Bizikleten eta txirrindularien zaindari digital berria

Lapurreten eta erorketen abisuak eskaintzen dituen gailu berria da Bai.k. Jordi Lorenzok asmatu du, eta orain dirua biltzen ari da prototipo industriala garatu eta produktua merkaturatu ahal izateko.
Bizikletazaleentzat zerbitzu berria asmatu du Jordi Lorenzok. (Gorka Zabaleta)

Bizikletazaleentzat zerbitzu berria asmatu du Jordi Lorenzok. (Gorka Zabaleta)

Zuzenbidea ikasi eta zenbait urtez Bruselan (Belgika) garraiolarien sektorearentzat lobby lanak egin zituen arren, proiektu berriak garatzea da Jordi Lorenzo Gorrotxategi (Ermua, 1971) benetan asetzen duena. Gaur egun Ermuako Udalarentzat egiten du lan, gazteen artean ekintzailetza bultzatzen. “Beti gustatu izan zait gauza berriak egitea, ikastea”, dio Lorenzok. Berezkoa duen jakinmin horrek bultzatuta sortu zen Bai.k (Bai Kirolak) proiektua, duela bi urte.

“Bizikletazalea naiz, eta duela bi urte erorikoa izan nuen Oikia aldean –Zumaian bizi da duela hamar bat urtetik–; ia konorterik gabe gelditu nintzen eta bakarrik nengoen. Orduan ikusi nuen horrelako larrialdi batean abisatzeko sistema bat behar zela”, azaldu du. Merkatuan ez zuen ezer aurkitu eta orduan erabaki zuen berak garatzea.

Heldulekua jartzen da Bai.k. (G.Z).

Heldulekua jartzen da Bai.k. (G.Z).

Dagoeneko lehen prototipoa egina dauka. Aparatu txiki bat da, pila bati lotuta, eta bizikletaren heldulekuaren barruan jartzen da, ezkutuan. Horrekin batera, mugikorretarako aplikazio bat dauka, elkarrekin komunikatzeko. Bi zerbitzu eskaintzen ditu. Alde batetik, lapurreten aurkako abisua: “Bizikleta lapurtzen badizute, sistemak telefonora deituko dizu eta esango dizu bizikleta mugitzen ari dela, eta konprobatzeko dena ondo dagoen. Gainera, GPSari esker, une oro jakingo duzu bizikleta non dagoen”. Bestetik, erorketen alerta sistema: “Bizikletatik erortzen bazara, sistemak deitu egingo dizu mugikorrera eta galdetuko dizu ea ondo zauden. Ez baduzu erantzuten edo ez baduzu bizikleta altxatzen, orduan aurrez zehaztutako beste pertsona bati deituko dio, istripua izan duzula abisatzeko. Eta lekuaren koordenatuak bidaliko dizkio”.

Dirua biltzen

Aplikaziotik aktibatzen da mo­du bata edo bestea, zer komeni den. “Dena den, ahaztu bazaizu lapurreta modua aktibatzea eta bizikleta lapurtzen badizute, aplikaziotik piztu daiteke gailua eta esango dizu bizikleta zehazki non dagoen”.

Lehen prototipoa egin duen arren, orain prototipo industriala garatu behar du gero ekoizten hasi ahal izateko. Eta urratsak inbertsio handia eskatzen du. “Proiektuaren lehen garapena egiteko jaurlaritzaren laguntza izan genuen, baina azken fase honetarako zailagoa da diru laguntzak lortzea. Crowdfunding kanpaina bat egitea pentsatu dut –Lanzanos.com plataforman–, bide batez, jakiteko jendeak interesa ote duen horrelako zerbitzu batean”. 40.000 euro behar ditu prototipo industriala garatzeko, eta beste 40.000 euro ekoizpenerako. Enpresako parte hartzeak eros daitezke.

Jadanik lan talde bat ari da osatzen Lorenzo bere inguruan, bere helburua produktua azaroan merkaturatzea baita. “Bi hilabeteko kanpaina daukagu dirua biltzeko, eta beste hilabete bat ekoizten hasteko”, dio baikor. Mugikorren BQ enpresaren babesa ere badu hainbat urrats arintzeko, eta ekoizpenerako ere haien sarea erabiltzea pentsatu du. “Nafarroan edo Valentzian ekoiztuko dugu gailua, baina guk enpresa bat sortu nahi dugu lan kualifikatuarekin, produktuaren garapenerako, eta hori hemen egin nahi dugu”.

Izan ere, dagoeneko badauzka hainbat idea gailuaren etorkizuneko bertsiorako. “Bi urte barru, sistema guztiak elkarrekin konektatuko ditugu. Imajinatu ezazu bizikleta irteera batean, taldeko bat atzean gelditu eta erori egin dela. Bere bizikletak abisua pasako die taldeko beste kideei. Egia esan, nahi duguna egin dezakegu. Bizikletaren burmuina izan daiteke Bai.k”.

Ez dago iruzkinik

Utzi iruzkin bat

*

*

Send this to friend