Hossain Kaanacheren ‘5560 laranja azal’ proiektua finantzatzeko diru bilketa martxan jarri dute

Hossain Kaanache gurasoen jaioterrian da dagoeneko, Marokoko Brarha herrian.
Hossain Kaanache.

Hossain Kaanache. (Iñigo Gaiton)

Apirilaren 8an, hausnarketarako bidea ireki nahi duen erronka abiatu zuen Hossain Kaanache oriotarrak. Bizikletaz Orioko plazatik atera zen, bere gurasoek egin zuten bidaia aurkako noranzkoan egiteko. Ibilbidea bizikletan eta korrika egin ditu Kaanachek eta hamar egun behar izan ditu Iberiar Penintsula zeharkatu eta Marokoko Taza eskualdean dagoen Brarha herrixkara iristeko.

Bidaiarekin gizartearen zenbait balioen inguruan hausnarketa piztu nahi izan du Kaanachek, etorkizunean gizarte hobe bat baitu amets. “Munduan gertatzen ari diren injustizien inguruko kontzientzia pizteko ahaleginean, nire hondar alea jarri nahi dut, inguru hurbilean eragiten saiatu nahi dut”, azaldu zuen bidairen aurretik Kaanachek. Herritarrek bizitzaz, gizartean dauden desberdintasunez, injustiziez eta mundu globalizatuaz hausnartzeko tartea hartu behar dutela uste du. Horretarako abiatu zuen proiektua, hain zuzen ere.

Diru bilketa solidarioa

Azken astetan Hossain Kaanachek egin duen bidaia 5560 laranja azal proiektuaren hasiera besterik ez da izan. Bidaian zehar bizitako esperientzietatik abiatuta dokumentala osatu nahi du kirolari eta hezitzaileak orain. Ekimena garatzeko herritarren laguntza ezinbestekoa izango da, eta crowdfunding solidarioa, hau da, diru bilketa solidarioa jarri du martxan horretarako. Kukumiku atarian beren ekarpentxoa egin dezakete herritarrek, bost eurotik hasita. Interesa dutenek bertan aurkituko dituzte proiektuaren aurrekontu zehaztua, proiektuaren inguruko azalpena eta ekimena aurkezten duen ikus entzunekoa.

 

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend