Musbika Ensemblek itxiko du larunbatean Azkoitiko Udaberriko Musikaldia

Musbika Ensemble euskal musikari profesionalez osatutako taldea da. 18:30ean izango da kontzertua, eta, 18:00etan, autobusa abiatuko da Consum-Eroski aurretik.
musbika

Musbika Ensemble taldea.

2016aren amaieran sortu zen Musbika Ensemble taldea ganbera musika zabaltzeko asmoz, eta larunbat honetan Azkoitiko Santa Kutz komentuan entzun ahal izango da. Kontzertua 18:30ean hasiko da, eta, ordu erdi lehenago, 18:00etan, Consum-Eroski aurreko geltokitik autobusa irtengo da Santa Kutzera joateko.

Musbika Ensemble euskal musikari profesionalez osatutako taldea da. Nazioarteko auditorio eta musika jaialdietan ari dira zuzenekoak ematen, besteak beste, Capella de Ministrers, Belsize Baroque, Granadako Orkestra Barrokoa, Kuraia Ensemble eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren mailako talde eta orkestrekin.

Errepertorioari dagokionez, XVIII.mendeko euskal eta europar musikagileen musika hartu dute erreferentziatzat, betiere euskal kulturarekin lotura bilatuz. Larunbatean, Jean Baptiste Lulluren Xerxes, Jose de Baquedanoren Sonata a 3 en fa mayor eta Jean-Philippe Rameauren La Princesse de Navarre eskainiko dituzte.

Musbika Ensembleren emanaldiarekin itxiko da 26. Udaberriko Musikaldia. Artxipielagoa ikuskizunarekin abiatu zen aurtengo edizioa, eta ordutik Orfeoi Txikiak, Cor Infantil del Orfeo Catala abesbatzak eta Bay Trio taldeak hartu dute parte.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend