Azkoitiko Oreka bioelkarteak hainbat saio antolatu ditu apirilerako eta maiatzerako

Apirilaren 24an udaberrian loreak nola zaindu behar diren erakutsiko dute Kimu Batekoek. Doan izango da saioa.

Azkoitiko Oreka bioelkarteak hainbat gairekin lotutako saioak antolatu ditu apirilerako eta maiatzerako. Aurrenekoa apirilaren 24an (astelehena) izango da, 18:30ean, Azkoitiko Elkargunean. Udaberrian loreak nola zaindu behar diren erakutsiko dute Kimu Batekoek, eta saioa doan da. Aurrez, ordea, izena eman beharko da Oreka bioelkartean (943 02 62 31 telefono zenbakia). Apirilaren 26rako (asteazkena) Jakoba Errekondoren hitzaldia antolatu dute, 18:30ean, Elkargunean. Errekondok Bizi Baratzeaz eta kontsultategiaz jardungo du.

Apirilaren 28an (ostirala), Txinako medikuntza tradizionalaren arabera udaberrian eta udan nola zaindu behar den azalduko dute Rikardo Arriolak (mediku homeopata eta akupuntorea) eta Silvana Huegunek (dietalaria-nutrizionista) hitzaldian. 18:30ean da, Elkargunean.

Ogia nola egin erakutsiko du Haristizabal baserrian (Ezkio-Itsaso) Xabi Akizuk apirilaren 29an (larunbata). 10:00etatik 17:00etara arteko ikastaroa izango da. Parte hartzea doan da, baina apirilaren 22rako izena eman beharko da Oreka bioelkartean (943 02 62 31).

Bi ikastaro maiatzean
Saio horiez gainera maiatzerako beste bi ikastaro antolatu ditu Oreka bioelkarteak. Sukaldaritza energetikoari buruzkoa maiatzaren 2an, 18an eta ekainaren 1ean izango da, 18:00etatik 20:00etara Elkarguneko sukaldean. Saioak Silvana Huegunek zuzenduko ditu. Izena Oreka bioelkartean (943 02 62 31) eman behar da.

Sendabelarren ingurukoa izango da beste ikastaroa maiatzaren 3an, 17an, 24an eta 31n, 18:30etik 20:30era, Azkoitiko Kultur Etxean. Gaztelaniaz izango da. Izena apirilaren 22rako eman behar da Oreka bioelkartean (943 02 62 31).

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend