Datorren asteartean irekiko dute Zarauzko udaleku irekietan izena emateko epea

Haur Hezkuntza 5 mailatik Lehen Hezkuntza 5. mailara bitarteko 180 haurrentzat tokia izango da udaleku irekietan.

Aurtengo udarako ere udaleko irekiak antolatuko ditu Sorginmuño begirale elkarteak Zarauzko Udalaren babesarekin. Zarauzko Udaleko Gaztedi sailetik adierazi dutenez, udaleku irekiek ondo pasatzeko eta lagun berriak egiteko aukera ematen diete haurrei, begiraleen laguntzarekin: tailerrak eta jolasak egiten dituzte, abestu, hondartzara joan eta beste hainbat ekimen. “Bertan parte hartzen duten haurrei jolaserako eta dibertsiorako leku bat eskaini nahi diegu, beren gozamenerako eta autonomia pertsonala finkatzeko”, azaldu dute arduradunek. Horretarako, hurrak herriko hainbat gunetan eta ikastetxetan ibiliko dira astelehenetik ostiralera, 10.00etatik 13.00etara.

Haur Hezkuntza 5 mailatik Lehen Hezkuntza 5. mailara bitarteko 180 haurrentzat tokia izango da udaleku irekietan; eta hizkuntza behar bereziak dituzten haurrek sarbide zuzena izango dute programan.

Bi txanda aurreikusi dituzte antolatzaileek: lehena, uztailaren 3tik 28ra bitartean, 85,60 euro balioko duena; eta bigarrena abuztuaren 1etik eta 14ra, 48,80 euroko prezioa izango duena.

Izena-ematea

Udaleku irekietan parte hartu nahi duten haurrek, apirilaren 25etik maiatzaren 5era bitartean eman beharko dute izena. Izen-ematea eta ordainketa Gazte Informazio Bulegoan egin dezakete gurasoek; baita gazteinformazioa@zarautz.eus helbidera mezua idatzita ere.

Ordainketa hurrengo kontu korronte zenbakian diru sarrera eginez egin beharko da: KUTXABANK  ES45 2095 5076 4110 6000 0246 / EUSKADIKO KUTXA ES86 3035 0029 6202 9090 0002.

Zarauzko Udaletik jakinarazi dute 180 plazetarako haurren izen-ematea gainditzen bada, zozketa egingo dutela maiatzaren 9an, 13.00etan, Gazte Informazio Bulegoan. Plazarik tokatu ez zaien haurrei ordaindutako kuota itzuliko zaie.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend