Zarauzko San Pelaioko tren geltokia berritzeko proiektuak aurkez daitezke

Besteak beste, trenbidearen kurbadura zuzendu, irisgarritasuna hobetu, azpiko pasabidea zabaldu eta geltokiko estaldura handituko dute.
San Pelaioko tren geltokia

San Pelaioko tren geltokia

Eusko Trenbide Sareak San Pelaioko tren geltokia berritzeko proiektua idazteko lizitazio iragarkia kaleratu zuen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aurreko asteartean, abuztuaren 29an. “ETS gaur egun Santa Klarako azpibidea egiten ari da eta aurrera begira ere Zarauzko trenbideak modernizatzen jarraitzea du helburu”, zehaztu du Xabier Txurruka alkateak. Adierazi du “hainbatetan” hitz egin duela ETSko ordezkariekin San Pelaioko geralekua berritzeko beharraz. “Zaharkituta geratu da, estalpe txiki bat dauka, alboratuta dauka txartelak ateratzeko makina, irisgarritasun arazoak ditu… Beharrak ikusita, beste maila bateko konponbide ezinbestekoa dela adierazi genien, eta orain heldu da erantzuna”.

Egitekoak diren lanen artean bi trenbidea zuzentzea eta azpibidea zabaltzea dira: “San Pelaioko geralekuan bihurgune baten ondoren aurkitzen da eta proiektu honekin trenbidea zuzentzea izango litzateke ETSren asmoa. Era berean, geltokiaren azpiko pasabidea zabaltzea aurreikusi du. Jende ugari pasatzen da pasabide horretatik gaur egun, oinez nahiz bizikletan, eta nahiko estu geratu da”.

Txurrukak gogoratu du urte gutxitan igo egin dela San Pelaioko geltokiko erabiltzaile kopurua. Hain zuzen ere, urtean 129.000 erabiltzaile izatetik gaur egun urteko 250.000 erabiltzailera pasatu da. “Kopurua garrantzitsua da eta, beraz, erantzuna egokitu egin behar da eskaeraren arabera”. Hala, geltokiko estaldura zabaltzeko asmoa dute eta baita irisgarritasuna hobetzekoa ere. Txurruka “oso pozik” azaldu da erantzunarekin. “Uste dut berri ona dela zarauztarrentzat”.

Irailaren 14ra arteko epea dute ingeniaritza eta arkitektura enpresek proiektu proposamenak egiteko. Alkateak aurreikusi du lehiaketako emaitza udazkenean jakinaraziko dutela, eta irabazleek lau hilabeteko epea izango dute proiektua idazteko. Ondoren egingo dute obren esleipena eta, Santa Klarako azpibideko obrak bukatu ahala hasiko dituzte San Pelaioko geltokia berritzeko lanak.

Etorkizuneko erronkak

Santa Klarako obrak “martxa onean” doazela nabarmendu du Txurrukak. Egun mikropiloteak sartzen ari dira, pasabide eutsiko duen hormako egiturak sartzen, hain zuzen ere. Azpiegitura sareak dagoeneko desbideratu dituzte eta helburua litzateke azarorako zuloa eginda egotea. Hala, obrak egiteko 18 hilabeteko epea “murriztu” egingo dela aurreikusi du alkateak.

“Etorkizunerako ere baditugu erronkak. Mahai gainean dago geltoki nagusia modernizatzeko proiektua eta baita horren azpitik pasabide bat egitekoa ere, Gaztainpe kalea zein Salberdin lotuko dituena”. Aitortu du ETSrekin dituen harremana “oso ona” dela, eta “harreman horren fruitua agerikoa” dela.

Iruzkin bat

Utzi iruzkin bat

*

*

  • Iosune
    14 iraila 2017 at 8:54 - Reply

    Eta zergaitik ez?, apeaderoa Ambulategi- Neguetxe inguruan, Azken portu alto,Vista alegre, hiruerreketa eta Getaria- meagas-elkano inguruko jendearentzat???

  • Send this to friend