Sahara Gara elkartasun festa antolatu dute iganderako, Zarautzen

Egunean zehar Sahararren gunea ezarriko dute Dama inguruan, eta 22:30ean Vendetta taldeak kontzertua eskainiko du.
Sahara Gara elkartasun festaren aurkezpeneko irudi bat.

Sahara Gara elkartasun festaren aurkezpeneko irudi bat.

21 urte dira Zarautz Haguniarekin (Mendebaldeko Sahara) senidetu zela. Ordutik, Saharautz elkarteak lan andana egin du sahararren alde. “Sentsibilizazio lana egiten du, dirua eta materiala biltzen ditu eta han bertan hainbat proiektu ditu martxan”, zehaztu du Jesus Arana zinegotziak. Horrekin lotuta, 2013an Zarautz aitzindari izan zen Desioak Sutan ekimena martxan jartzen, “zarauztarrak eta bisitariek sahararrek bizi duten egoera barneratzeko helburuarekin”.

Euskal Funtsak abiatutako ekimen hori gerora hainbat herritara zabaldu zela gogoratu du Aranak, baina zenbaitetan bertan behera ere geratu izan dela, “bazuelako arrisku puntu bat”. Kooperazioko zinegotzi Patxi Elolak zehaztu du iaz Zarautzen “momentu larriak” bizi izan zirela. “Guretzat oso polita izan da azken urteetan Desioak Sutan ekitaldiarekin bizi izandakoa. Ekitaldi jendetsua zen, ikusgarria, oso parte hartzailea, baina urtetik urtera ikusi dugu arriskuak badituela”, gaineratu du Xabier Euzkitze Saharautzeko presienteak. “Penaz baldin bada ere, ulertzen eta onartzen dugu”.

“Ahaztu gabe zein zen haren helburua”, horren ordez beste ekimen bat egingo dute aurten, Saharautzen bitartez: Sahara Gara elkartasun festa, hain zuzen ere. Bihar izango da, eta besteak beste, Vendetta taldeak kontzertua eskainiko du, 22:30etik aurrera, Dama parean. Aurreko orduetan, goizez nahiz arratsaldez, postuak jarriko dituzte malekoian, sahararren problematika jendeari ikusarazteko. “Egoera oso larrian daude gaur egun. Herri bati buruz esan daitekeen gauzarik tristeenetako bat da esperantzarik eta baliabiderik gabeko herri bat dela. Oso gogorra da, baina hein handi batean hala da. Baliabiderik ez daukate beren lurrean daudenak erabat zapalduta daudelako, eta besteak, berriz, deserrian daudelako munduko basamorturik gogorrenetariko batean”.

Horregatik guztiagatik, Euzkitzeren ustez, “oso garrantzitsua” da sahararren errealitatea ezagutaraztea: “Saiatuko gara egun horren bitartez denok Sahara garela gogorarazten”. Sahararren gunean, txosna jarriko dute Saharautzekoek eta baita kutxatxoak ere, “norbaitek laguntzaren bat eman nahi izanez gero”. Halaber, haurrentzat jolasak ere izango dira bihar, malekoian.

Familia berrien beharra

Elolak gogoratu du, Euskal Funtsaren bitartez, Giza eskubideen bortxaketen aurrean, ikerketa eta eraginerako ahalmen garapena Mendebaldeko Saharan proiektua ari direla garatzen, 11.000 eurotik gorako aurrekontuarekin. 2012tik gaur egunera bitartean ere bestelako hainbat proiektu bideratu dituzte, Elolaren esanetan. “Horretarako, Zarauzko Udalak 108.000 euro baino gehiago eskaini ditu sahararren aldeko lana burutzeko”. 2016an ere 3.000 euroko laguntza eman zion erakundeak Euskal Karabanari.

Oporrak Bakean proiektua ere babesten du udalak; 2.550 euroko laguntza eman du erakundeak aurten. Euzkitzek dio “egitasmo eder horri” eutsi nahi diotela, baina aitortu du “asko ahulduta” dagoela: “Aurten hiru familia izan dira eta, gainera, azken urtekoak. Horrek esan nahi du ezinbestekoa dugula datorren urtera begira familia berriak aurkitzea”. Zentzu horretan, zarauztarrei dei egin die “euren mahaian bazkaltzen edota afaltzen ari diren bitartean parte bat minutu eskaini diezaiotela gaiari, hurrengo urtera begira, mahai horretan beste plater bat jartzeko, hainbesteko premia duen saharar bati euren etxean lekutxo bat eginez”.

 

 

 

Iruzkin bat

Utzi iruzkin bat

*

*

  • Sahara Gara elkartasun festa antolatu dute iganderako, Zarautzen | Ezkertoki Zarautz PSE-EE
    20 abuztua 2017 at 8:02 - Reply

    […] Iturria eta irudia: Zarauzko Hitza […]

  • Send this to friend