Hasi da Pro Zarautz Txapelketa

Gaur goizean Pro Zarautz txapelketaren inaugurazio ekitaldia egin dute Zarauzko hondartzan. Bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Zarauzko Udaleko eta Gipuzkoako Surf Federazioko ordezkariak.
Pro Zarautz 2017 txapelketaren inaugurazio ekitaldia. (Zarauzko Udala)

Pro Zarautz 2017 txapelketaren inaugurazio ekitaldia. (Zarauzko Udala)

Gaur goizean inauguratu dute ofizialki Pro Zarautz txapelketa, eta surf lehia abiatzeko irekiera ekitaldia egin dute Zarauzko hondartzan. Bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Zarauzko Udaleko eta Gipuzkoako Surf Federazioko ordezkariak.

Zarauzko Turismo Bulegoak, Gipuzkoako Surf Federazioak eta World Surf Leaguek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin antolatu dute txapelketa. Munduko surf zirkuituko proba puntuagarria da Pro Zarautz, eta mailaz igo da aurten, Qualifying Series 1.000tik Qalifying Series 1.500 mailara igaro baita. Beraz, datozen egunetan surf ikuskizun bikaina ikusteko aukera izango dela Zarautzen uste dute antolatzaileek.

Parte hartzaileak

15 herrialdetatik iritsitako 140 surflarik eman dute izena txapelketan; 108 gizonek eta 32 emakumek parte hartuko dute lehian. Adituek adierazi dutenez, euskal surflariak “erabakigarriak” izango dira txapelketan, eremua ezagutzea “oso garrantzitsua” dela uste baitute Zarauzko hondartzan. Txapelketako zuzendari Oier Illarramendiren esanetan, “marea aldatzen ari den heinean olatuak ere aldatu egiten dira Zarauzko hondartzan, horregatik unero estrategiaz aldatzen joan behar dute surflariek”.

Txapelketan parte hartuko duten euskal surflarien artean daude Aritz Aranburu, Hodei Collazo, Ruben Vitoria, Imanol Yeregi, Lander Davila, Iker Amatriain, Ainara Aymat eta Nadia Erostarbe. Euskaldunek surflari ezagunak izango dituzte aurkari Pro Zarautzen, besteak beste Pedro Henrique , Gony Zubizarreta, Mateia Hiquily, Jake Marshall, Nic Von Rupp , Justine Dupont, Maud Le Car, Teresa Bonvalot, Garazi Sánchez eta Ariane Ochoa; baita Pro Zarautz 2016ko txapeldun eta egungo Europako txapeldun Jonathan González ere.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend