“Gizarte politiketan eragiteko gobernatzen ari gara, gure lehentasuna pertsonak direlako”

Zarauzko PSE-EEk udalaren bi urteko jardunaren balorazioa egin du.
Pablo Garcia, Gloria Vazquez eta Patxi Elola.

Pablo Garcia, Gloria Vazquez eta Patxi Elola.

Gloria Vazquez bozeramaleak nabarmendu du udala osatu zenetik “gogor lanean” aritu direla “Zarautz martxan jartzeko”. “PSE-EEk gobernatzeko bokazioa du eta, aurreko agintaldietan egin dugun moduan, gizarte politiketan eragiteko gobernatzen ari gara Zarautzen, Gipuzkoan eta Euskadin. Gure lehentasuna pertsonak direlako”, adierazi du.

Udal Gobernua osatzeko EAJrekin akordio batera heldu zirela gogoratu du, eta Agintaldiko Planean jaso zutela akordio hori. “Akordio horrek bat egiten du gure ildo nagusiekin: Salberdingo etxebizitzak, Errotaberriren garapena, garapen sozioekonomikoa, gizarte politikak eta ingurumenekoak, hain zuzen ere”.

Agintaldiaren erdira helduta, EAJ eta PSE-EEren arteko akordioa “oso positiboa” dela adierazi du, eta hori “kalean igarri” dela. “Zarauztarren bizi kalitatea hobetzeko lanean ari gara. Herritarrek ikusi dituzte emaitzak eta ildo beretik lanean jarraitzera animatu gaituzte”.

Hainbat proiektu

PSE-EEk hainbat alor kudeatzen ditu: Parekidetasun saila, Gizarte Zerbitzuak, Garapenerako Kooperazioa, Agenda 21 eta Ingurumena. Berdintasunari dagokionez, Parekidetasun Ordenantza aho batez onartu dutela gogoratu du Vazquezek, eta emakumeen zein gizonezkoen berdintasuna bultzatzeko “tresna garrantzitsua” dela aitortu du. Horrekin batera, gogoratu du indarkeria matxistaren kontrako protokoloa berrabiarazi dutela; hezkidetza foroaren barruan, martxoaren 8an giza katea egin zutela herriko ikasleekin; azaroaren 25ean indarkeria matxistaren kontrako jardunaldiak antolatu zituztela eta Emakume Etxea sortzeko pausoak eman dituztela.

Gizarte Zerbitzuen alorrean, berriz, etxe kaleratzeen kontrako protokoloa onartu dute, eta diru laguntza lerro berriak sortu, horien artean bat pobrezia energetikoari aurre egiteko. “Baztertze arriskuan dauden  pertsonen duintasunaren alde lanean ari gara. Zentzu horretan, Neguetxeko ordutegia zabaldu dugu, eta horien integrazioa bultzatzeko bideak bilatzen lagundu diegu”. Gaineratu du Caritas, Elikagaien Bankuarekin eta elkartasun baratzeko boluntarioekin ere aritu direla elkarlanean, helburu berarekin.

Kooperazioari dagokionez, Vazquezek nabarmendu du gobernuz kanpoko elkarteekin elkarlana berreskuratu dutela haien lana indartzeko, eta garapen bidean dauden herrialdeetan dituzten proiektuak diruz lagundu dituztela. “Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Euskal Funtsarekin eta Hotz Zarautz bezalako elkarteekin lanean ari gara, eta baita CEAR errefuxiatuei laguntzeko Espainiako batzordearekin ere, udalerrian errefuxiatuen harrera benetan eraginkorra izan dadin”.

Ingurumenarekin eta Agenda 21arekin lotuta, Eraztun Berde Urdina garatzen ari direla dio PSE-EEko bozeramaleak, “gure inguru naturala babestu eta aldaketa klimatikoa geldiarazten laguntzeko”. Bestalde, Zingira basoa erosi dute artelatza zaindu zein zabaltzeko, eta Mutxioko sarbidea konpondu, aldundiarekin elkarlanean. “Tejeriako bidea ere txukundu nahi dugu, eraztuna gorpuzteko eta haltzadia berreskuratzeko”, jakinarazi du. Horrekin batera, gaineratu du Ingurumen sailaren helburu nagusia Irita eta Astiko hezeguneak babestea dela.

Bide beretik

Udal taldeak aldaketak izan ditu bi urte hauetan: “Pablo Garcia Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza arloko zuzendari izendatu dutenez, Patxi Elola itzuli egin da haren lekua hartzeko. Modu honetan, Zarautz eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lotura indartu dugu, proiektu estrategikoak aurrera eramate aldera”. Zentzu horretan, jakinarazi du Garcia arduratuko dela jaurlaritzatik Aldapetako proiektua eta Salberdingo gazteentzako etxebizitzak bultzatzeaz. “Bere konpromiso pertsonala da alokairu soziala bultzatzea”.

Bestalde, Iñaki Arriolak zuzentzen duen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailaren barruan, Errotaberri sustatu eta Iñurritza erreka naturalizatzeko udalak URAKekin akordioa sinatu duela nabarmendu du. “Proiektu oso garrantzitsua da ingurumen ikuspuntutik. Aspalditik dator eta azkenean aurrera eramango dugu”.

“Datozen bi urtetan bide beretik lanean jarraituko dugu, orain arte bezala”, nabarmendu du. “Espero dugu agintaldi bukaerarako beste hainbeste gizarte eta ingurumen proiektu aurrera eramatea”.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend