ARGAZKI GALERIA: Surflari zarauztarrek lan ona egin dute Pro Zarautz txapelketako lehen jardunaldian

Antolatzaileek Iker Amatriain eta Lander Davila zarauztarrek egindako lana nabarmendu dute; gaurko norgehiagokak gaindituta, hirugarren txanda jokatzeko txartela lortu baitute surflari gazteek.

Goizeko 09:30erako eman diote hasiera gaur Pro Zarautz txapelketari. Gizonezkoek abiatu dute lehia, eta adituen esanetan ekialdeko haize hotzak zaildu egin du surflarien lana. “Iragarpenak bete dira, olatuak eta haizea izan ditugu, eta gaur sekretua olatu egokia aukeratzean zegoen”, azaldu du Mikel Zalakain World Surf Leagueko epaileen buruak. Metro eta erdiko altuerako olatuak izan dira, eta hainbat surflarik olatu ederrak hartu dituztela aitortu dute epaileek, Eithan Osborne estatubatuarrak eta Aldric God eta Marco Mignot frantziarrek besteak beste; hala ere, jardunaldiko olatu onena Charly Quivront frantziarrak hartu du 9,17ko puntuazioarekin.

Adituen iritziz, euskal surflariek Zarauzko hondartza ederki ezagutzen dutela erakutsi dute gaurko saioan, eta antolatzaileek Iker Amatriain eta Lander Davila zarauztarrek egindako lana nabarmendu dute; gaurko norgehiagokak gaindituta, hirugarren txanda jokatzeko txartela lortu baitute surflari gazteek. Aritz Aranburu Hodei Collazo eta Ruben Vitoria zarauztarrek eta Imanol Yeregi zumaiarrak hirugarren txandan abiatuko dute txapelketa.

Emakumezkoen lehia

Bihar goizean abiatuko dute emakumezkoen txapelketa, eta gizonezkoen saioekin jarraituko dute. Dena dela, antolatzaileek jakinarazi dute itsasoaren egoerak eragin zuzena izango duela datozen egunetako txapelketaren martxan.

Argazkiak: World Surf League

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend