘bakearen artisauek’, ETAren armagabetze kontrolatua, ordenatua, segurua eta gardena izan dadin egin duten ekarpena. Eta zentzu horretan, txalogarria baita ere bake prozesu integralaren alde eginez eta larunbateko ekimenean parte hartuaz, hainbat herritar anitzen partetik jaso den babes politiko eta sozial anitza. Gainera azpeitiar ugari ikusi nituen Baionan bertan, ilusionagarria zentzu horretan. Hala ere, Euskal Herrian bake justu eta osoa egon dadin nahi dut eta oraindik ez da gauzatu hori. Preso, iheslari eta deportatu politikorik gabeko herri batean amesten dut eta ametsetatik hori bizitzera pasa nahi dut, guztiak etxean izatera. Oraindik ere gure kaleetan inpunitate osoarekin eta oldarkor dirauten indar armatuen presentziak ez du bake osoan gauden sentsaziorik ematen, inondik inora ere. Eta gatazkaren biktima guztien aitortzatik abiatuta errelato kolektibo bat egiteko bidea egin beharra dugu. Hori izango da gatazkaren ondorioen konponbide osoa ematea, Euskal Herrian bake justu eta iraunkor bat izatea”.

2. “Euskal herritarrok etorkizunean zer nolako herria izan nahi dugun erabakitzeko, indartsu abiatu den burujabetza prozesu herritar horren garapena hala edo nola blokeatzea dago estatuek konponbidearen aurka daramaten estrategiaren oinarrian. Eta hori izango da gure etorkizuneko erronka nagusia, burujabetza prozesu zabal eta indartsu bat eraikitzea, euskal herritar guztiok parte izango garena. Eta horretan ere, Euskal Herriko instituzioek paper garrantzitsua jokatzen duten arren, aitzindari eta protagonista nagusiak izatea herritarroi tokatzen zaigu. Eta horretan sinesten dut. Bakean eta askatasunean oinarritutako euskal estatu independente eta demokratiko bat amesten dut eta berandu baino lehen ezagutuko dugula ziur nago. Bada garaia gure seme-alabek irri egin dezaten Euskal Herri berri batean”.

Mari Karmen Arregi (Aizarnazabalgo alkatea)

1. “Bakegintzan eman den aurrerapauso bat gehiago dela iruditzen zait, oso garrantzitsua izanik, eta oztopoak asko izan arren, bakearen bidean poliki-poliki aurrera goaz”.

2. “Oraindik lortzeko asko dagoela iruditzen zait eta arduraz pausuak ematen jarraitu behar dugula bakearen alde”.

Aitor Urresti (Getariako Udaleko EAJren bozeramailea)

1. “Balorazioa positiboa da, baina ez ospatzekoa. 50 urte gogorrak izan dira, demokraziaren oinarriak urratuak izan diren urteak, eta ondorio latzak eragin ditu gizartean. Larunbateko armagabetzea duela 5 urte abiatutako bidean beste pausu bat da, dudarik gabe, baina bidea dugu egiteke. Nire kasuan, ETAren azken urteak soilik bizi izan ditut, baina ezagutu dut taldeak urteak atzera egindako kaltea ere. Eta, orain, behin ikuspuntu osatuago batekin, galdetzen diot nire buruari ea zergatik ez lehenago; ea zergatik ez zen armagabetzea Lizarra-Garazin gauzatu; ea zergatik ez Loiolan. Iritsi da, ordea, eta nahiz eta 50 urtek uzten duten itzala presente izan eta ez ahazten utzi, pozten naiz belaunaldi berrien orainean ez delako ETA egongo”.

2. “Esan bezala, bidea geratzen da aurretik, lan asko dago egiteke; bai herritar modura, baita hautetsi eran ere. Urte asko izan dira, eta asko dugu baloratu, barneratu eta buelta emateko. Bizikidetza alorrean oraindik gorrotoak eta lidia politikoen arteko talkak egon badaude, eta alde guztien adostasunean oinarritutako konponbidea bilatzeko uneak dira hauek. Baina pausu bat da, beharrezkoa zen pausu bat, behingoz gauzatu dena eta unea probestea da gure ardura. Normalizazioa da bidea eta elkarren arteko errespetua, bai iraganarekiko eta baita oraina eta etorkizuna izango denarekiko ere. Batera bizitzetik, elkarrekin bizitzera igaro behar dugu”.

Iraitz Otaño (EH Bilduren bozeramailea Azkoitiko Udalean)

1. “Egun historikoa izan zen apirilaren 8koa. Bakerako eta konponbiderako bidean urrats handi bat eman zen larunbatean. Inon ikusi ez den armagabetze bat eman zen. Gizarte zibilak hartu zuen ardura, ardura handia, baina beste behin ere euskal jendarteak momentuak eskatzen duen mailan egoten dakiela eta aktibo jarraitzen duela erakutsi zion munduari. Bestalde, oraingoan ere, Gobernu Espainolak argi erakutsi zigun ez duela ezer asko jakin nahi bakeari buruz, eta tamalgarria da benetan oztopoak jartzen jarraitzea”.

2. “Orain etorkizunari begiratu behar diogu, bake eta konponbidearen bidean aurrera jarraitu behar dugu gelditu gabe. Asko dago egiteko, jakina, baina larunbatean lortu zen sentsibilitate ezberdinetako jendearen batasunarekin errazago egingo dugu bidea. Elkarrekin egiten ez badugu ez baititugu lortuko larriki gaixo dauden presoen etxeratzea, preso eta iheslarien euskal herriratzea edota biktima guztien aitortza”.

Miren Aranguren (Bilgune Feministako kidea)

1. “Orain dela 6 urteko adierazpena eta gero etorri behar zuen pauso bat dela uste dut, demokratizazio prozesuan aurrera egiteko gertatu behar zuen zerbait. Argi gelditu da ordea, ez dela bide erraza izan. Estatuen jarrera itxiak asko zaildu baitu bai armagabetzea bai gatazkaren konponbidean bestelako pausoak ematea. Oraindik zirrara sortzen didate Baionako ekitaldian bake artisauei entzun genizkien hitzek, bota zituzten/genituen malkoek, ikusitako itxaropen aurpegiek. Hauxe ekarri baitit niri armagabetzeak: Batetik poza, ilusioa, exitazio puntu bat. Itxaropena. Etorriko denarekiko jakinmina, urteetako min eta sufrimenduaren parte bati bederen ateak ixteko aukera berri bat ireki dela pentsatzen dut. Aurrez ezagutu ez dugun baldintza berri bat dugu mahai gainean eta behintzat horrek bide berriak irekiko dituela sinestu nahi dut. Bestetik beldurra, nostalgia. Jaio nintzenetik ETAren jarduera armatua ezagutu dut. Etorriko dena hobea izango denik ez dakit eta ikara ere sentitzen dut. ETAren jarduera armaturik gabe, ustezko normalizazio egoera batean gaudela sinestu dezakegu eta ez dut uste hala denik. Azkenik ardura. Izan ere, estatuen jarrera itxiek, klase politikoaren eskema zaharrek eta euskal herritarron ausardiak argi utzi dute, berriro ere, gu guztion inplikazioarekin egingo duela demokratizazioak aurrera. Ardura, prozesu horretan guztian gatazkaren definizioa eta, ondorioz, bakearena ikuspegi feministarekin jantzi behar dugulako. Herritar guztion inplikazioa eskatzen duelako, eta indar horiek guztiak artikulatu behar ditugulako”.

2. “Ez dakit zer gertatuko den. Gustatuko litzaidake beste herrialde batzuetan gertatu den bezala hurrengo pausoak argi egotea, adostuak izatea, bide orri argi bat edukitzea. Baionan argi gelditu zen askoren aburuz zein den hurrengo pausoa: presoak etxera ekartzea, gaixo daudenak kaleratzea, sufrimenduaren beste zati batekin amaitzea. “Gatazkaren” (Kakotxen artean jarri dut gatazkaren berdefinizio bat dela egin behar dugula uste baitut) dimentsio politikoa aitortu eta errelato txikiez osatutako kontakizun integral bat eraiki behar dugu, biktima guztiak aitortu, minak sendatze bidean jarri eta horrelakorik berriz ere gerta ez dadin zein baldintza behar ditugun guztion artean hausnartu behar dugu. Ezin dugu ahaztu zergatik erabaki zen herri honetan borroka armatuarekin hastea. Ezin ditugu ahaztu 40 urte hauetan herri honetan egon diren eta dauden diskriminazio eta zapalkuntzak, zauriak eta minak. Ezin dugu ahaztu zergatik sortzen diren gatazka politikoak, zein den horien funtsa eta, ondorioz, zer den konponbidean jarri behar duguna. Hemen jokoan dagoena ez da indarkeriaren erabileraren monopolioa zeinek duen bakarrik. Hemen herri eredu bat dago jokoan, justizia soziala dago jokoan. Hemen gure gorputzak, lurraldeak eta erabakiak daude jokoan”.

Begoña Uzkudun (Preso ohia)

1. “ETAk bere agirian dagoeneko erakunde armatua ezdela adierazi du. Biharko egunari begira, Euskal Herriaren historian mugarria izango da 2017ko Apirilaren 8a . Herri honetako gehiengoak desio bezala, pakearen artisauei armagabetze ekimena Estatuek burutzen utz diezaitela, oztopatu gabe, da nire nahia, eta era berean kezka, errepresioaren atzaparrak aski ezagutzen ditugulako. (Agian astelehenerako erantzun honek ez du baliorik bere hortan, hainbat gauz gerta litezkeelako ordu gutxitan egoeraren intentsitatea kontutan izanda). Bihar bihotza eta gogoa Baionan izago ditut, ez dut joaterik, eta nire antzera beste milaka euskaldunek ere ziur nago halaxe izango dutela. Eta Baionarantz doazenak etsaiak oztopatuko balitu ere, Baiona izango gara bihar. Sentipen sakon, zabal, eta emankorraren lekuko. Eskerrik beroenak armagabetze ekimena posible egiten lagundu dutenei, bereziki harrixku guztien gainetik konpromisoa osoa eta imaginazioa erakutsiz pausoak eman dituzten horiei. Beraien ahalegina gabe etzan izango posible”.

2. “Eraiki behar da bakea, ETA erakundearen aldebakarreko armagabetzeak pakearen zantzua irudikatzen laguntzen duenean, Estatu espainiarrak eta Frantzes estatuak Euskal Herria mendean daukate hortzetaraino armaturik, ez dute pakerako asmorik ez eta borondaterik. Euskal Herria estatuen okupaziotik, ETA sortu baino askoz lehenagotik ari da izaten erasotua, sistematikoki erasotua, hori bukatu behar da. Espainia eta Frantziako kartzeletan isolatuta eta barreiaturik dauzkaten euskal presoak, mundutik barrena errepresiotik ihesian dirauten euskal militanteak, aske behar ditugu etxean pakea eraikitzeko. Indar okupatzaileak joan daitezela beren armekin Euskal Herritik. Utz dezaiotela Euskal Herriari etorkizuna eraikitzen bere erabakiaren baitan. Gogoz, ahaleginez, borondatez eta ilusioz etorkizunaren jabe izan gaitezke. Pentsamentu hori berritzera eta indartzera bultzatzen gaitu Euskal Herrian arnasten ari garen egoera berriak”.

Igor Iturain (Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria)

1. “Aspaldi egin beharreko ekintza izanik, positiboki baloratzen dut larunbat honetan emango den armagabetzea”.

2. “ETAren desagertzearen albistearekin batera, presoen gerturatzea ezinbestekoa dela iruditzen zait, horrela, azken 60 urteetako pasarte beltz bati bukaera emateko”.

Juanjo Alvarez (Abokatua)

1. “Albiste garrantzitsua eta ezinhobea da, ñabardurarik gabe; izan ere, duela bost urte hasitako prozesuaren atzeraezintasuna bermatzen du, eta gizarte zibilak bizikidetzaren lidertza onar dezan ahalbidetzen du. Armak entregatzeak ETA erakunde armatuaren bukaera aurrerantzen du, eta horrek izan behar du desegitearen aurreko pausoa. Dimentsio politikoak, berriz, elkarteen eta alderdi politikoen esku gelditu behar du”.

2. “Erabaki honen garrantzia hirukoitza da. Garrantzia juridikoa du ETA ez delako existituko erakunde armatu gisa, eta erabaki horrek aldatu behar lituzke epaileen irizpideak arau penalak aplikatzerakoan. Zigorrak ezartzerakoan oso erabaki garrantzitsutzat hartu behar lukete, eta, gainera, ahalbidetu behar luke, eta ahalbidetuko du, espetxe politikan urrats garrantzitsuak ematea. Bestalde, dimentsio politikoa du, testuinguru berriak indar politiko guztiak birkokatzera behartuko ditu, eta, gainera, energia bideratu beharko dute bizikidetzan aurrera egiten. Horrez gain, dimentsio soziala du erabakiak. Denok izan behar dugu bakearen eragile gure hurbileko inguruan, eta lan egin behar dugu desberdinen errespetuaren alde. Gainera, aniztasunetik eraiki behar dugu etorkizunari begiratzen dion euskal nazio plurala”

Javier Zubizarreta (Azkoitiko alkatea)

1. “Bakearen alde emandako aurrerapauso guztiak ontzat eman beharrekoak dira. Indarkeriarik gabeko herri bat, horixe nahi dugu gure ondorengoentzat, eta badirudi bide onetik goazela. Armagabetzeak duen balore sinbolikoa eta mediatikoa alde batera utzita, prozesu honetan ezinbesteko urratsetako bat zen, eta ematea da aurrera goazen seinale”.

2. “Herri honek nahikoa atsekabe eta sufrimendu izan du eta garai ilunak atzean utzi eta bakeari, elkartasunari, elkarrizketari, errespetuari eta elkarbizitzari heltzea dagokigu orain, konbentzimendu eta askatasun osoz. Iragan hurbilak nahikoa eta gehiegi erakutsi digu, gure ondorengoentzat zer nahi ez dugun jakiteko. Zer nahi dugun da beste galdera eta horren erantzuna ere etorriko da garai berriekin”.

Jabier Altuna (Azpeitiko EAJko kidea eta batzarkidea Gipuzkoako Batzar Nagusietan)

1. “Balorazio positiboa. Konponbiderako beste pauso bat da armagabetzea”.

2. “Ondorio batzuk hor egongo dira betirako, Abitainen eta beste hilerrietan. Ezer gutxi egin dezakegu, biktimen ondoan egon ezik.
ETAk, egin dituen astakeriengatik, hilketengatik, lapurretengatik, mehatxatuta herria utzi behar izan dutenengatik, ardura hartu behar du eta egin duena, gaizki egon dela esan; hau egitea  beste pauso positibo bat izango litzateke eta, zalantzarik gabe, lagunduko luke beste ondorioak, betirako ez direnak, konpontzen. Zauriak ixten hasteko garaia da. Ea ixte prozesuan ados jartzeko gai garen eta herrian dagoen sufrimentua samintzen den”.

Sabin Juaristi Torre (Sareko kidea)

1.- “Konponbidea eta bakearen ibilbide orriari ekarpen oso garrantzitsua da. Horrez gain, gobernuen parte hartze ukoaren aurrean, gizarte zibilak, euskal erakundeek eta nazioarteko egiaztatzaileek, molde berritzaile baten bidez, berau egingarria izan dadin lagundu dute. Azpimarratzekoa ere, ETAren ausardia; aldebakarretik, beste behin, urrats sendo eta erabakiorra emateko orduan”.

2. “Konponbidea eta bakeak, maila bereko urratsak eskatzen ditu, adibidez, euskal preso, iheslari eta deportatuen gaiarekin. Hauek ere, gatazkaren ondorioak dira eta beraz konpondu beharreko egoerak. Hemen ere, gizarte zibillak eta euskal erakundeek hausnarketa sakona egin eta molde berritzaileak erabiliz, hauen etxeratze orria gauzagarri egiteko indar egin behar dute, EPPK eta EIPK-rekin batera. Hau izango da erronkarik zailena datozen hilabeteetan eta lan honi sentsibilitate guzti guztiek heldu behar diote ez bairik gabe”.

Xebero Agirretxe (Errezilgo alkatea)

1. “Balorazio oso positiboa egiten dut, euskal gizartearen gehiengoak itxaroten genuen eguna zen. Data historikoa izango da; guztion oroimenean geratuko dena”.

2. “Bakearen eta normalizazioaren bidean, euskal presoak eta iheslariak Euskal Herrira ekartzeko lanean jarraituko dugu”.

Josetxo Mendizabal (Zestoako alkatea)

1. “ETAk erabaki zuenetik borroka armatua baztertzea, ondorio logikoa zen lehenago edo beranduago armagabetzea etorriko zela. Suposatze nuen zailtasunak izango zirela eta ari dago oraindik batzuk saiatuko direla zailtasunak sortzen, batik bat, Espainiako Gobernuaren eta Madrilgo Auzitegi Nazionalaren erreakzioen eta portaeren aurrekariak ikusita. Herritar bezala, jendeak garrantzia tamaina batean emango zion, baina behin borroka armatua bukatu eta gero, ez dut uste gai honek lehentasunezko kezka sortzen zuenik egunerokotasunean gure gizartean. Nire desioa izango litzateke, denek interes partidistak alde batera utzi, eta orain arte bezala, gelditzen den lana isiltasunean eta diskrezio baten barruan egitea”.

2. “Orain arte bezela, etxeko lanak egiten jarraitu behar dugu, tinko eta diskrezioz, emaitza positiboak lortzeko. Lege penala behar den bezala aplikatuz gero, onurak ekar ditzake preso askorentzat, eta salbuespen status horrek desagertu egin beharko luke ja, sortzen
zuen kausa bukatu delako. Kontziente naiz nahiko zaia dela, oraindik Espainiako gizartearen zati handi batek izan dezakeelako halako mendeku gogo bat. Ulertzen dut, baina legea benetan denentzat berdina bada, orain ere hala izan beharko du, gehiago edo gutxiago gustatu arren”.

Miren Odriozola (Internazionalista)

1. “Seguru asko munduan inoiz gertatu ez den moldean egin du ETA erakundeak armagabetzea. Zailtasun guztien gainetik, bakearen artisauek eta nazioarteko batzordeko kideek lagunduta, frantziar arduradunen esku jarri ditu armak. Estatuen negoziazio mahairik gabe. Baldintzarik gabe, baina milaka herritarren babesarekin edo laguntzarekin. Tristura sentitu dut presoak etxeratzeko gai izan ez garalako, baina horrek ez du esan nahi urte hauetan hainbat gauza lortu ez dugunik. Adibidez, egun hauetan euskarak Korrikaren bidez izan duen arrakasta. Eskertzekoa da baita ere, egun hauetan alderdi eta sindikatu ezberdinek erakutsi duten batasuna, eta Euskal Herriko gobernuek egin duten lana. Herri honek erakutsi du berriro ere badituela inteligentzia eta abilezia”.

2. “Orain, mahaiaren gainean ditugu presoen afera, biktima guztiak, elkarbizitza, justizia soziala eta herri honen erabakitzeko eskubidea. Benetako bakea lortzeko lan asko egin beharra daukagu. Egun hauetan lortu dugun batasuna jarri dezagun mahai gainean dauzkagun arazoei konponbidea bilatzeko, bake justu bat lortzeko eta herri honen bidea egiteko. Sinesten dut herri honek badaukala nahikoa indar eta konpromiso mugimendu zabal bat sortzeko, urrats berriak emateko eta baimenik eskatu gabe (ez digute eta emango) bere burujabetza erabakitzeko”.

Eider Alkorta (Politologoa)

1. “Armagabetzea berri ona da. Bost urte pasa dira ETAk bere jardun armatua uzten zuela adierazi zuenetik, eta ziurrenik, ez zen espero hainbeste denbora pasatzea, baina tira, azkenean modu honetan emango zela iradokitzea ere zaila zen. Espainiako Estatuak armagabetzea oztopatu du, eta kontakizunaren batailak izango du eraginik. Armagabetzearen atarian eragile ezberdinek esandakoek horixe baieztatzen dute; armagabetzeaz haratago, armagabetzeaz bakoitzak egiten duen irakurketak zer nolako garrantzia duen. Behin eta berriro errepikatzen da garaile eta garaituen eskema gainditzearen beharra, baina azken egunotan inork gutxik saihestu du garailearen irudi hori bereganatzea. Ireki berri den fasean, kontakizuna edo errelatoaren batailak pisu handia izango du”.

2. “Orain gatazkaren ondorioei heltzea dagokie eragile eta instituzo ezberdinei. Atzokoa fase baten amaiera bezala uler daiteke, baina oraindik luze joko du dimentsio honetako gatazka baten zauriak mantso orbaintzen dira eta. Halere, espetxe politika edota presoen auziari heldu beharko zaio lehenbailehen. Eusko Jaurlaritzaren Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Planaren ardatzetako bat horixe da, hain zuzen ere, biktimak eta iraganari buruzko gogoeta kritikoarekin batera. Espero dezagun, presoena, behin eta berriro atzeratzen den auzia ez izatea, azken bost urte hauetan ikusitako inpas egoera gainditzeko ordua iritsi da”.

Mikel Arregi (Zestoako Udaleko EH Bilduren bozeramailea)

1. “Zalantzarik gabe herri honen normalizazio politikoaren alde gauden guztiontzat berri ona izan da eta era baikorrean baloratzen dut. Zoritxarrez beste behin ere garbi gelditu da zeintzuk dauden herri hau etorkizun baketsu batean eraikitzearen aurka eta aurrerantzean ere saiatuko dira eman beharreko aurrerapausoak zapuzten”.

2. “Batzuk horrela sinestarazi nahi badigute ere, ETA erakundearen desarmeak ez du besterik gabe herri hau bakean dagoenik esan nahi. Benetako bakea eraiki nahi badugu beste hainbat desarme ere eman beharko dira, ezinbestean batzuk daukaten mendeku gosea desarmatu beharko dute, Europako herririk militarizatuena izaten jarraitzen dugu, ETAk behin betiko jarduera armatua eten zuenetik bost urte pasa diren arren, oraindik ere ia 400 preso politiko ditugu etxetik urrun, horietako batzuk larriki gaixo, beste ehundaka herbestean, edozein txikikeriagatik terrorismoagatik auzipera zaitzakete, Altsasuko gazteen kasua lekuko, hau da, estatuak eta bere hemengo morroiek darabilten gerra estrategia desarmatzen ez den bitartean zoritxarrez herri honetan bakea lortu denik ezingo da esan”.

Ramon Etxezarreta (PSE-EEko kidea)

1. “Ez daukat batere zalantzarik. Oso berri ona kontsideratzen dut hainbeste min eta kalte eragin duen taldearen armak poliziaren eskuetan jartzea. Despedida apalagoa eta normalagoa egin zezaketen, ikuskizuna puzten aritu gabe. Betikoan jarraitu dute, akaberan ere, gizartearen eta erakundeen arteko etenean labore eginez, beren neurrira sortutako gizataldeei, ez besteei, gizarte zibil deituz, erakundeei zilegitasuna aitortzea saihestuz, edo ukatuz”.

2. “Orain lanak, hainbeste urtean eraso dituzten erakundeen zilegitasunera ohitzen; demokraziaren marretatik atera gabe lan politikoa egiten. Guztiok, baina guztiok, gizakoiago izaten; errespetuaren arauak ikasten; gure historiari biolentziak lapurtu dion parte noblea errekuperatzen. Horrekin egin diguten etena konpontzen; gutasuna, guztiok bere baitan izango dituen gutasuna, eraikitzen”.

Laxaro Azkune (Kazetaria)

1. “Lehendabizi, esango dut ikaragarrizko poza hartu dudala, eta pena neuk han izaterik izan ez dudalako, beste konpromiso batengatik. Egun historikoa eta pozgarria izan da gure belaunaldikoentzat. ETAren bizitzak gure belaunaldiko askoren bizitzak zipriztindu baititu gutxi-asko, eta behin baino gehiagotan izan dugu beldurra arazo hau behar bezala amaitzen ez ote genuen asmatu behar.

Beste behin, herri honetan izan dira eskuzabaltasun handiz pauso bat aurrera eman eta beren buruak eskaini dituztenak. Txalo handi bat haientzat. Gaia trabatuta zegoen estatuen aldetik eta gure erakundeek ere ez dute erakutsi behar diren urratsak egiteko abildaderik. Behetik gorako ipar-haize freskoak oskarbitu du giroa, hegoaldekooi lezioa emanez, guk baino bide luzeagoa egina baitute nonbait iritzi ezberdinekoen arteko elkarlanean”.

2. “Inoiz baino garbiago dago ezberdinen arteko elkar ulertzean aurkituko dugula bidea. Urrats honetan erakutsi den bezala, denon artean aurkitu behar dugu elkarrekin ahalik ondoen bizitzeko bidea. Elkarri entzunez, elkar errespetatuz eta elkarrekin erabakiz, inongo inposiziorik gabe. Era horretan sendatuko ditugu orain arte elkarri egindako zauriak, hustuko ditugu kartzelak eta etxeratuko deserriratuak, baina horrek denon konpromisoa eskatzen du, ez da zerutik behera berez etorriko. Beraz, denok lanera”.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend