Jose Luis Urruzuno: “San Telmo kalean bizi ginenok lan asko egiten genuen San Telmo Egunean dena prest izateko”

Jose Luis Urruzuno arrantzale ohiak Zumaiako santelmoetan bandera igoko du
joseluis_urruzuno

Jose Luis Urruzunok igoko du santelmoetan bandera. (Baleike.eus)

Aurten Zumaiako santelmoetan bandera igotzearen ohorea Jose Luis Urruzuno arrantzale ohiari egokitu zaio. Sorpresaz eta errespetuz jaso du lan honen agindua. “Oraindik ez diot tankera hartzen, ez dakit zehazki nola egin behar dudan, baina nahiko ondo egitea espero dut”, adierazi du. 47 urte itsasoan eman ondoren, Biblia bat idazteko adina istorio dituela aitortu du.

Umea zela hasi zen Urruzuno itsasoari lotutako lanean. Osaba Bixente eta osaba Antoniorekin joaten zen txibiak harrapatzera 8-10 urterekin. Elorriaga txokolatearen ontza bat ogi puska handi batekin hartu, eta abiatzen ziren txibietara. Etxera bueltan, txitxarroak harrapatzen etortzen ziren. Handik Getariara joan zen lanera, txalupa mutil bezala. “1958an Getariako Balenciaga zaharrean hasi nintzen. Joanito Zearretak bizikleta zahar bat utzi zidan Getariara joateko. Ez zidaten itsasora joaten utzi. Lehorrean jarri ninduten, bodegan. Nola eramango ninduten bada itsasora? Oraindik umea nintzen”, gogoratu du. Bi urte egin zituen, gero itsasontzi hori erretiratu eta berria ekarri zuten.

Ondoren Arrillaga familiaren itsasontzira joan zen lanera. Baina bertan zegoela, soldadutza egiteko garaia iritsi zitzaion. 1965eko urtarrilaren 1ean joan eta 1966ko Urtezahar egunean bueltatu zen etxera. Cadizen (Andaluzia, Espainia) egin zuen soldadutza. “Cadizen bagenuen itsas teniente bilbotar bat eta denbora alferrik ez galtzeko esan zigun, ikasteko aholkatu zigun. Horrelaxe, Juan Manuel Aramendi getariarra eta biok eskolara joaten hasi ginen. Bigarren mailako mekaniko titulua atera nuen”, aipatu du.

Etxera bueltan, urtebetez, Arrillagan ibili zen berriro. Baina, 1967ko irailean eskolan hasi zen, Pasaian. Bi titulu atera zituen: patroiarena, eta lehen mailako mekanikoarena. “Eskolan nengoela, Bixente Furia oriotar ezagunak Flor de Primavera itsasontzia zuen, eta harekin hasi nintzen lanean, motorista bezala. Orduan, Errenterian nengoen ezkonduta. Berarekin lau urte egin nituen. Garai hartan legatzetan jende asko ibiltzen zen, eta ondo gainera. Niretzat barku bat erosteko nahia azaldu zuen familiak, eta horrela, nire kontu hasi nintzen”, esan du.

Artikulua osorik irakurtzeko Baleikeren webgunean.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend