Piano doinuekin gozatzen, sariketatik sariketara dabil Ignacio Arakistain azpeitiarra

Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketan hartu zuen parte Arakistainek martxoaren 18an, eta bigarren saria eskuratu zuen tekla kategorian. Astebete beranduago, Donostia Hiria sariketan murgildu ostean, Gipuzkoako pianojole onenaren saria eman zion Enrique Lartundo Fundazioak azpeitiarrari.
Ignacio Arakistain, Donostia Hiria sariketan.

Ignacio Arakistain, Donostia Hiria sariketan.

Pianoa jotzen gozatu egiten du Ignacio Arakistain musikari azpeitiarrak; bere afizioa eta pasioa da. Iaz musika ikasketak hasi zituen Musikeneren eraikinean, Donostian, eta ordutik, hainbat sariketetan hartu du parte Azpeitiko teklista gazteak. Azken bi sariketak martxoan jokatu zituen Arakistainek, eta ez zen esku hutsik itzuli horietatik.

Martxoaren 18an Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketara aurkeztu zen Ignacio Arakistain. Txapelketa hori Donostiako, Gasteizko eta Bilboko musika kontserbatorioek antolatzen dute, eta instrumentu ezberdinak jotzen dituzten musikariek hartzen dute parte bertan. Arakistain tekla kategorian aritu zen lehian. Bi maila zeuden kategoria horretan, eta azpeitiarra 13 urtetik gorakoen mailan lehiatu zen. 20-25 minutu inguruko emanaldia eskaini zuen, Bachen, Bransen eta Chopinen piezekin osatutakoa, eta beste lagun batekin batera bigarren saria eskuratu zuen azpeitiarrak. Aurreneko saria, berriz, hutsik gelditu zen.

Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketara aurkezteko asmorik ez zuen Arakistainek, baina irakasleak animatu zuela azaldu du: “Ni Donostia Hiria lehiaketan aurkeztekotan nintzen, baina irakasleak animatu ninduen Euskadikora aurkeztera. Hala, bi sariketetan hartu nuen parte, errepertorio berdinarekin”.

Donostia Hirian ere sarituta

Horrenbestez, martxoaren 25ean Donostia Hiria Piano Lehiaketan izan zuen hitzordua azpeitiarrak. Sariketa hori bi urtean behin antolatzen du Donostiako musika eskolak, eta aurten aurreneko aldiz Musikenen egin dute. Parte-hartzaileak bost mailatan lehiatzen dira, eta azpeitiarrak erdimailako bigarren kategorian hartu zuen parte, goimailako kategoriaren azpikoan, hain zuzen. Sailkapen fasean emaitza onak lortu ostean, finalerako sailkatu zen Arakistain. Bertan, aurreko sariketako emanaldian eskainitako piezak jo zituen berriz, baina berezitasun batekin. Izan ere, aurtengo Donostia Hiriako edizioa emakume konpositoreen omenezkoa izan da, eta parte-hartzaileek emakume baten pieza bat jo behar izan zuten. Arakistainek Karen Tanaka japoniarraren pieza garaikide bat jo zuen, nahiz eta “ohituta ez egon”: “Jo nuen pieza oso garaikidea zen, eta niretzat oso berezia izan zen, gehienetan musika klasikoa jotzen dudalako”. Arriskatu ostean, sariketan emaitza onak lortu zituen musikari azpeitiarrak; izan ere, Gipuzkoako pianojole onenaren saria eman zion Enrique Lartundo Fundazioak.

Lorpen hori eskuratu ostean, Donostiako udaletxeko pleno aretoan 20-25 minutuko entzunaldia eskaintzeko gonbita luzatu diote Ignacio Arakistaini. Azpeitiarra lortu duenarekin “oso gustura” dago.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend