Parisko azken erasoa gertutik bizi izan du Iraitz Otaño azkoitiarrak

Oporretan dabil Parisen, "Garaipen Arkura sartzekotan ginela harrapatu gintuen"
Parisen tiroketa

Parisen tiroketa izan zen ostegun iluntzean. (Iraitz Otaño)

Iraitz Otaño azkoitiarra oporretan dabil Parisen egunotan, eta atzo, osteguna, iluntzean polizien aurka gertatutako erasoa gertutik bizi izan zuen. Momentuan bizitakoa zuzenean kontatu zuen Twitterreko bere kontutik: “Tiroketa Parisen, gugandik gertu, kaleak moztuta poliziak eta militarrek hartuta. Oilo ipurdia”. “Jendea kaletik ateratzen ari dira, polizia asko eta oldarkor. Helikopteroak bueltaka”. Igandera arte Parisen egongo da oporretan, eta handik kontatu dio HITZAri bizitakoa.

Eliseoko Zelaietan gertatu zen erasoa, beren autoaren inguruan zeuden polizia batzuen aurka tiroka hasi zen erasotzailea. Atzo iluntzean izan zen, 21:00ak aldera. Polizia bat berehala hil zen eta beste bi lagun zauritu zituzten. Ustez poliziei tiroka hasi zen pertsona, berriz, lekuan berean hil zuten. Estatu Islamikoak bere gain hartu du poliziaren hilketa. Frantziako presidentetzarako hauteskundeen kanpaina amaieran gertatu da.

Gertaera hori gertutik bizitzeak “urduritasuna” eragin ziola kontatu du Otañok, baina dagoeneko lasaitu eta oporretan jarraitzen du; igandean itzuliko dira Azkoitira. Gertaerak Garaipen Arkuko sarreran harrapatu zuen azkoitiarra: “Metroa hartu genuen Garaipen Arkua ikustera joateko, ailegatu, eta metrotik irten genuenean helikopteroak ikusi genituen, eta polizia asko. Bertan pakete susmagarriren bat ote zegoen kontatu ziguten. Gu, ordea, sarrerak hartzeko ilaran jarri ginen. Justu gure aurrekoak sarrerak hartu zituenean, tiroketa bat gertatu zela eta, dena desalojatzen hasi ziren”.

Garaipen Arkua

Parisko Garaipen Arkua atzo iluntzean. (Iraitz Otaño)

Orduan, hotelera joatea erabaki zuen azkoitiarrak, baina tiroketa bere ostaturako bidean gertatu zela ohartu zen. “Kosta ala kosta gure hotelera joan nahi genuen, eta mugitzen hasi ginen, baina alde guztietan polizia zegoen. Halako batean, polizia etorri eta linternekin aurpegira argia egiten hasi zitzaigun, eta frantsesez eskuak altxatzeko esaten ziguten, baina guk gehiegirik ere ez genien ulertzen. Handik alde egiteko esaten ziguten, oihuka eta zakar”.  “Notre Dameren inguruko hotel batean gaude, eta kalean hara nola iritsi gintezkeen galdezka hasi ginen. Jendeak atentatu bat gertatu zela ez al genekien esaten zigun”. Hiru ordu behar izan zituzten hotelera iristeko.

Guztia “urduri” bizi izan zutela kontatu dio Otañok HITZAri, baina behin hotelera iritsi zirenean, afaldu eta lasaitu egin zirela. “Geneuzkan planak pixka bat izorratu zitzaizkigun, baina, beno…”. Gaur Parisko kaleetan poliziaren presentzia nabarmenagoa dela azaldu du azkoitiarrak: “Parisera etorri ginenean, kalean poliziak eta militarrak ikusten ziren, baina gaur gehiago daudela iruditu zait”.

 

 

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend