Larunbat arratsaldean jokatuko da Aizarnazabalgo II. Duatloi luzea

Duatloiak Aizarnazabal, Zestoa, Zumaia, Getaria eta Zarautz arteko errepideetako trafikoan eragina izango du
Aizarnazabal duatloia

Iazko probako irudi bat. (Eneritz Albizu Lizaso)

Bigarren urtez Aizarnazabalgo II. Duatloi luzea jokatuko dute larunbatean, Zarauzko Triatloi Elkarteak antolatuta. Distantzia luzeko Euskadiko eta Nafarroako txapelketa ere izango da Aizarnazabalgoa. Astelehenean bukatu zen proban izena emateko epea, eta 188 kirolarik dute izena emanda.

Parte hartzaileek lehendabizi hamalau kilometro egingo dituzte korrika (Iraetara bi itzuli, bidegorritik), eta ondoren, bizikletan, 72 kilometrotako ibilbidea egingo dute (Bi itzuli handi: Aizarnazabal-Iraeta-Zumaia-Getaria-Zarautz-Meaga-Aizarnazabal, eta itzuli txiki bat: Aizarnazabal-Iraeta-Zumaia-Oikia-Aizarnazabal). Azkenik, beste zazpi kilometro egin beharko dituzte lasterka (Iraetara itzuli bat, bidegorritik).

14:00etan hasiko da emakumezkoen proba, eta eta 14:20an gizonezkoak abiatuko dira. Dortsalak 10:00etatik 13:00etara bitartean jasoko dituzte parte hartzaileek, Aizarnazabalgo eskolan, eta 12:00etatik 13:4ora bitartean zabalik izango da boxes gunea. Sariak, berriz, 19:00etan banatuko dituzte. Duatloia irabazten dutenek 500 euroko saria jasoko dute, eta bigarren eta hirugarren postuetan geratzen direnentzat, berriz, 300 eta 200 euroko sariak banatuko dituzte, hurrenez hurren.

Aizarnazabalgo eta Zumaiako udalen trafikoko oharrak:

Probaren irteera eta helmuga Aizarnazabalgo Baltasar Etxabe kaleko 1-3 zenbakien artean jarriko dituzte. Hori dela eta, toki horretatik ibilgailuak kendu beharko direla ohartarazi du Aizarnazabalgo Udalak.

Horrez gain, Aizarnazabalgo herrigunean trafikoa moztuta egongo da larunbatean 13:00etatik 19:30era artean. “Beraz, larrialdirik ez bada behintzat, herrigunean ibilgailuek ezingo dute ibili. Horregatik, autoak horretarako egokituko diren guneetan uztea eskatzen da”, azaldu dute udalekoek. Ibilgailuak aparkatzeko gunea da: Odrinox lantegiaren aparkalekua, herriko sarreran.

Zumaiari dagokionez, Aizarnazabalgo duatloia dela-eta, trafikoan hainbat aldaketa izango dira larunbatean 15:00etatik 18:35era artean.

Zumaiatik Zarautzerako eta Oikiarako norabideetan errepideak honako orduetan itxiko dituzte: N-634 errepideko Zumaiatik Zarauzko bidea 15:00etatik 17:15era eta GI-3760 Zumaiatik Meagako bidegurutzerainokoa 16:30etik 18:35era arte. Errepideak zabaldutakoan, berriz, lehen autoek kirolarien atzetik gidatu beharko dute.

Ordu tarte horietan Zumaiatik autoz irteteko honako aukerak izango dira: Azpeitia, Zestoa, Iraeta eta Debara joateko Narrondotik, eta Zarautzera eta Getariara joateko Arroatik autopista hartuta Zarautzera eta handik Getariara edo Narrondotik Iraetara eta handik Meagara.

Zumaiara sartzeko, berriz, Itziar edo Deba aldetik datozenek Zumaiako noranzko bidea (GI-631) itxita izango dute 14:55ak eta 18:20ak artean. Beraz, Iraeta-Muniosoro-Oikia bidea egin beharko dute.

 

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend