46 auto gidarik parte hartuko dute larunbatean Azpeitiko XVIII. Rallysprintean

Azpeitia, Benta Berri (Errezil), Etumeta eta Aizarna (Zestoa) artean jokatuko da auto lasterketa
Azpeitiko XVIII. Rallysprinta

Azpeitiko XVIII. Rallysprintaren aurkezpena atzo arratsaldean Azpeitiko plazan. (Nerea Uranga/Hitza)

Azpeitia-Benta Berri-Etumeta-Aizarna arteko 16 kilometroko ibilbidean jokatuko da larunbatean Azpeitiko XVIII. Rallysprinta.  46 auto gidarik eman dute izena auto lasterketan parte hartzeko. Horietatik 11 bikote dira Azpeitikoak. Azpeitiar auto gidarien artean daude: Jokin Aiertza, Iban Ibarreta, Ibon Otaegi, Iokin Agirre, Iban Etxaniz, Jon Arregi eta Ander Alberdi. Errezildarrak bi dira: Gurutz Agirretxe eta Iker Zinkunegi. Azkoitiarra da Iraitz Olariaga, aizarnarra Jagoba Otaegi eta getariarra, Meagakoa, Ekain Eizagaetxeberria.

Lagun Artea Eskuderiak antolatu du proba, Azpeitiko eta Zestoako udalen laguntzarekin. Larunbatean eguerdira bitartean autoak Azpeitiko epaitegiaren aurreko aparkalekuan egongo dira, bertan pasatu beharko dituzte azterketa teknikoak. 14:00etan, Azpeititik Errezilera arteko errepidea itxi egingo dute, Benta Berriko bidegurutzera bitartean, baita Etumetatik Aizarnara arteko errepidea ere. Rallysprinta bukatu bitartean errepide zati horiek itxita egongo direla azaldu dute Lagun Arteakoek. Ibilbidea iazko probaren bera izango da, “ibilbide polita da, auto gidarien gustukoa”, azaldu du Jorge del Cid Lagun Artea Eskuderiakoak.

Rallysprinta 15:00etan hasiko da Azpeititik Errezilerako errepidearen hasieran. Ibilbidea hiru aldiz egingo dute parte hartzaileek. Sari banaketa 20:00etan egitea aurreikusita daukate antolatzaileek, Azpeitiko epaitegiaren aurreko aparkalekuan.

Parte hartzeko izena emanda daudenen artetik, rallysprinta irabazi dezaketenak bat baino gehiago direla azaldu dute Lagun Arteakoek: “Probako txapela lortzeko borroka askoren artean egongo da, hala nola, Aingeru Castro-Alaitz Urkiola (BMW M3), Enrique Barrenetxea-Anartz Onandia (Mitsubishi EVO IX); Mattin Villares-Andoni Blas (Renault Clio Maxi); Jokin Aiertza-Iñaki Aiertza (Mitsubishi EVO IX). Horiez gain, herriko auto gidarien artean ere izango da norgehiagoka: Iban Ibarreta-Unai Antia, Ibon Otaegi-Ianeko Eskurza eta Gurutz Agirretxe-Egoitz Aiertza; BMW M3 banarekin”.

Segurtasun neurriak eta inguruak errespetatzeko eskatu dute

Proba jokatuko den ibilbidean ezingo da autorik aparkatu larunbat arratsaldean. “Gaizki aparkatuta dauden ibilgailu guztiak garabiarekin kenduko dira”, azaldu dute Lagun Arteakoek. Autoak aparkatzeko tokiak ere zehaztu dituzte: Azpeitiko Landetako industrialdean, Erdoiztara doan errepidearen alde batean eta Benta Berritik Errezilera arteko errepidearen alde batean.

Proban ikusleentzako debekatutako tokiak errespetatzeko eskatu dute antolatzaileek, zinta gorriarekin egongo dira itxita toki horiek. Horrez gain, probako ibilbidean zehar egongo diren zaintzaileei kasu egiteko eskatu diete ikusleei, eta inguruak, baserriak eta belardiak errespetatzeko eskatu dute. “Tokiak zeuden bezala utzi behar dira, errespetatuz. Horregatik, zaborrik ez uzteko eskatzen diegu ikusleei”.

Proba zuzenean jarraitzeko aukera egongo da Internetez, www.fotomotor.es webgunetik.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend