Aizkora eta korrika uztartuz, marka saiakera egingo du ‘Arria V.’-ak etzi

Joxe Aierberen 2 ordu, 9 minutu eta 39 segundoko marka ontzen saiatuko da errezildarra. 20 kana erdiko enbor ebaki eta 20 kilometro lasterka egingo ditu Azpeitiko zezen plazan, 11:30ean hasita.
Xabier Orbegozo 'Arria V'.a zezen plazaren atarian. (Ainitze Agirrezabala)

Xabier Orbegozo ‘Arria V’.a zezen plazaren atarian. (Ainitze Agirrezabala)

Historiako aizkolari handienetakoa izan den Urrestillako Jose Aranburu Keixeta izan zen aitzindaria 20 kana erdiko enbor ebaki eta 20 kilometro lasterka batzen dituen proba egiten. 1920an egin zuen saiakera Urrestillan, eta lan haiek hasi eta bukatzeko, 3 ordu eta 20 minutu behar izan zituen gizonak. Gerora, Joan Kruz Azpiroz Arruitzko Txikitoa ausartu zen eginkizun horiek egitera, eta korrikalari nafarrak 2 ordu eta 35 minutuko denbora egin zuen. Markarik onena, ordea, oraingoz, Joxe Aierbek du. Ataundarrak 2 ordu, 9 minutu eta 39 segundo behar izan zituen orain dela 41 urte zereginak errematatzeko. Aierbek 1976an Gasteizen egindako marka ontzea izango du erronka Xabier Orbegozo Arria V.ak igandean, zezen plazan, 11:30ean.

Egurra eta eguraldia

Etziko marka ahaleginerako “fisikoki oso ondo” dagoela eta “guztia prest” dutela adierazi du Orbegozok. Marka baterako egurra aurkitzea “lantegi handia” dela dio. “Aita arduratzen da horretaz, eta, egia esan, misterioa da. Bost metroko tartean hazitako bi zuhaitz probatu eta bata izan daiteke ona eta bestea ikaragarri txarra. Naturaren kontua izango da. Aita eta ama bereko seme-alabak ere desberdin askoak izan ohi dira”. Errezildarrak dio aizkorarako “onena kalabaza koloreko egurra” dela, “samur-samurra” delako. Materiala Nafarroatik eta Frantziatik ekarri dutela jakinarazi du. “Herenegun, Tourmalet puntan geunden egurra aukeratzen”.

Halako erronketan garrantzi handia duen beste kontua eguraldia da. “Tenperatura egokiena 16 graduren bueltakoa da. Euri langarra egitea ere ez da txarra, freskagarri bezala. Pazko asteko larunbatean zezen plazan entrenatu nuen, eta 29 gradu markatu zuen termometroak. Bero horiekin kirolariaren errendimendua dezente jaisten da”. Eguraldi iragarpenaren arabera, Orbegozok eskatutako giroa izango da igandean.

“Bakarrik, lan hobea”

Aierberen denbora ontzen saiatuko den bigarren aldia du Orbegozok. Izan ere, iazko azaroaren 20an lan bera egin zuen Tolosako zezen plazan, Julen Kañamaresen eta Arkaitz Jauregiren kontra. Desafio hura galdu egin zuen Arria V.ak: 2 ordu, 12 minutu eta 54 segundo behar izan zituen, bikoteak baino 21 segundo gehiago, alegia. “Marka ontzera erbiekin joan nintzela entzun behar izan nuen, baina, nire ustez, lagundu baino kalte gehiago egin zidan bikotearen kontra aritzeak. Izan ere, arerioak norbera baino azkarrago badoaz korrika, alferrik da”. Zentzu horretan, desafio hartan egindako lanarekin “zapore gazia” geratu zitzaiola dio. “Errezeloa dut ez genuela asmatu taktikarekin, eta bakarrik lan hobea egin dezakedala uste dut”. Gaineratu du plazan halako lanak egiteko “psikologikoki oso ondo prestatuta” egon beharra dagoela: “Aierbek denbora beldurgarri ona egin zuen, baina marka hura hautsi dezakedala uste dut; hori bai, gauza guztiek borobil atera beharko dute”.

Bi kirolak uztartu behar

Azpeitiko zezen plazan duela hilabete eta erdi hasi zen probak egiten Orbegozo, baina plazarekin ez dela “gehiegi abusatu behar” dio. “Plazak asko izorratzen du pertsona; beti angeluan zoaz, alderdi batera tiraka, eta eskubiko hankak metro gehiago egin behar ditu ezkerrekoak baino. Kilometroko hamabost segundoko aldea dago plazan ibili edo kaminoan ibili”. Aizkora eta korrika horren kirol desberdinak izanik, batean eta bestean aritzeko ezaugarri fisikoak ere “zeharo diferenteak” dira kirolariaren esanetan: “Korrikarako gerritik gora estua behar duzu izan; aizkorarako, berriz, justu kontrakoa. Ni pisu handikoa naiz, eta hori oztopoa da korrika egiteko. 88 kilo pisatzen ditut, aizkoran aritzeko gutxitxo aukeran, baina bi kirolak uztartzeko tarteko zera batean ibili beharra dago”.

Halako marka saiakera egiteko, “inguruan laguntzaile talde handia beharrezkoa” da. Anoetako Excavaciones Peru enpresak babestuko du Orbegozoren ahalegina. Hitzarmenaren arabera, babesleak 3.000 euro emango dizkio saiakeragatik, eta beste hainbeste lanak 2 ordu eta 10 minutu azpitik egiten baditu. Sarrera 25 euro ordaindu beharko da, eta Arria V.a korrika ari den bitartean, Goenatxo III.ak eta Aimar Irigoienek harrijasotze erakustaldia eskainiko dute.

Aierberen marka ontzeko “ilusioa” betidanik izan duela adierazi du errezildarrak, baina 20 kana erdiko ebaki eta 20 kilometro lasterka uztartzen dituen proba egingo duen azken aldia izango du igandekoa. “Historia egiteko asmoz”, hortzak estutu eta duen guztia ematera aterako da Xabier Orbegozo Arria V.a Azpeitiko zezen plazara.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend