Emakumeak ahalduntzeko hiru ikastaro antolatu ditu Azkoitiko Udalak

Apiriletik ekainera bitartean izango dira, eta apirilaren 28rako eman behar da izena

Azkoitiko Udalak emakumeak ahalduntzeko hiru ikastaro antolatu ditu. Maiatzean hasi eta ekainera bitartean izango dira saioak; guztiak Elkargunean. Ikastaroetan parte hartzeko plazak mugatuak dira, eta izena emateko azken eguna ostirala izango da. Azkoitiko udaletxeko harrera bulegoan –09:00etatik 14:00etara– edo berdintasuna@azkoitia.eus helbidean eman daiteke izena.

Gure emozioak nola gobernatu ikastaroa izango da aurrena hasiko dena. Pepa Rojo emakumeen ahalduntzean aditua den psikologoak gidatuko du, eta gaztelaniaz izango da. Maiatzaren 3an hasita, sei saio egingo dituzte. Asteazkenetan izango dira saioak, 15:00etatik 17:00etara. Ikastaroan parte hartzeko, langabetuek 16 euro ordaindu beharko dute, eta soldatapean lanean ari direnek 24 euro.

Batukada Feminista ikastaroa izango da bigarrena. Ainara Sarasketak eta Arantxa Vicedok zuzenduko dute. Denera, bi orduko lau saio egingo dituzte, honako egun hauetan: maiatzaren 10ean eta 24an, eta ekainaren 7an eta 21ean. Saio horiek ere asteazkenetan izango dira, 17:30etik 19:30era. Kasu honetan, langabetuek 12 euro ordaindu beharko dute, eta soldatapeko langileek 18 euro.

Emakumeak ahalduntzeko ikastaroetan azkena hasiko dena Generoa, emozioak eta umorea  izenekoa izango da. Virginia Imaz pailazo eta ipuin kontalariak zuzenduko du, eta gaztelaniaz izango da. Maiatzaren 13an 10:00tik 14:00etara eta 15:30etik 19:30era, eta maiatzaren 20an 10:00tik 14:00etara izango dira saioak. Parte hartzeko, langabeek 16 euro ordaindu beharko dute, eta soldatapeko langileek, berriz, 24 euro.

 

 

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend