Jose Luis Zubizarreta ‘Xubi’: “Maila horietan ibiltzea behin ere ez da izan gure helburua, gauzek irten egin dute horrela”

Sammic ISB gizonezkoen talde nagusiak Espainiako Urrezko LEB ligara igotzea lortu du, aste hau lortutakoaz gozatzeko hartu nahi dute Iraurgi saskibaloi klubekoek
Jose Luis Zubizarreta 'Xubi'

Jose Luis Zubizarreta ‘Xubi’ Iraurgi saskibaloi klubeko zuzendaria (Nerea Uranga/Hitza).

Sammic ISB gizonezkoen taldeak denboraldian zehar egin duen lanagatik Espainiako saskibaloiko Urrezko LEB mailarako igoera lor zezakeela uste zuen Jose Luis Zubizarreta Xubi Iraurgi saskibaloi klubeko zuzendariak. Hala ere, lortu izanak “harritu” egin duela aitortu du. Kirol aldetik  maila bat gorago aritzeko aukera lortu du gizonezkoen taldeak, baina hori benetan hala izan dadin lanean hasi aurretik, aste hau ospatzeko hartu nahi dute Iraurgikoek. Hala, asteburua ospakizun ekitaldiekin beteta datorkie: larunbatean (20:00) Azpeitiko kiroldegian Sammic ISBk denboraldiko azken partida jokatuko du Alcazar taldearen kontra. Sarrera doan izango da, “denboraldi guztian jarraitzaileekin eta klubeko kideekin, elkarrekin, egindako bidea eskertuz larunbateko partida ospakizun izatea nahi dugu”. Igandean (19:00) harrera izango dute Azpeitiko udaletxean.

Sammic ISBren Urrezko LEB ligarako igoera zer izan da?

Denboraldi on baten bukaera izan da, espero ez zen gauza bat. Baina, astero-astero, partidak aurrera joan ahala etor zitekeela ikusten zen, eta bukaera aldera sinesten hasten zara gertatu daitekeela. Inola ere ez zen gure helburua, baina lortu egin da. Pixka bat harritu nau, nik urte asko daramazkit honetan eta 2004. urtetik harritze kontu hau tokitan gelditu da: 2004an harritu ginen EBA Ligara igota, 2010ean Zilarrezko LEBera igotakoan eta, orain, 2017an hor gora igo eta harritu. Atzo batek hala esaten zidan: “Hau non bukatzen da?”.

Lorpen honek oihartzun handia izan du.

Oihartzun oso handia eduki du, zenbaki handiak dira, gu bezalako klub batentzako Urrezko LEB liga oso maila altua da. Gainera, Iraurgi bezala, neskei eta mutilei, biei, heltzen dien ia klubik ez dago maila horietan. Gure elementu erreferentziala hori da, biei heltzea. Maila horietan ibiltzea behin ere ez da izan gure helburua, gauzek irten egin dute horrela. Orain dela 10-12-13 urte ez zen gure helburua gaur gauden tokian egotea, baina taldeak hor daude, horra iritsi direlako. Gipuzkoako jendearekin egin dugu lan eta amerikar batzuk ekarri ditugu, bide batean sartu ginen eta hona ekarri gaitu. Orain dela urte batzuk, Zilarrezko LEBera igotzear geunden garai hartan, hala esan zidan batek: “Xubi, zer egin behar duzu nesken taldea Espainiako Bigarren Mailara igotzen zaizunean?”. “Utzi nazazu bakean “, erantzun nion orduan. Astero-astero klubean daukagun jaleoa ez dago imajinatu ere egiterik: taldeen bidaiak, aurrekontuak, partidak, epaileak… Izugarria da lana. Merezi al du diru hori guztia horretara bideratzea? Beno, ez badu merezi besteren batek erabaki beharko du. Horretan ari garenok, buru-belarri gabiltzanok, ezin dugu esan gure lan honek ez daukala meriturik. Bi udal [Azpeitiko Udala eta Azkoitiko Udala] ditugu apustua egiten eta baita Gipuzkoako Foru Aldundia ere. Gauzak gertatu aurretik guk ez dugu diru laguntza handirik, gauzak gertatzen joan bezala goaz gu diru laguntza eske. Hau da, lorpen horiek gertatu aurretik eskean ez gara joaten, lortu eta gero eskatzen dugu. Askok horregatik zoriontzen gaituzte.

Inoiz ez gara lainezatuta ibili, guk gure txandalarekin jarraitu dugu lanean. Lan asko dago hor atzetik, eta langile ikuspegi hori aldarrikatzen dugu. Besteak beste, horregatik sortu du halako oihartzuna Urrezko LEB ligarako igoerak. Baina, beno, lana egiteak ez digu beldurrik ematen…

Kirol aldetik zuen lana egin duzue, baina lorpen honek orain beste lan batzuk egin beharra ekarriko du: Urrezko LEB ligan jokatzeko diru gehiago beharko da…

Eta kirol arloan lortu den horregatik, orain Iraurgiko zuzendaritzakook behartuta gaude hori hala izan dadin saiatzera eta lan egitera. 2004an EBA Ligara igo ginenean, ezinezkoa ikusten nuen aurrekontu aldetik aurre egiteko kapaz izatea. Saiatu eta lortu egin genuen. Gero, 2010ean berdin, eta erabaki zuten udalek eta diputazioak aurrera egin behar genuela, eta egin genuen. Orain ere hor gaude. Bultzatu beharra dagoela ez badute erabakitzen, guretzako oso zaila izango da igoerari aurre egitea. Politikoki zer erabakiko duten ikusteko dago. Gu hor gaude, baina Donostian GBC ere hor dago. Haiek bultzatu behar badituzte eta gu ez, zergatiak azaldu beharko dituzte. Guk ez dugu zorrik, eta beti goraka goaz.

Urrezko LEB ligan jokatzeko erabaki hori noizko hartu behar duzue?

Ekainean erabaki beharko da mailari aurre egiten diogun ala ez.

Beraz, lanean hasteko garaia da.

Aste honetan lortu duguna disfrutatu beharra daukagu, burukomin gehiegirik eduki gabe.

Zilarrezko LEB mailatik Urrezkora alde handia al dago?

Desberdintasun handirik ez dago bidaia aldetik eta. Beste kontu batzuk igotzen dira: mailarako inskripzioa 20.000 eurotik 36.000 eurora igotzen da; bermea 60.000 eurotik 120.000 eurora. Horrez gain, jokalarien maila eta arbitroak pixka bat garestiagoak dira. Profesionalizazio puntu batean sartzen zara Urrezko LEBen eta horrek ere diru gehiago eskatzen du.

Sammic ISBn etxeko eta Gipuzkoako jende asko duzue, talde teknikotik bertatik hasita.

Bai, hala da. Gu eredu horrekin ailegatu gara iritsi garen tokiraino. Lan egiteko modu horrek eraman gaitu lortu dugunera. Kanpotik ekarritakoekin, amerikarrekin, ez baduzu asmatzen, igoal azken-bigarrena gelditzen zara, eta iaz eta aurten asmatu egin dugu kanpoko jokalariekin.

Añares Rioja ISB emakumezkoen taldeak ere bukatu du denboraldia, Espainiako Bigarren Mailari heldu diote.

Hasierako bi partidak irabazita, goialdean hasi ginen, baina azkenean errealitateak bere tokira eraman gaitu. Jarrita geneukan helburua bete dugu, ordea. Igande goizetan jokatzea gogorra egin zaie taldekideei, baina mailak berak ez digu uzten partidak jai arratsaldetan jokatzen, hori guretzat ordutegi hobea izan arren. Arazo bat da hori, baina hortxe ibili gara, eta maila ezagutzeko  baliagarria izan da lehenengo denboraldi hau. Urteetan Euskal Herriko harrobirik onena eduki dugu nesketan, baina askok gero utzi egin dute saskibaloia. Mutiletan talde bat baino gehiago ditugu seniorretan, eta nesketan taldea osatu ezinik ibiltzen gara. Azken batean, honaino heldu eta herriko jendea eduki nahi dugu taldean, baina askok utzi egiten dute.

Iraurgi erreferentzia da gaur egun klubeko bi talde nagusiak, gizonezkoena zein emakumezkoena, aldi berean Espainiako bigarren mailan izatea lortu duelako. Lorpen horretan eragin al du bere garaian klubak harrobia lantzeko hartu zuen erabaki sendoak?

Guk hori bakarrik egin dugu: harrobia landu. 2001ean Iraurgik hiru talde bakarrik zituen, eta kluba desegiteko bilera antolatu nuen. Eta handik hasi zen kluba berriro abiada hartzen; orduan hasitako lanak eraman gaitu gaur egun seniorretan jende bat edukitzera. Orain dabilen jendea ordutik dator, hori da gure hasiera. Goian talde batzuk izatea herriko haurrentzako erakusleiho bat da. Baina haurrak eta behe mailako taldeak dira gure oinarria; hortik hasi ginen, hori da gure lana, eta bide horrek eraman gaitu beste eremu batzuk jorratzera. Horrek guztiak sozialki oinarri bat ematen du eta diru laguntza eskatzeko legitimitate bat ere bai. Gaur egun federatutako 20 saskibaloi talde ditu Iraurgik eta denera 450 haur eta gazte dabiltza saskibaloian Azkoitian eta Azpeitian.

Iraurgiren babesleak herriko eta inguruko enpresak dira, hori ere bada zerbait, ezta?

Hori azaltzeko zaila den gauza bat da. Iraurgi gara gu eta gurekin sinesten duen jendea, hori da Iraurgiren markoa. Azken batean, gaur egun bezero termino bezala ezagutzen diren horiek guztiek osatzen dute kluba: babesleak, teknifikazio eskolakoak, gurasoak, kiroldegira joaten direnak, jarraitzaileak eta gurekin sinesten duen jende hori dena. Guretzako babesleak ezinbestekoak dira.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend